Zinema dokumentala Ingurumen Hezkuntzako Lantaldearen jardueren programazioan izanen da berriz ere #LabMeCrazy! jaialdiko hautaketa baten bidez, zeina Iruñeko Udalaren laguntza duen Nafarroako Unibertsitateko Zientzietako Museoaren ekimena baita. Egungo begirada bat da ezagutza zientifikoari lau lanen bidez, eta ondoren, adituekin solasaldiak eginen dira. Zikloari hasiera emanen dio, asteartean, arratsaldeko zazpietan, Kondestablen, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen lanak: ‘Nire maisu olagarroa’. Proiekzioetara doan sartzen ahalko da Kondestable jauregiko eta Ingurumen Hezkuntza Museoko aretoen edukiera bete arte, bertan eginen baitira.
Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak lan egiten du herritarrei transmititzeko egunerokotasunean jasangarritasunaren aldeko apustua egin behar dela, ingurumenaren eta pertsonen osasuna mantentzeko beharrezko pausu gisa. Zentzu horretan, eta egungo ingurumen- eta klima-larrialdiaren aurrean, nahitaezkoa da sormen- eta kultura-zientifikoa bultzatzea ideia horiek ahalik eta jende gehienari helarazteko. Dokumentalen ziklo horrek eta #LabMeCrazy! Science Film Festival ekimenak, halaber, adierazten dute zientzia eta ingurumen-krisiaren konponbideak zenbateraino diren atseginak, posibleak eta hurbilekoak, herritarrak planetak zeharkatzen duen errealitateaz sentsibilizatzeko tresna garrantzitsu bihurtuz. Ezagutzaren transmisioaren jarduera horiek ‘Go Green Iruña’ udal-ekimenaren barnean sartzen dira, zeinak beharrezkoa den trantsizio ekologikorako neurri guztiak barne hartzen baititu.
My octopus teacher (Nire maisu olagarroa) filmak kontatzen duenez, Afrikako hegoaldeko puntako ozeano izoztuan egunero igeri egin ondoren, Craig Fosterrek ustekabeko maisu bat aurkitzen du: ohikoa ez den jakin-mina erakusten duen olagarro gazte bat. Planeta partekatzen dugun izakiei buruz lor daitekeen ulermena birdefinitzen duen filma da. Jatorrizko bertsioa azpitituluekin proiektatuko da, eta ondoren solasaldi bat eginen da, zeinetan Bievenido León ‘LabMeCrazy! Science’ jaialdiaren zuzendariak eta Miriam Henández Nafarroako Unibertsitateko Ingurumen Biologiako irakasleak parte hartuko baitute.
Gertuko zein nazioarteko istorioak ikus-entzunezko hizkuntzaren bitartez kontzientziatzeko
Zikloak jarraipena izanen du ostegunean, arratsaldeko zazpietan, Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Musueoaren instalazioetan, Arrotxapean. ‘Human nature’ (‘Giza izaera’) dokumentala ere jatorrizko bertsioan azpitituluekin proiektatuko da, zeinak kontatzen baitu nola "CRISPR" izeneko aurrerapen batek aurrekaririk gabeko kontrola eman duen bizitzaren oinarrizko osagaien gainean. Gaixotasunak sendatzeko, biosfera birmoldatzeko eta seme-alabak diseinatzeko atea irekitzen du. Ahalmen berri horrek gizakiak naturarekin duen harremana nola aldatuko duen edo gizakiaren eboluziorako zer esan nahiko duen mahaigaineratzen du lan horrek. Proiekzioaren ostean solasaldi bat eginen da adituekin.
‘Lurretik plazara!’ dokumentalak Lizarraldean nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa egiten duten bost ekoizleren bizimodua erakusten du, ekoizpen ekologiko batekin bizirauteko dituzten zailtasunak eta Plazara! bezalako merkatuekin produktuak merkaturatzeko dituzten aukerak. Agroekologia, zuzeneko salmenta, merkaturatze-kanal laburrak, jasangarritasuna, lurraldea zaintzea edo elikadura subiranotasuna dira partekatzen diren kontzeptuetako batzuk. Asteartean, hilak 16, arratsaldeko zazpietatik aurrera proiektatuko da, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan, eta ondoren solasaldia eginen da Olaia Santxez dokumentalaren zuzendariarekin eta Ester Montero ARREA Agroekologia-erakundeko kidearekin.
Azkenik, ostegunean, hilak 18, ‘The Serengeti rules’ dokumentala proiektatuko da, zeinak planetako bizitzaren bilakaeran inplikazio sakonak dituen istorioa kontatzen baitu. 1960tik aurrera zientzialari gazteen talde bat naturan sartu zen, haren funtzionamendua ezagutzeko jakin-min aseezin batek bultzatuta. Orain, beren karrera gailenen ilunabarrean, ekologiako heroi anonimo hauek beren istorioak partekatzen dituzte. Proiekzioa, jatorrizko bertsioan azpitituluekin, Ingurumen Hezkuntzako Museoan eginen da arratsaldeko zazpietan, eta ondoren mahai-inguru bat eginen da Bienvenido León jaialdiko zuzendariarekin eta biologian aditu batekin.