Iruñeko Udaleko hamar Haur Eskolek hasiera eman diote jada 2021-2022ko ikasturteari Ikasturte berria, nagusiki, hiru faktorek markatzen dute: eskolatze-tarifen doakotasuna, hezkuntza-eskaintzaren berregituraketa, ingelesezko jarduera gehiagorekin, bai gaztelaniazko ereduan bai euskarazkoan, eta COVID-19aren prebentziorako protokoloei eustea. Ikasturte honetan, halaber, eskainitako 873 plazak bete dira, aurreko urteko eskaeren bikoitza jaso ostean.
Enrique Maya Iruñeko Alkateak, Fernando Sesma Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotzi ordezkariak, Juan Ramón Rábade Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko zuzendari kudeatzaileak eta Ana Sesma Erakunde Autonomoko zuzendari teknikoak Mendillorri Haur Eskola bisitatu dute gaur goizean. Ikasturtearen irekiera-ekitaldi labur batean parte hartu dute eta ikasgela batzuk bisitatu dituzte kristalezko kanpoko paretetatik, COVID araudia betetzeko.
Iaz bezala, ikasturtearen hasierarako, bizikidetza-talde egonkorrak (burbuila-taldeak izenekoak) antolatzeaz gain, guneen eta materialen garbitasun-neurriak zorrotz betetzen jarraituko dira, eta zehazkiago, gune guztietan aireztatzea bultzatuko da airea berriztatzen dela bermatzeko. Haur Eskolek kontingentzia planak eguneratu dituzte udal-zentro bakoitzean, aurreko ikasturteko esperientzia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Osasun departamentuekin bat.
Hezkuntza-eskaintzaren doakotasuna eta berregituraketa
Udaleko Navarra Suma eta Sozialisten udal-taldeen artean egindako aurrekontu-hitzarmenak ahalbidetu du ikasturte hau doakoa izatea Udaleko hamar haur eskoletan. Doakotasunak eskolaratze-tasari eragiten dio, ez jantokia bezalako zerbitzuei, horiek ordaindu behar baitira. Iruñeak, hartara, apustua egin du Haur Hezkuntzako lehen zikloan unibertsaltasunerantz aurrerapausoak ematearen alde, betiere horretarako beharrezkoak izaki hala administrazioen arteko elkarlana nola arau-esparrua doitzea.
Hezkuntza-eskaintzaren berregituraketari dagokionez, ingelesezko jarduerak gehitzea sustatu da, hala gaztelaniazko eredua duten eskoletan nola euskarazko eredua dutenetan. Horrela, euskarazko modalitateko ikaspostuak gehitu dira, eskaintza osoaren % 25,7ra iritsi arte (euskarazko ereduko 194, gehi euskara eta ingelesezko 30, hau da, 873tatik 224), eta beste bi auzotara iritsi dira, Buztintxurira eta Milagrosara, lehendik zeuden Arrotxapea eta Txantreari gehitzen zaizkionak. Beste 355 ikaspostu (% 40,6) ingelesezko jarduerak dituzten gaztelania-ereduetakoak dira, eta 294 (% 33,7) gaztelania eredukoak.
Haur Eskolen Erakunde Autonomoak 1.197 eskaera jaso zituen ikasturte honetarako, aurreko urtekoen (605) bikoitza. Guztira, 2021 – 2022ko ikasturterako 873 toki eskaini dira Udaleko 10 haur eskoletan. Gogoan izan Mendebaldea HE itxita egonen dela ikasturte guztian zehar hainbat eraberritze-lan egiteko. 536 adingabek hasiko dute ikasturtea ikasle berri gisa, eta aurreko urteetako ikaspostuari eutsi dioten 237ei gehituko zaizkie. Beste 569 haur itxarote-zerrendan gelditu dira.
Eskola-baratzea Mendillorri HEn
Mendillorri Haur Eskolak, ikasturte honen hasiera ospatzeko aukeratutako zentroak, zehazki, eskola-baratze bat abiatuko du bertako patio pedagogikoan ikasleendako esperientzia pilotu gisa. Ekimen hori Udaleko Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorraren lankidetzarekin sortu da, eta beste balio bat gehiago emanen die 0 eta 3 urte bitarteko zikloaren hezkuntza-prozesuan eskolak egiten dituen jarduerei. Etorkizunean baratze mota horiek gainontzeko udal haur eskoletara hedatzea aurreikusten da.
Gainera, udan zehar, Mendillori HE zabalik egon da COworkinds udal programako kanpaldiak egiteko. Lehenengoz, Iruñeko Udalak hiri kanpaldiak eskaini zituen 3 eta 5 urte bitarteko haurrendako, eta uztailaren 19tik abuztuaren 9ra bitarte egin ziren goizez. Bertan haurrendako jolasak eta aisia-jarduerak egin zituzten haur eskolako instalazioak aprobetxaturik.