‘Paradisu ibiltari baten zaletasunak’ Iosu Zapata iruindarraren azken proposamena da. Ia ehun lan, marrazki, pintura, grabatu edo bideo, Mexikon, azteken herrialdean, egileak egindako ibilerak eta bidaiak eta herrialdeak harengan izandako eraginak deskribatzen dituztenak. Biografia eta praktika artistikoa nahasten dira hala Zapatak bizi duen uneari nola zeharkatzen ari den geografiari lotzen zaizkion sorkuntzetan.
Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak eta Iosu Zapata egileak aurkeztu dute erakusketa. Abenduaren 1etik (ostirala) urtarrilaren 28ra (igandea) bisitatzen ahalko da. Erakusketa osatzen duten ia ehun lanak Zapataren aldakortasun sortzailearen lekuko dira; bere garaiarekin konprometituta dagoen eta posizionatzeari uko egiten ez dion sortzailea da. Are gehiago, haren lanek ikusleak bere hausnarketen parte izatera gonbidatzen dituzte.
Erakusketa Mistoen eraikineko beheko solairuan barnako ibilbidea egituratzen duten hiru ardatz tematikoren inguruan artikulatzen da: zaletasunak, lorategiak eta izaera ibiltaria. Ziudadelako Mistoen eraikinean ikusgai dagoen guztia artistak erakusketa honetarako sortu du ex profeso, eta azken urteetan egindako ikerketa-lanaren fruitu da.
Iosu Zapata (Iruña, 1981) bizitza eta obra bereiztea nahiko zaila egiten den artista horietako bat da. Bere artea izaera askotarikoa da, hainbat teknika lantzen baititu, hala nola pintura, marrazketa eta grabatua, baina baita instalazioak eta ikus-entzunezkoak ere. Elkarrizketak ezartzen ditu profanoaren eta sakratuaren artean, indibidualaren eta kolektiboaren artean, erlijiosoaren eta herrikoiaren artean, adimen ludikoaren eta broma makabroaren artean, artistaren eta ikusleen artean... Hori guztia kitsch-etik haratago edo kitsch-aren ondoren doan estetika gorabeheratsu batez bustita.
Ziudadelako erakusketa aretoak asteartetik larunbatera daude zabalik, ordutegi zatituan, goizeko 11:30etik 13:30era eta arratsaldeko 18:00etatik 20:30era. Igande eta jaiegunetan goizez baino ez daude zabalik, 11:30etik 13:30era.