Ingurumen Hezkuntzako Museoak dirurik gabeko truke-azoka txikian parte hartzeko aukera eskainiko du berriro aste honetan. Ekimen horrek erostearen alternatiba diren berrerabilpen moduak proposatzen ditu lehengaiak eta energia aurrezten dituen eredu jasangarriago baten alde. Azoka ostiralera arte egonen da zabalik, 10:00etatik 13:00etara goizez eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldez, eta sarrera librea izanen da. Ostiralean goizez soilik egonen da zabalik.
Azoka txikian askotariko produktuak aurkitzen ahal dira, hala nola jantziak, zapatak, pitxiak, liburuak, apaingarriak eta jostailuak. Interesdunek egoera onean dauden, dagoeneko erabiltzen ez dituzten eta beste norbaitendako baliagarriak izan litezkeen objektuak ekartzen ahal dituzte. Astean sei objektu trukatzen ahalko dira gehienez ere, betiere antzeko balioa duten gauzen truke.
Trukea errazteko Ingurumen Hezkuntzako Lantaldeak gainbegiratuko du azoka txikia eta era orekatuan eta ordenatuan egiten dela bermatuko du. Gaur egun, azoka txikia hiru hilean behin egiten da, udazkenean bat, beste bat neguan eta beste bat udaberrian. Jarduera horrek hamar urte beteko ditu aurten objektu-truke ugari eta jasangarritasunaren sustapena ahalbidetzen. Noizean behin, jostailuen azoka txikiak ere antolatzen dira.
Ingurumen Hezkuntzako Zerbitzua, 2016an sortua, Iruñeko Udalaren Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko Alorreko zerbitzua da. Bere helburuen artean ditu baliabide naturalen garrantzia hedatzea eta jasangarritasunean oinarritutako gizarte-eredu bat eraikitzen laguntzea. Isurketak murriztearen, energia-eraginkortasuna hobetzearen eta kontsumo jasangarria sustatzearen alde egiten duen ‘Go Green’ 2023ko Energia Trantsizio eta Klima-aldaketarako Estrategiaren barruan dago.
DIRURIK GABEKO TRUKE-AZOKA TXIKIA
Ingurumen Hezkuntzako Museoa (Errotazar k. z.g.)
- Ekainaren 16ra bitarte (ostirala)
- Ordutegia: goizez, 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Ostiralen goizez soilik egonen da zabalik