Diana Iniesta artistak ‘Zaurgarria’ aurkeztu du Ziudadelan, Bronxetik Baztanera doan ibilbide pertsonala

Diana Iniesta artistak ‘Zaurgarria’ aurkeztu du Ziudadelan, Bronxetik Baztanera doan ibilbide pertsonala
Erakusketa 45 olio-pinturek osatzen dute eta Bolborategian ikusgai egonen da azaroaren 15era arte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

Diana Iniestaren ‘Zaurgarria’ erakusketa hartuko du Ziudadelako Bolborategiak, eta bertan, gaikako bost sailetan, irudikatuta daude hala artistaren bizipenak New Yorken nola Baztani buruz duen pertzepzio pertsonala, Erratzuko lantegitik jasoa. Guztira 45 olio-pintura dira, eta horietan biltzen dira erretratua eta figura, bodegoia zein paisaia, azaroaren 15a arte ikusgai.
‘Zaurgarria’-k gaikako bost sail ditu ardatz, eta horien artean nabarmentzen da lau multifiguraren konposizio bat: ‘Beldurrari buruz: Stree Life 2020’. Bertan, Iniestak New Yorken oharkabean egin zituen argazki batzuk ditu abiapuntu, non ikus baitaitezke metroan bidaide zituenen jarrerak, egunero Bronxetik Mid Town-en zegoen eskolara egiten zuen bidaian.

Martxoan, bidaiatik bueltan, olio-pinturarekin interpretatu zituen une horietako batzuk. Bestalde, ‘Emoziorik gabe, figuraziorik ez’ sailak ‘The Art Students League’-en naturaletik pintatutako erretratu eta figuren sorta bat jasotzen du, New Yorkeko ‘Phyllis Harriman Mason Gallery’-n erakusgai paratu zituenak 2017 eta 2020 bitarte. 

Baina nazioarteko gaietan geratu ez eta Diana Iniestak Baztango paisaien edertasuna ere islatu du ‘Zaurgarria’ erakusketan. ‘Etxeari eta bihotzari buruz’ eta ‘Insomnia’ sailekin, bere lurretan geratu da, pertsonen eguneroko bizitzen sinbolikotasuna iradokitzeko. Azkeneko saila, ‘Loreei eta sagarrei buruz’ izenekoa, konfinamenduan sortu zuen Erratzuko bere lantegian, eta bertan artistak bodegoi atmosferikoak aurkezten ditu, oso abstraituak, beti naturaletik pintatuak eta eragin flamenko handikoak.

Diana Iniesta

Artistak baieztatzen badu ere betidanik pintatu eta idatzi izan duela, pintura-ikasketa arautuak ez zituen 27 urte bete arte hasi, hasiera batean Sabadellen, Joseo-ren eskutik, eta gero Bartzelonan, David Izquierdorekin. Hurrengo etapan, Baztanen, Iniestak pinturari heldu zion erabat, eta horrela hasi zen harremanetan Bidasoako eskolarekin eta, bereziki, José María Apezetxearekin. Gero, 2012tik aurrera hasi zituen Diana Iniestak aldian behin egin dituen Manhattanerako bidaiak, erretratuan espezializatzeko ‘The Art Students League’-en, eta horrela pasa zen errealismo sozialean oinarritutako artisten komunitate baten parte izatera.

Hogei erakusketa kolektibo baino gehiago egin ditu, eta beste horrenbeste bakarka, Espainian, Frantzian eta Estatu Batuetan, eta zenbait lehiaketatan hautatua izan da, besteak beste Díaz Caneja eta Villa Du Contenia lehiaketak. Iniestaren obra zenbait herrialdetako bilduma pribatu zein publikoetan dago, tartean Nafarroako Gobernuarenean eta Baztango Udalarenean. Horretaz gain, Diana Iniestak artista gazte errebelazioaren saria jaso zuen Frantzian.

Prestatzaile lanetan, Iniestak pintura-eskolak eskaintzen ditu bere lantegian, eta ‘Arte-oporrak Baztanen’ proiektuaren barruan, lau eguneko ikastaro trinkoak antolatzen ditu, aire zabalean, baita astebeteko egonaldiak ere bere estudioa eta egoitza beste artista batzuekin partekatzeko.