Desgaitasuna duten bost pertsona dagoeneko San Pedroko etxebizitza berrietan bizi dira, energia-efizientzia, domotika eta gizarteratzea uztartzen dituen proiektu berritzaile baten barruan

Desgaitasuna duten bost pertsona dagoeneko San Pedroko etxebizitza berrietan bizi dira, energia-efizientzia, domotika eta gizarteratzea uztartzen dituen proiektu berritzaile baten barruan
Udalak, oraingoz, hitzarmenak sinatu ditu ASPACErekin, Down Sindromearen Elkartearekin eta ANASAPSekin, gehienez ere 12 etxebizitzetan bizi ahal izateko
pisos san pedro

 

Desgaitasuna duten bost pertsona eta boluntario bat erabiltzen ari dira dagoeneko San Pedro etxe-multzoko bost etxebizitza domotiko eta energetikoki eraginkor. Etxebizitzak oPENLab proiektuari esker birgaitu dira eta 24 lagunendako edukiera dute. Iruñeko Udalak proiektu berritzaile bat jarri du martxan, desgaitasunaren arloko gizarte entitateekin batera, pertsona horiek bizilekua edukitzeko berariazko arazoei irtenbidea bat aurkitze aldera. Hala, San Pedroko udal-etxebizitzen lehenengo blokea desgaitasuna dutenendako izanen da eta interesa duten CERMINeko entitateek kudeatuko dute.

Iruñeko Udala desgaitasunaren esparruko hainbat entitaterekin hiru urteko iraupeneko lagapen-hitzarmenak sinatzen ari da. Oraingoz, ASPACErekin, Down Sindromearen Elkartearekin eta ANASAPSekin sinatu ditu. Halaber, eraikin horietan Etxabakoitzeko Auzo Unitateak baliabide horretara bideratutako desgaitasuna duen pertsona bat ere bizi da. Prozesua amaitzen denean hamabi etxebizitza izanen dira, gehienez ere, eta gizarte-berrikuntzako proiektu honek desgaitasun bat dutenen beharrizanei eta haiekiko traturako jardunbide egokiei buruzko ikerketa babesten du.

Proiektuak honako hauek biltzen ditu: energia-efizientziari buruzko berrikuntza, berrikuntza teknologikoa –etxebizitzen domotikaren bidez– eta desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea. oPENLaben bidez beka jaso duen ikasle batek eraikinaren kudeaketa energetikoa kontrolatuko du, eta aldi berean, domotikak aukera emanen du neurtzeko bertan bizi direnen behar partikularretara zer neurritan laguntzen ahal duen etxebizitzak hobeto egokitzeak. Aurrerago, gizarte eta ingeniaritzako arloetako NUPeko ikasleek egoiliarrak izaten ahal dira, eta beren ezagutzak eraikinaren errealitate fisikoan eta giza-errealitatean aplikatu. 

Joxe Abaurrea San Juan Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak, Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta María Luz Sanz Escudero CERMINeko lehendakariak aurkeztu dute desgaitasunaren esparruko gizarte entitateek eskatutako ekimen berritzaile hau. Iruñeko Udalak esperientzia baloratuko du, etorkizunean programa beste udal-etxebizitza batzuetara zabaltzea aztertzeko, gainera, desgaitasuna dutenendako arrazoizko prezioko etxebizitza eskuratzeko eskaera handia dagoela jakinda.

Hautaketa eta lagun-egite soziala gizarte entitateek berek eginen dute
Gizarte erakundeek konpromisoa hartzen dute, besteak beste, beren erabiltzaileen artean San Pedro etxe-multzoko etxebizitzak eskuratzeko aukera dutenen azterketa egiteko, pertsona horiek hautatzeko (desberdinak eta elkarren segidakoak izaten ahal dira, beste bizileku-baliabide batzuk aurkitu ahala) eta udal etxebizitzetan bizi diren bitartean jarraipena egiteko. Entitateek ordainduko dute alokairu-soziala (343 euro), dagokion erantzukizun zibileko asegurua sinatu eta halaber, lagun-egite soziala emanen dute. 

Iruñeko Udala, etxebizitzaren titularra den aldetik, etxebizitzaren altzariez eta oinarrizko instalazioez, gastu komunez, etxe-aseguruaz eta mantentze-gastuez arduratuko da hitzarmenak irauten duen hiru urteetan. Gainera, proiektua Etxebizitza Eskuragarriaren Udal Planaren barruan dago, aukera ematen baitie –alokairuko BOEen prezioan– ostatu hartzeko gizarte-erakunde laguntzaileen arabera, era independentean bizitzeko etxebizitzak edo bizitegi-baliabideak eskuratzeko oztopoak aurkitzen dituzten horiei. Esperientzia pilotua da, eta gainera, desgaitasuna dutenen eskubideak bultzatzen ditu. 

Hala ere, proiektuaren jatorria oPENLab Europako programan dago. Programa horrek eraikinen birgaitze-prozesuak eta, teknologia berriak erabilita energia-efizientzia handitzea batera egitea du xede. Domotika eta desgaitasuna dutenak egoiliar gisa sartzeak Iruñea ‘zuzeneko’ gune esperimental bihurtzen du; kasu honetan, ezaugarri oso desberdinetako behar espezifikoak dituzten pertsonen elkarbizitzak etxebizitzen eraginkortasuna hobetzen ahal duela erakusten du, eta ikaskuntza eta esperimentazio sozialerako ingurune bat sortu, teknologiaren, erosotasunaren eta ongizatearen, birgaitzearen, irisgarritasunaren eta autonomia pertsonalaren arteko interakzioak aztertzeko.

Gizarte- eta ingurumen-esperientzia
Hiria Europako oPENLab proiektuaren esparruan egituratuta dagoen lan-diseinu batean sartuta dago, eta ekimena horren parte da. Iruñeak Belgikako eta Estoniako beste bi hirirekin batera parte hartzen du zuzenean esperimentatzeko espazio moduko batean (Living Lab), eskalagarriak eta erreplikagarriak diren irtenbideak aurkitzeko, betiere irtenbideak baliozkotzat jotzeko orduan erabiltzaileen ikuspegia kontuan hartuta.

Esperimentazioak, kasu honetan, bi esparru ditu, bata soziala eta bestea ingurumenekoa. Etxebizitza horiek, ‘Energia Positiboko Auzoa’ izatea xede duen auzo batean daude. Hala, San Pedroko etxeen inguratzailea errendimendu handiko isolamendu termikoz hobetu da, metagailua duen aerotermiarekin eta zoru erradiatzailearekin batera. Domotika aurreratua erabilita argiztatzea, berogailua eta aireztapena kudeatzen dira, presentzia, tenperatura, hezetasuna eta CO2-a kontrolatzen duten sentsoreen bidez, erosotasun termikoa eta energia-kontsumo minimoa bermatuta. 

Gainera, oPEN Lab proiektuan hasitako jarduera ildoetako bat da San Pedro Taldeko etxebizitzetan ezarritako energia positiboko teknologia aurreratuen eta sistema domotikoen funtzionamendua monitorizatzea eta ebaluatzea. Jarduera ildo hori bideratzeko, egoiliarrek eta haien jatorrizko elkarteek modu aktiboan parte hartu behar dute Udalak domotikaren erabilerari buruz ematen dituen prestakuntzetan, bai eta etxebizitzako teknologiaren funtzionamenduari buruzko feedbacka eman ere.

Hiri mailan, ‘Arrotxapea Energia Positiboko Auzoa’ proiektuko etxebizitza horiek bat datoz Iruñeko Hiri Agendaren eta Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030erako Estrategiaren helburuekin. 

¿Te ha sido útil esta página?