
Trizikloz egiteko ibilaldi terapeutikoak Iruñeko Udalaren proposamena da, adinekoek edo desgaitasuna dutenek egunerokotasunetik atera eta hiria beste modu batean ezagutu dezaten. Aurten hamar bat zentrok egin dute bat egitasmoarekin, eta horri esker, 130 lagunek baino gehiagok Iruñean barnako ibilaldi paregabeez gozatzeko aukera izan dute.
Irailaren 15etik urriaren 3ra arte (ostirala), Udalak 76 ibilaldi antolatu ditu, Iruñeko Bizikletaz Adinik Ez elkarteko 25 boluntarioren elkarlanari esker, boluntario horiek arduratu baitira trizikloak gidatzeaz. Parte hartzen duten hamar zentroetatik lau adinekoen egoitzak dira eta beste bost, desgaitasuna dutenei arreta emateko zentroak. Zehazki, hauek hartu dute parte: DomusVi, Amavir Argaray, Amavir Oblatas eta El Vergel adinekoen egoitzek eta San José, Valle del Roncal Desgaitasunaren Arreta Osorako Zentroa, Las Hayas Desgaitasunaren Arreta Osorako Zentroa, Anfas eta Aspace zentroek. Gainera, Mendillorri BHIk ere bat egin du aurtengo edizioarekin: ikastetxean hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleendako Arga ibaiaren ibaiertzetan barna ibilaldiak egitea eskatu du.
Ordu erdiko ibilaldiak dira, gutxi gorabehera, eta parte-hartzaileek aukera paregabea dute mugitu, paseatu eta hiriko berdeguneez gozatzeko, hala nola Taconeran, Ziudadelan eta Argaren pasealekuan. Halaber, erdigunean barna ibili dira, Gazteluko plazan, Sarasate pasealekuan eta Zaldi Zurian, besteak beste. Hain zuzen ere, erabiltzaileekin adostu ohi da ibilbidea, une berezia baita haiendako. Hala, esaterako, parte-hartzaileetako batek Txantrean barnako ibilaldia egitea eskatu zuen; izan ere, bertan bizi izan zen, eta aspaldian ez zen auzora joaten haren egoera fisikoaren ondorioz.
Egitasmoaren leloa ‘Aurpegian haizea sentitzeko eskubidea’ da, eta egunerokotasunetik ihes egitea du helburu, erabiltzaileak egoitzetan edo zentroetan baino ez baitira egoten haien baldintza fisikoak direla eta. Kasuistika askotarikoa da, erabiltzaileen baldintza fisikoen araberakoa. Baina proposamenari beti begi onez egiten diote harrera. Parte-hartzaileen emozioa agerikoa da, batzuen kasuan kanpoan egiten duten ibilaldi bakarra baita.
Lau urtez jarraian
Hain zuzen ere, sentimendu horrek hauspotzen ditu boluntarioak egitasmoarekin aurrera egin dezaten: laugarren aldiz jarraian antolatu da dagoeneko, Mugikortasunaren Astearen testuinguruan. Trukean ezer eskatu gabe, boluntarioen interesari eta denborari esker, adinekoek eta desgaitasuna dutenek esperientzia paregabe batez gozatzeko aukera dute maiz.
Udalak eta Biciclistas de Corella elkarteak 2018an sinatu zuten lehendabiziko lankidetza-hitzarmena, Iruñera trizikloak ekarri eta adinekoendako ibilaldiak antolatzeko. Izan ere, Corella ‘Bizikleta adin guztiendako’ nazioarteko mugimenduan parte hartzen zuen Estatuko laugarren hirian bihurtu zen urte horretako abenduan; hauek dira aurretik parte hartu zuten hiru hiriak: Bartzelona, Donostia eta Zaragoza. ‘Bizikleta adin guztiendako’ mugimendua Danimarkan sortu zen 2012an, batez ere adinekoen mugikortasuna sustatu eta haien herri eta hirietako egunerokotasunean gizarteratzeko.
Iruñeko Udalak bere gain hartu du triziklo-gidari boluntarioen prestakuntza. Biciclistas de Corella elkarteak eman du prestakuntza, eta ibilaldiak egin ahal izateko Udalak elkarte horri alokatu dizkio trizikloak. Iruñeko ‘Bizikleta adin guztiendako’ mugimenduak triziklo propio bat izatea da helburua, horrek ahalbidetuko baitu egitasmoa urteko beste sasoi batzuetan antolatzea, eta ez soilik Mugikortasunaren Astearen ekitaldien barruan.