De Diego Brothers-en jazzak irekiko ditu ostegunean musikaz eta antzerkiz beteriko lau egun Ziudadelan

De Diego Brothers-en jazzak irekiko ditu ostegunean musikaz eta antzerkiz beteriko lau egun Ziudadelan
Voces Riberas, Diana Navarro, Espainiako poparen urrezko aroko kantarik arrakastatsuenak eta bi antzezlan izanen dira astebururako programazioan
Irudia
Irudia
Irudia

‘Ostegunetan, jazza’ zikloa berriz datorkigu ostegunean, 20:00etatik aurrera, Ziudadelako eszenatokira, De Diego Brothers taldearekin. Aste honen amaierarako programatutako sei hitzorduetako lehena izanen da, eta ostiral eta larunbatean ‘Gauak Ziudadelan’ izanen dugu berriz, Diana Navarrorekin eta ‘La edad de oro del Pop Español’ ekimeneko taldekideekin. Iganderako bi antzezlan programatu dira, eta ‘Voces navarras’ jotarien emanaldia.

De Diego Brothers Juan eta Víctor de Diego anaiak buru dituen laukotea da, Bartzelonan sortua 1993an. Errepertorioaren oinarrian jatorrizko konposizioak eta beste artista batzuenak dituzte: Lee Morgan, Joe Henderson, Herbie Hancock, etab. Taldearen musika-estiloa 60ko hamarkadan du jatorri, garai hartan swinga erritmo afrokubatarrekin, funkyarekin eta bogalooarekin nahastu baitzen. Ziudadelako eszenatokira iritsi baino lehenago, talde honetako kideak nazioarteko zenbait jazz-jaialditan parte hartu dute. Oraingo honetan hitzordua 20:00etan izanen da, eta sarrera doan, leku guztiak bete arte.

Kontzertu hau, eta aurtengo udan Ziudadelan antolatu diren gainerako guztiak ere, kononabirusaren pandemia dela-eta ezarritako segurtasun eta higiene neurri guztiak bermatuta antolatu da. Hori horrela, eseri arte maskara jarrita eraman beharko da, eta segurtasun-tartea gorde uneoro. Horretaz gain, gel hidroalkoholikoa egonen da bertan, publikoak erabil dezan.

Antzerkia eta jotak iganderako

‘Folklore hutsa’ zikloak Voces Riberas taldea ekarriko du igandean Ziudadelara. Hitzordua eguerdiko 12:30ean izanen da, eta sarrera doan leku guztiak bete arte, iritsitako hurrenkeraren arabera. Barrutiko ateak emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.

Igande arratsaldean, aurtengo udan ohikoa izaten ari den bezala, antzerkiaren ordua iritsiko da, eta saio bikoitza izanen dugu. Arratsaldeko 20:00etan ‘Rincones y recovecos show’ antzeztuko da. Bertan artista nafarren hamar emanaldi baino gehiago izanen dira, eta musika, dantza, antzerki, umore eta magiarekin gozaraziko diote familiarteko publikoari.

Gauean, 22:00etatik aitzina, ‘Bojiganga’ lanak itxiko du asteburua. Bertan Espainiako urrezko mendeko klasikoetara itzultzeko proposamena egiten da, orduko eta gaur egungo ikusleen artean zubi bat eraikitzeko asmoz. Antzezpenaren garapenean bi garai tartekatzen dira, bi errealitate eta bi hizkuntza, bertaratuak harritu eta inor epel ez uzteko helburuarekin. Bi obra horietarako sarrera doan da, leku guztiak bete arte. Ziudadelako espazioaren ateak emanaldiak hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.

Diana Navarro eta Espainiako poparen poparen kantu arrakastatsuak entzuteko sarrerak badira

‘Gauak Ziudadelan’ zikloak La edad de oro del Pop Español taldea ekarriko du ostiralean Ziudadelako eszenatokira, zeinak iragan mende amaierako Espainiako kantu arrakastatsuak interpretatuko baititu. Ibilbide profesional luzeko lau ahotsek osatzen dute taldea, tartean ‘Amistades peligrosas’ taldeko abeslari maskulinoa zena, Alberto Comesaña. Gero, larunbatean, Diana Navarro bakarlariaren txanda iritsiko da, eta bertan ‘Inesperado’ bere lan berria aurkeztuko digu. Bi kontzertuetarako sarrerak gelditzen dira oraindik eta iruñakulturada.es-en eros daitezke.

 

Ziudadela eszenatokia, uztailaren 23tik 26ra bitarte programatutako ikuskizunak

  • Uztailak 23, osteguna. 20:00
    De Diego Brothers
    OSTEGUNETAN, JAZZ
  • Uztailak 24, ostirala. 21:30
    La edad de oro del Pop Español
    GAUAK ZIUDADELAN
  • Uztailak 25, larunbata. 21:30
    Diana Navarro
    GAUAK ZIUDADELAN
  • Uztailak 26, igandea. 12:30
    Voces Riberas
    FOLKLORE HUTSA
  • Uztailak 26, igandea. 20:00
    Rincones y Recovecos Show
    TXOKORIK TXOKO. ANTZERKIA
  • Uztailak 26, igandea. 22:00
    Bojiganga
    TXOKORIK TXOKO. ANTZERKIA

 

¿Te ha sido útil esta página?