Urtarrilaren 30ean, ostegunarekin, bigarren auzo-eztabaidagunea eginen dute San Jorge IPn. Bizilagunek parte hartzeko batzarren bederatzigarren erronda izanen da: beti bezala, 18:30ean hasiko da bilera, eta 90 minutu inguruko iraupena izanen du. Borja Izaguirre Larrañaga auzoko zinegotzia izanen da eztabaidagunearen burua, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi bereziak lagunduta. Sanduzelain, lehen aldiz, aldi berean eginen dira bilera eta 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako eztabaidagunea (toki eta ordu berean). Haurrendako eztabaidagunean ateratako ondorioak auzo-eztabaidagunearen amaieran aurkeztuko dituzte, auzoari eragiten dioten erabakietan haien ikuspegia aintzat hartzeko.
Eztabaidagune nagusia zuzenean ikusten ahalko da Participa Pamplona Youtubeko kanalean. Auzo-eztabaidaguneetan entzumen urritasuna dutenendako irisgarritasuna bermatzen da: horretarako, keinu hizkuntzen interpretea, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa erabiltzen dituzte. Hala, entzumen urritasuna dutenek ere aukera izanen dute eztabaidagunera joan eta modu aktiboan parte hartzeko. Entzumen-irisgarritasuna Eunate eta Asorna elkarteek bermatzen dute.
Auzoaren egoera, herritarren eskaerak eta aurtengo udal-proiektuak aztertzeaz gain, udal-teknikariek hiri mailako proiektu batzuk aurkeztuko dituzte: Plaza On (Iruñeko boluntarioen sarea), Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa eta Gaztediaren Etxea. Auzoko proiektu komunitarioak ere aurkeztuko dira bilkuran: Talde Feminista (berdintasun-proiektuak), Komuna Baratza (baratze komunitarioa) eta Auzo Kontseilua (hiriko lehen Auzo Kontseilurako prozesua azaltzeko).
Gaur arratsaldean, 18:00etan, herritarrek saltsa dantzatzeko eta dantzatzen ikasteko aukera izanen dute O parkean, Salseando San Jorge taldearen eskutik. Jarduera ludikoak sustatzea da helburua, topaketa informalak egin eta iritziak trukatzeko. Gainera, datorren ostiralera arte, Sanduzelaiko Civivoxera joaten direnek Iruña Markari buruzko erakusketa ikusteko aukera izanen dute. Halaber, aurtengo udal-ekimenei buruzko erakusketa bat ere ikusi ahal izanen dute.
Kalean bertan
Eztabaidaguneen fase berri honetarako aurreikusita zegoen moduan, atzo ibilaldi bat egin zuten auzoan barna, Borja Izaguirre auzoko zinegotziak gidatuta. Hauek ere parte hartu zuten ibilaldian: udal-teknikariek, San Jorge IPko zuzendaritza-taldeak eta Sanduzelaiko Erraldoien konpartsako kide batzuek.
Ibilaldia hasteko, ikastetxeko patioa diseinatzeko prozesua eta hura birnaturalizatzeko esku-hartzea azaldu zituzten. Honetan datza esku-hartze hori: patioa berrantolatu dute eta berdegune berriak sortu dituzte, besteak beste klima-aldaketari aurre egiteko biodibertsitate-uharteak. Ondoren, Sanduzelai kalean barna ibili ziren, gune horretako ibilerraztasuna hobetzeko neurri posibleak aztertzeko, eta segurtasuna eta oinezkoen ibilbideak hobetzeko lanekin bat egiteko, Udala horretan lanean ari baita. Azkenik, auzoko erraldoien eta buruhandien lokalean izan ziren, eta haiei buruzko proiektuak aurkeztu zituzten bertan.