Datorren astetik aurrera Sanduzelaiko kale hauek asfaltatuko dira: Salva eta Landa Doktoreen kaleak eta Sanduzelai kalea –Sanduzelaiko etorbidetik Santa Bizenta Maria kaleraino–

Datorren astetik aurrera Sanduzelaiko kale hauek asfaltatuko dira: Salva eta Landa Doktoreen kaleak eta Sanduzelai kalea –Sanduzelaiko etorbidetik Santa Bizenta Maria kaleraino–
Iruñeko Udalak 147.253,55 euro inbertituko ditu, eta abenduaren 9tik 18ra eginen dira lanak
asfaltado

 

Iruñeko Udalak Sanduzelaiko hiru kale asfaltatuko ditu datozen bi asteetan. Abenduaren 9tik (asteartea) aitzina, kale hauetan eginen dira lanak: Landa Doktorearen kalean; Salva Doktorearen kalean, Sanduzelai eta Labayen Doktorearen kaleen artean; eta Sanduzelai kalean, Sanduzelaiko etorbidearen eta Santa Bizenta Maria kalearen arteko tartean. Aurreikuspenen arabera, abenduaren 18ra arte (osteguna) iraunen dute lanek, baina zirkulazioa ahalik eta lasterren jarriko da abian berriz, baldin eta eguraldiak horretarako aukera ematen badu.

Batez ere bide-zoruan eginen dira lanak: guztiz aldatuko da, egun higatuta edo guztiz apurtuta baitago. Hain zuzen, aglomeratu-geruza eta gehien narriatutako eremuak fresatu eta berriz asfaltatuko dira. Ondoren, seinale horizontalak jartzeko lanak eginen dira. Aurreikuspenen arabera, hiru egun beharko dira kaleak konpondu eta asfaltatzeko, eta beste bost seinale horizontalak margotu eta jartzeko. Tokiko Gobernu Batzarrak 147.253,55 euroko gastua onetsi du lan horiek guztiak gauzatzeko. 

Asfaltos de Biurrun SA enpresari adjudikatu zaio zolatze- eta asfaltatze-lanak egiteko kontratua, zeina lotuta baitago Iruñeko Udalaren gune publikoetan birgaitze-lanak egiteko esparru-akordioarekin. Trafikoa obren eremuarekiko mugakide diren kale hauetatik desbideratzea gomendatzen da: besteak beste, Alexander Fleming Doktorearen kaletik, Nafarroa etorbidetik eta Sanduzelaiko etorbidetik. Eremu horretako ibilgailuek modu egokian zirkulatu dezaten, lanek iraun bitartean, Anselmo Goñi Doktorearen kalearen noranzkoa aldatuko da.

Izan ere, lanak eginen diren hiru kaleetan pitzadura nahikotxo daude, baita arrakalaz betetako guneak, egoera txarrean dauden zuloak eta huts egiten duten zangak ere, eta hori arriskutsua da errepideko zirkulaziorako, batik bat bi gurpileko ibilgailuentzat. Hainbat arrazoi daude zoladuraren kontserbazio-egoera txarra izateko, hala nola bide-zoruaren higadura, eguraldia eta mantentze-lan bateraturik ez egitea. 

¿Te ha sido útil esta página?