Datorren astelehenean zabalduko dute Gaztediaren Etxeak 2025eko bigarren hiruhilekorako antolatu dituen ikastaroetan eta doako informatika-lantegietan izena emateko epea. 34 ikastaro eta 15 lantegi antolatu dituzte, eta 946 lagunendako tokia dago guztira: 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduak dira, eta izena emateko baldintza da Iruñean erroldatuta egotea edo ikastegia Iruñean izatea. Hilaren 10etik aurrera (astelehena), baldintza horiek betetzen ez dituztenek eta 31-35 urte bitarteko gazteek aukera izanen dute bete gabe geratzen diren tokietan izena emateko.
Izena eman ahal izateko, nortasun agiri nazionala aurkeztu behar da Gaztediaren Etxean (Zangoza kalea 30). Hona hemen ordutegia: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 21:00etara; larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, eta igandeetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Martxoaren 31 arte ematen ahal da izena. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 948 233 512 telefonora edo jo Iruña Gaztea webgunera.
Jarduerak arratsaldez eginen dira astelehenetik ostiralera, eta goizez larunbatetan izanez gero. Ikastaroen prezioa 11,05 eurotik 45,60 eurora bitartekoa da, ordukopuruaren arabera eta adinaren arabera. 14 eta 17 urte bitarteko gazteek prezio berezia dute.
Bost arloren bueltan ondu dute udaberriko programazioa: Kirol-jarduerak, Dantza eta adierazpena, Estetika eta ongizatea, Kulturarekin eta garapen pertsonal eta profesionalarekin lotutako ikastaroak, eta Doako informatik- lantegiak. Hala, jarduera fisikoa eta aisialdia sustatu nahi dituzte, funtsezkoak baitira norberaren ongizatea lortu eta gazteak prestatzeko, egunerokoan baliagarriak izanen zaizkien gaitasunak gara ditzaten.
Hainbat dantza mota ikasteko aukera izanen dute gazteek: sabel-dantza (hasierako maila), afrodance, latindar dantzak I eta II, hip-hopa, voguea, dancehalla, K-popa, commercial dancea, eta dantza garaikidea eta modernoa. Hainbat kirol-jarduera ere izanen dira aukeran: GAP, zumba fitness, hipopresibo+core, box fitness, TonoPump, entrenamendu funtzionala eta cross traininga (hasierako maila).
Halaber, badaude beste aukera batzuk ere: Moda diseinua: eraldatu, ebaki eta josi; Yoga; Argazkilaritza hasiberriendako; Antzerkia; Makillajea eta Estetika; Ikatz-ziriarekin egindako marrazkia; Sormenezko sukaldaritza erraza; Zura zizelkatzea; Udaberriko sendabelarren ikastaroa; Akuarelako ilustrazio-lantegia hasiberrientzat; Airean lehortzeko zeramika lantegia, eta Pilates. Zeramika-lantegia eta Pilates gaztelaniaz eta euskaraz izanen dira.
Informatika eta norberaren ongizatea
Doako informatika-lantegiak ere ezin aipatu gabe utzi. Hauek dira lantegi nagusiak: ‘Hobetu zure prompt-ak: menderatu AA modu eraginkorrean’, jarraibide zehatzak idazten ikasteko eta adimen artifizialari ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko; ‘Clave sistema eta ziurtagiriak online tramitatzea’, clave digitala nola eskuratu eta ziurtagiriak nola erabili ikasteko, kudeaketa ofizialak etxetik egin ahal izateko; eta azkenik, ‘Nola konpondu ordenagailu eramangarri bat aurretik ezagutzarik izan gabe’.
Horiez gain, psikologiako eta norberaren ongizatea lantzeko doako lantegiak ere antolatu ditu Gaztediaren Etxeak. Hauek eskainiko dituzte datorren udaberrian: ‘Eman balioa zeure buruari: gatazken kudeaketa’ lantegia euskaraz izanen da, eta hiru saio eginen dituzte, apirilean; ‘FOBO eta FOMO: antsietatearen kudeaketarako estrategiak’ lantegia, berriz, maiatzean izanen da, eta lau saio eginen dituzte, eta azkenik, lanerako gaitasunak garatzeko lantegia ere badute aukeran: ekainean izanen da, eta lau saio eginen dituzte.