
Familia eta lana bateragarri egiteko xedez, Iruñeko Udalak hiri-kanpaldiak antolatu ditu Aste Santuko oporraldian, 6 eta 12 urte bitarteko haurrei aisialdirako beste aukera bat eskaintze aldera. Guztira 120 toki eskaintzen dira, eta jarduerak Arantzadiko kirolgunean eginen dira, apirilaren 7tik 10era bitarte. Interesa dutenek martxoaren 3tik 5era bitarte ematen ahalko dute izena, 010 (948420100) herritarren arretarako telefonora deituta. Plazak izen-ematearen hurrenkerarekin bat esleituko dira, leku guztiak bete arte.
Jarduera 2014tik 2019ra bitarte jaiotakoei dago zuzenduta, betiere Iruñean erroldaturik baldin badaude. Izena eman eta gero, adinen eta hizkuntzaren araberako taldeak antolatuko dira, euskarazko eta gaztelaniazko taldeak eskainiko baitira. 09:00etatik 15:00etara bitarte, lankidetza-jolasetan, ginkanetan eta beste jarduera batzuetan parte hartuko dute. Gainera, Arantzadiko ingurunera aterako dira, jarduera fisikoa, bizikidetza eta aire zabalean gozatzeko aukera bateratzeko. Kanpaldietan, halaber, hamaiketakoa emanen zaie haurrei.
Eskaintzen diren 120 tokietatik 40 euskaraz izanen dira, eta 80, gaztelaniaz. Hizkuntza bakoitzean, tokien erdia 6 eta 8 urte bitarteko haurrendako izanen da, eta beste erdia, 9 eta 12 urte bitartekoendako. Tokien % 20 gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesuetan dauden haur eta nerabeendako izanen dira: Haurtzaroko eta Familiako Lantaldeen, Haur eta Nerabeendako Udal Arretako Lantaldeen eta Emakumeendako Arreta Zerbitzuaren laguntza jasotzen dute. Erreserbatu eta betetzen ez diren tokiak txanda orokorrean eskainiko dira.
Iruñean erroldatutakoek lehentasuna dute
Iruñean erroldatutako adingabeek kanpaldietan lehentasuna dute. Hirian erroldatuta ez daudenei dagokienez, soilik toki libreak baldin badaude hartzen ahalko dute parte. 20 euroko kostua dute kanpaldiek, baina deskontuak eskainiko dira bi anai-arrebak baino gehiagok izena ematen badute. Izena ematean ordainduko da tokia, banku-txartelaren bidez.
Izena ematen duenak hiru adingaberen izena ematen ahalko du, gehienez ere. Datu hauek jakinarazi beharko dira: izen-abizenak, jaioteguna, hautatutako hizkuntza eta alergiei eta behar bereziei buruzko informazioa.
ASTE SANTUKO HIRI-KANPALDIAK
Datak: apirilak 7, 8, 9 eta 10
Tokia: Arantzadiko kirolgunea
Lekuak: 120, 40 euskaraz eta 80 gaztelaniaz.
Adina: 2014tik 2019ra bitarte jaiotako haur eta nerabeak
Izen-emateak: 010 (948420100) telefonoaren bidez, martxoaren 3an, 4an eta 5ean, deien hurrenkeraren arabera
Prezioa: 20 euro