Datorren astean, ‘Zinema-gauak’ zikloaren azken proiekzioak: dragoi eta panden animaziozko bi filma, ‘Mission impossible’ (Ezinezko misioa) film klasikoa eta ‘Los aitas’ (Aitak) komedia

Datorren astean, ‘Zinema-gauak’ zikloaren azken proiekzioak: dragoi eta panden animaziozko bi filma, ‘Mission impossible’ (Ezinezko misioa) film klasikoa eta ‘Los aitas’ (Aitak) komedia
Filmak 22:00etatik aurrera ikusten ahalko dira, astelehenetik ostegunera, Alde Zaharreko, Txantreako, Iturramako eta Arrosadiko plazetan

Zinema-gauak zikloa Iruñeko Udalak antolatzen du, Civivox sarearen bidez, eta datorren astean, hainbat auzotan, azken lau filmak proiektatu eta zikloari amaiera emanen zaio. Animaziozko bi film ikusteko aukera izanen da, bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz: dragoiak eta pandak izanen dira protagonistak filmetako bakoitzean. Hori gutxi balitz, ekintzazko film klasiko bat eta Espainiako komedia bat ere proiektatuko dira. Filmak aire zabalean proiektatuko dira, 22:00etatik aurrera.

Zinema-gauak zikloaren aste zinematografikoa astelehenean hasiko da: animaziozko Dragoi-jagolea filma proiektatuko da euskaraz, San Frantzisko plazan. Txina inperialeko mendietan dagoen urrutiko gotorleku batean, neskatxa batek ihes egiten laguntzen dio azken dragoiari, eta herensugearekin bat egiten du altxorrik preziatuena berreskuratzeko misio zirraragarrian: azti maltzur batek dragoi-arrautza lapurtu du, eta haren botere magikoa ustiatu nahi du hilezkor izateko.

Asteartean ere, animazioa izanen da protagonista Txantreako Salestarren patioan: Misión panda en África (Panda misioa Afrikan) film daniarra proiektatuko da. Ping-ek, jakin-minez eta ausardiaz beteriko panda gazteak, abenturez beteriko bidaia hasiko du Jielong izeneko dragoi lagun minaren bila, hura bahitu eta Afrikara eraman baitute. Pingek ozeano arriskutsuak zeharkatzen ditu bidaian, eta mirariz eta erronkez beteriko kontinentera iristen da. Han, guztiz ezezaguna zaion mundu bat ezagutzen du: hipopotamo izugarriei, hiena susmagarriei eta gorila jakintsuei egin beharko die aurre Jielong erreskatatzen eta oihanaren kontrola hartu nahi duen lehoi gaizto baten planak zapuzten saiatzen den bitartean.

Iturramako bulebarra zazpigarren arteko klasiko baten agertoki izanen da berriz asteazkenean. Jurassic Park (Parke Jurasikoa) filmeko dinosauroek bidea emanen diote Mission Impossible (Ezinezko misioa) filmeko ekintza eta espioitzari. Saga iaz amaitu zen, arrakastaz beteriko hiru hamarkadaren ondoren, eta asteazkenean sagaren lehen filma proiektatuko da. Brian de Palmak zuzendu zuen 1996an, eta telesail baten egokitzapena zen. Tom Cruisek Ethan Hunt izeneko superespioi baten rola egiten du: misiorik arriskutsuenak gauzatzeko gai da, eraginkortasun handienarekin eta dotoreziaz, eta talde oso fidagarri batek laguntzen du. Lehenengo filmean, hil edo biziko informazio sekretua duen disko lapurtua sal dezaten saihestu behar du.

Azkenik, ostegunean, Zinema-gauak zikloari amaiera emateko, Los aitas (Aitak) filma proiektatuko da Arrosadiko Alfredo Floristán plazan. Borja Labeagaren komedia bat da, 80ko hamarkada amaierako Bilbon girotua, eta, besteak beste, Quim Gutiérrez eta Juan Diego Botto aktoreak aritzen dira. Gimnastika erritmikoko haur-talde batek Alemaniako nazioarteko txapelketan lehiatzeko aukera du. Amek alabak laguntzeko ezintasunaren aurrean, aitek eginen dute zeregin hori, nahiz eta ez diruditen oso interesaturik ez bidaian, ez gimnastikan, ezta alabetan ere.

 

ZINEMA GAUAK 2026. 22:00 

ALDE ZAHARRA

  • San Frantzisko plaza

    • Abuztuak 24, astelehena: Dragoi-jagolea (euskaraz)

TXANTREA

  • Salestarren patioa

    • Abuztuak 25, asteartea: Misión panda en África (Panda misioa Afrikan)

ITURRAMA

  • Iturramako bulebarra

    • Abuztuak 26, asteazkena: Mission impossible (Ezinezko misioa)

ARROSADIA

  • Alfredo Floristán plaza

    • Abuztuak 27, osteguna: Los aitas (Aitak)

 

¿Te ha sido útil esta página?