Datorren astean jarriko dira abian Iruñeko Udalak hiri osoan zehar jarriko dituen ibilgailu elektrikoendako 33 kargagune berrietatik 5. Une berean, hasiko dira ibilgailu elektrikoak kargatzeko 28 leku berri jartzeko lanak, maiatzean erabiltzen ahalko direnak, eta Udalak lagatutako espazio publikoetan jarriko dira. 28 lekuak 12 kargagune berritan egonen dira, eta datorren asteko 5ak beste 4 lekutan kokatuko dira.
Datorren uda baino lehen 33 kargagune berri martxan jartzea aurreikusten duen estrategiaren lehen urratsa da hori, eta horiei esker orain arte hiriburuan zeuden sei puntuak ia seikoiztuko dira, Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak azaldu duen moduan. Ekintza hori ‘Go Green Iruña’ programaren barruan kokatzen da, zeinak barne hartzen baititu klima-aldaketaren kontrako ekimen guztiak.
Horrela, Iruñeak azpiegitura horren garapenean aurrerapauso handia emanen du, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko erabilera publikoko zerbitzu onenak dituen Espainiako hirietako bat izanen da. Egun Iruñean Udalarenak diren 6 gune daude, hiru kargagune bikoitzetan banatuta, San Ignazio, Ezkirotz eta Arcadio María Larraona kaleetan (Ermitagañako merkatuaren ondoan).
Bi leku mota: karga azkarrekoak eta erdiazkarrekoak
Datorren astean abian jarriko diren hiru kargaguneek hiriari ibilgailu elektrikoendako karga azkarreko leku berri bat eta karga erdiazkarreko lau leku berri emanen dizkiote. Lehenengo motak, 50 kilowatt-era arteko kargarako, korronte zuzenean, hargune bakarra dauka, eta ibilgailu bat ordu bat baino gutxiagoan kargatzeko aukera ematen du. Karga erdiazkarreko lekuek, 22 kilowatt-era arteko kargarako, korronte alternoan, bi ibilgailu aldi berean kargatzeko aukera ematen dute, kasu horretan 2 Motako hargune bikoitza baitute.
Autobus-geltokiko taxi-geralekuan kokatuko dira (Yanguas y Miranda kalean), Sanduzelaiko Civivoxaren ondoan (Gortari Doktorearen kalean) eta Buztintxuri ikastetxe publikoaren ondoan (Víctor Eusa kalean). Gune horiek ondoko eraikinek elikatuko dituzte, horietatik bik dagoeneko energia fotovoltaikoa sortzeko instalazioak dituzte, eta hirugarrenean, Civivoxean, nola gehitu aztertzen ari dira.
Kokalekuak puntu estrategikoetan
Lanak hasiko diren 28 gune berriak hiri osoan zehar banatutako hamabi puntutan edo kargagunetan kokatuko dira. Karga azkarreko sei leku berri eta karga erdiazkarreko 22 leku berri izanen dira.
Kargagune berriak hiriko bide-korapilorik garrantzitsuekiko gertutasuna kontuan hartuta aukeratu dira, Iruñean zehar ibiltzen diren zein iragaitzaz dauden ibilgailu elektrikoei zerbitzua emateko xedez. Kargagune erdiazkarrak biztanle dentsitate handia duten bizitegi-eremuetan kokatuko dira eta establezimendu- edo jarduera-dentsitate handiko eremuetan, beraz, zerbitzua emanen diete auzotarren edo horra aisia-tokietara, erosketetara edo lanera doazen pertsonen ibilgailu elektrikoei.
Irudi grafiko ezaguterraza duten guneak
Kargagune bakoitza osatuko dute kargatzeko zutoinak berak, espaloian edo aparkatzeko tokietatik gertu dauden espazioetan egonen dena, eta kargatzeko zutoin bakoitzeko baterian aparkatzeko tokiek, zeinetan karga azkarra eginen duten ibilgailuek aparkatuko baitute. Leku horiek behar bezala seinaleztatuko dira, bertikalean zein horizontalean, argi eta garbi identifikatu daitezen. Zutoinak, Nafarroan Ingeteamek (Sarrigurengo Berrikuntza Hirian egoitza duen enpresa teknologiakoak) egin eta ematen dituenak, Iruñeko Udalaren irudi korporatiboak eta haren “Go Green Iruña” markak identifikatuko dituzte.
Gune horien kokalekuak desberdinak izanen dira, ezartzen diren eremuen beharren arabera. Adibidez, Renfe tren-geltokiaren parean dagoen kokalekuan, karga erdiazkarra egiteko zutoin bat (2 hargune) eta karga azkarreko beste bat eta horiei dagozkien 4 aparkatzeko tokiak egonen dira, Ospitaleetatik gertu (Premín de Iruña pasealekuan) eta Donibanen (La Olivako Monasterioaren kalean) daudenak bezala. Era berean, Zabalguneko (Galizia etorbidea) eta Arrotxapeko (Arga ibaia kalea) kokalekuak bikoitzak izanen dira ere, baina karga erdiazkarreko bi zutoin eta horiei dagozkien aparkatzeko tokiak izanen dituzte.
Udalak ezarritako gehieneko prezioak irisgarritasuna bermatzeko
Udalak zerbitzu hori eskaintzeko gehieneko prezioak ezarri ditu ibilgailu elektrikoen jabe guztiendako tarifa sustagarriak eta eskuragarriak bermatzeko. Tarifak 20 eta 44 zentimo kilowatt orduko bitartekoak izanen dira, kontsumitzailearen profilaren arabera, eta kopuru horiek apur bat murriztuko dira karga gauez egiten bada. Gutxieneko karga bi euro eta erdi eta hiru euro artekoa izanen da. Sisteman alta ematea nahiz kargen kontratazioa eta ordainketa enpresa emakidadunak –Pamplona EVCharge– erabiltzaileen eskura jarriko duen aplikazio baten bidez egin ahal izanen dira. App horri esker kargaguneen okupazioa kontsultatzen ahalko da, kargatzeko erreserbak aurrez egin, intzidentzien berri eman, eta 24 orduko arreta zerbitzua izanen du.
Vilalta Corporación SA enpresa, emakidaren esleipendun gisa, kargatzeko zutoinak instalatzeaz arduratuko da, eta zerbitzuaren ustiapenaz lehen zortzi urtetan. Enpresak bere gain hartuko ditu sistema abian jartzeko beharrezkoak diren gastu eta inbertsio guztiak, baita ondorengo kudeaketa- eta mantentze-lanak ere, eta Iruñeko Udalari urteko kanona ordainduko dio gune publikoa erabiltzearen truke. Kanona urtean erabiltzaileek zerbitzu horietan ordaintzen duten zenbatekoaren araberakoa izanen da. Emakida amaitzean kargaguneak Udalaren eskuetara itzuliko dira.
Beste pauso bat mugikortasun elektrikoa eta energia garbiak bultzatzeko
Energia garbiaren aldeko apustuan, bide publikoan ibilgailu elektrikoendako kargaguneei Udalak baimendutako txandakako lurrazpiko aparkalekuetako 23 harguneak gehitu behar zaizkie, horiek ere erabilera publikokoak baitira. Horietatik 12, Nafarroako Ospitaleguneko aparkalekuan daude; 2, Zezen plazan; 5, Nafarroako Blancako aparkalekuan, eta 4, Gazteluko plazan. Datorren uda baino lehen kargatzeko 60 hargune egonen dira, erabilera publikokoak eta Udalaren jabetzakoak.
Ibilgailu mota horren garapena argia da, Udalak hori sustatzearen aldeko apustuarekin bat. 2011az geroztik doan aparkatzeko 336 txartel gorri egin dira ibilgailu jasangarri mota honetarako, eta horietatik 157, bakarrik, 2020an egin ziren.
Garraioko isuriak murriztea Udalaren apustu estrategikoa da, “Go Green Iruña” ekimenaren bidez lantzen dena, “HPE Iruña 2030” Hiri Plan Estrategikotik eratorria, zeinaren lehen alderdia “Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua” baita. Errekuntza arrunteko ibilgailuak pixkanaka ibilgailu elektrikoekin ordezkatzeak, eta eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletaz eta garraio publikoa erabiliz egitea bultzatzen duten neurriek aldaketa klimatikoa saihesten laguntzen dute, eta hiri garbi eta osasungarria bermatzen.
Ibilgailu elektrikoendako kargagune berrien kokalekua
Udal-eraikinen ondoan:
- Autobus-geltokia (Yanguas y Miranda kalea)
- Sanduzelaiko Civivoxa (Gortari doktorearen kalea)
- Buztintxuri Ikastetxe Publikoa (Víctor Eusa kalea)
Vilalta administrazio-emakida:
- Txantrea (Kanalea kalea). Kargagunea: Azkarra, 50 Kw
- Txantrea (Villafranca kalea). Kargagunea: Erdiazkarra, 2x22 kW.
- Erripagaña (Madril kalea) Kargagunea: Azkarra, 50 Kw
- Milagrosa (Zolina kalea). Kargagunea: Azkarra, 50 Kw
- Ermitagaña-Mendebaldea (Premín de Iruña pasealekua, Ospitaleen ondoan). Kargagunea: Mistoa, 2x22 kW + 50 Kw
- Donibane (La Olivako Monasterioaren kalea). Kargagunea: Mistoa, 22 Kw-ko 2 hargune + 50 Kw
- Sanduzelai (Iruñeko tren-geltokia). Kargagunea: Mistoa, 2x22 kW + 50 Kw
- Zabalguneak (Nafarroako Blanca plaza). Kargagunea: Erdiazkarra, 2x22 kW.
- Zabalguneak (Paulino Caballero kalea). Kargagunea: Erdiazkarra, 2x22 kW.
- Zabalguneak (Galizia etorbidea). Kargagune bikoitza: 2 Erdiazkarrak, 2x22 kW.
- Iturrama (Eneko Aritza kalea). Kargagunea: Erdiazkarra, 2x22 kW.
- Arrotxapea (Arga ibaiaren kalea). Kargagune bikoitza: 2 Erdiazkarrak, 22 Kw-ko bi hargune.