Datorren astean hasiko dira Yanguas y Miranda kalearen eta Armada Etorbidearen artean bidegorria lotzeko lanak, oinezkoen segurtasuna hobetuz

Datorren astean hasiko dira Yanguas y Miranda kalearen eta Armada Etorbidearen artean bidegorria lotzeko lanak, oinezkoen segurtasuna hobetuz
LMugikortasuneko Batzordeak gaur goizean ere ezagutu du, ‘Labriteko Ardatz Jasangarriarendako’ (Labrit/ Vergel/ Magdalena kalea) proposamen berri bat

Gaur goizean Mugikortasuneko Batzordea bildu da eta foro horretan Iruñeko ziklo-sarea hobetzeko bi proposamen berri aurkeztu dira. Zehazki Bakearen plazan Yanguas y Miranda etorbidea Armada etorbidearekin lotzeko formula aurkitu da eta ‘Labriteko Ardatz jasangarria” deitutakoari dagokion proposamen berri bat aurkeztu da II Zabalgunea eta Txantrea lotuko dituena, Amaia kaletik Irunberri kalera doan trazadura batekin Vergel kalea, Labrit aldapa eta Magdalena zeharkatuz.

Fermín Alonso Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak eta Maribel Gómez Mugikortasuneko arduradunak bidegorriaren bi trazaduren xehetasunak azaldu dituzte, Iruñeko Udalak Klimaren aldeko Tokiko Jardunbide Egokiendako VIII. Saria jaso duen aste berean, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (EUPF) emana mugikortasunaren kudeaketa-kategorian, hain zuzen, “Ziklisten Mugikortasuna Sustatzeagatik”.

Aurreikuspenen arabera, Yanguas y Miranda kaleko obrak datorren astean hasiko dira. Esku-hartzearen aurrekontua 47.950 eurokoa da eta, obra zibila zein semaforo aldaketak barne hartzen ditu. ‘Labriteko Ardatz jasangarriari’ dagokionez berriz, beharrezkoa izanen da aldez aurretik exekuzio-proiektu bat idaztea eta ondoren obrak lizitatzea; jarduketa horretarako 500.000 euroko partida bat dago erreserbaturik. Bi esku-hartzeak Navarra Suma eta Iruñeko Udaleko Sozialistak udal-taldeek 2021erako lortutako aurrekontu-akordioari esker egin ahal izanen dira.
Bi jarduketen xede-estrategikoa bizikletaren erabilera eta oinezkoen joan-etorriak handitzea da, eta autoaren neurrigabeko erabilera murriztea. Izan ere, 2020ko energiaren eta berotegi efektuko gasen isurketaren gaineko diagnostikoaren arabera, garraio motordunak isurketa kutsagarrien % 57 sortzen du. Isurpen gabeko joan-etorri aktiboak sustatzera bideratutako ekintza guztiak ‘Go Green Iruña’ Energia Trantsizio eta Klima Aldaketarako Estrategiaren baitan daude, baita Iruñeko Hiri Agenda – 2030n ere, zeinaren lehenengo xede estrategikoa “Iruña berdea eta klimarekin engaiatua” baita, “Mugikortasun Jasangarri, Osasungarri eta Inklusiboa” izanik lehentasunezko ildo estrategikoa.

Oinezko loturaren beharrak bizikleta-ibilbideen arteko lotura errazten du
Udaltzaingoak egindako zenbaketa baten arabera, Yanguas y Miranda kalean, Bakearen plazaren eta Sarasate Pasealekuaren arteko zatian, 500 oinezko baino gehiagok okerreko tokitik gurutzatzen dute Baluarteko plazaren eta saltoki handien ondoko espaloiaren artean, kalean dauden bi oinezkoen pasabideen arteko distantzia dela eta. Oinezkoen pasabide berri bat egiteko beharra, halaber, aukera bat ireki du bizikletentzako bide bat egiteko eta Armada etorbideko eta Yanguas y Miranda kaleko bidegorriak lotzeko.

Proposamenak barne hartzen du, baita ere, Baluarteko plazako kalearen noranzkoaren aldaketa, zeinak Armada etorbidea eta Yanguas y Miranda lotzen baititu kotxeendako eta Baluarte plazaren eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxaren eraikin ohiaren atzealdearen artean igarotzen baita. Ibilgailu askok kale hori erabili izan dute Bakearen plazako semaforoa saihesteko eta ibilbidea murrizteko, azkar gidatuz eta arriskuak sortuz plazaren eta etorbidearen artean mugitzen diren eta Armadaren etorbidetik kalea gurutzatzen duten oinezkoei. Irtenbide honek beraz, oinezkoen eta ziklisten segurtasun baldintzak hobetzen ditu.

Horrela, kale horretara Armada etorbidetik sartu eta Yanguas y Mirandatik irtengo litzateke, eraikina inguratu ondoren. Oinezkoen pasabide berriak semaforoa izanen du, hala ibilgailuentzat nola oinezko eta ziklistentzat, eta ibilgailuen zirkulazioan garraio publikoak izanen du lehentasuna. Jarduketaren 47.950 euroetatik, aurrekontuaren % 20 semaforo-aldaketak egiteko erabiliko da, eta gainontzekoa obra zibilerako, zeina datorren astean hastea aurreikusita baitago.

‘Labriteko Ardatz jasangarrirako’ proposamen berria
Mugikortasuneko Batzordeak Labriteko Ardatz jasangarri delakoari buruzko proposamen berri bat ikusi du gaur. Proposamen horren bidez, modu eraginkor eta seguruan konpondu nahi dira joan-etorriak egiteko moduak, oinezkoen joan-etorrietan eraginik izanen ez duen bidegorri bat sartuz eta Txantreatik II. Zabalgunera igotzeko zirkulazioan garraio publikoa bultzatuz. Xedea alternatiba jasangarri eta eraginkorrak eskaintzea da garraiobide jasangarriagoetarako aldaketa sustatzeko, hau da, egun garraio motordun pribatuan egiten diren bidaien ordez garraio publikoan, oinez eta bizikletaz mugitzea, aukera osasuntsua baita erabiltzen dutenendako eta hiri osorako, ez baitu kutsadura atmosferiko ez akustikorik sortzen.

Bidegorriak bi auzoak lotuko ditu Juan Labritekoaren eta Amaia kaleen arteko bidegurutzetik Magdalena eta Irunberri kaleen arteko bidegurutzera arte. Labriteko aldapatik eta Vergel zubitik igaroko da, harik eta Hego-Txantrea urbanizazioaren ertzeko bide berrian eraikitzen ari den bizikleta-pistarekin eta, halaber, auzo barnean ibaiaren beste aldean dagoen Alemanes aldeko bizikleta-pistarekin lotzeraino, ia kilometro eta erdi bateko ibilbide bat osatuz.

Bidegorria eskuinetik igaroko da mesetarako norabidean, Alemanes aldeko bizikleta-pistarekin duen loturatik, Hego-Txantreako biribilgune berriraino eta parke berriko bizikleta-pistarekiko loturaraino. Ondoren, ezkerreko ertzetik jarraituko du igotzen Labrit frontoira arte, non oinezkoendako eta ziklistendako pasabide semaforodun bat eginen baita, aukera ematen duena ibilbidea bizikletaz Amaia eta Ahumada Dukearen kaleen arteko bidegurutzera arte jarraitzeko, aparkaleku poltsan eta azken zatiko espaloi zabalean barna, hormarekin paraleloan doan bizikleta-espaloi baten bidez.

Irunberri kalearen eta Hego-Txantreako bidearen arteko tarte zuzena sekzio murriztukoa izanen da eta biribilgunean bidegorria espaloira igotzen da soilik biribilgunea inguratzeko bizikleta-espaloi gisa, galtzadan lekurik ez duelako, Txantrea Hegoaldeko bidearekin batera doan bizikleta-pistarekin lotzeko. Magdalena kalean, Caparrosoren biderantz, autobus-geraleku aurreratu bat jarriko da beheranzko zentzuan eta bidegorria horren gainean kokatuko da; era berean, bide horretan bizikletendako pasabide bat eginen da. Caparrosoren bidetik Vergeleraino, egungo igoera-erreia bikoiztuko da eskuinera biratu ahal izateko, eta, horren ondorioz, bidegorriaren zein ibilgailu motordunen erreien sekzioa murriztuko da.

Labriteko aldapan gora doan bidegorria egiteko egungo ezkerreko espaloia hautsiko da, goranzko noranzkoan,oinezkoek oso gutxi erabiltzen baitute, galtzadara pasatzeko, baina zirkulaziotik bereizita, txirrindularien segurtasuna bermatuko duten elementu bereizgarrien bidez. Aldapa guztian ibilgailu motordunendako errei bana egonen da igotzeko eta jaisteko eta trafikoaren abiadura radar baten bidez kontrolatuko da, 30 km/h-ko abiadura-muga betetzen dela bermatzeko eta zirkulazio bareturik lortzeko, ziklistekin paraleloan.

Oinezkoen joan-etorriak eta garraio publikoa
Oinezkoen zirkulaziorako irtenbidea parkea zeharkatzen duen bidea egokitzean datza, gaur egun oinezkoen % 90 igotzen baita bide horretatik. Horretarako, hegalkin-espaloi baten bidez lotuko da balizko begiratokiekin oinezkoentzako ibilbidea osaturik bihurgunearen erditik Juan de Labriteko espaloiraino, pasabidearen parean eta oinezkoen pasabide semaforodun berrian, Labrit pilotalekuaren ondoan. Vergeleko bidegurutzean espaloi bat jarriko da parkeko bidetik Caparrosoren hondartzako oinezkoen pasabideraino. Eskuineko goranzko espaloia alternatiba gisa mantentzen da.

Garraio publikoarendako abantaila Amaia kalea eta Vergel soilik autobusendako errei baten bidez lotzean datza, bai eta haiei semaforo bidez lehentasuna ematean hiru semaforo multzoetan: Vergeleko bidegurutzean, Labrit frontoiaren pareko oinezkoen eta ziklisten pasabide semaforodunean eta Amaia kalearekiko bidegurutzean.

Errepideko zirkulazioa
Labrit pilotalekuaren eta Amaia kalearekiko bidegurutzearen arteko zirkulazioaren konfigurazioa gaur egun dagoen bezala mantenduko da, salbu eta etenik gabeko autobus-errei esklusiboagatik Amaia kalearekin gurutzatzen den tokiraino, eta jaisteko ezkerreko erreia San Agustin kaleko sarreratik ezkerrera biratzeko erreserbatzeagatik, eta frontoiaren aurreko aparkaleku-poltsagatik, non sarrera bakarra izango baita, bertan behera geratuko delako frontoiaren ondoren eskuinera biratzeko sarrera, oinezkoen eta ziklisten segurtasuna bermatzeko.

Zirkulazioaren antolamendu hori mantentzen da, aurretik enpresa espezializatu bati zirkulazio-azterketa bat eskatu zaiolako, zeinak Iruñeko trafiko eredua “macro” eskalan eguneratu baitu, bideen edukieraren murrizketek hiriko eta Iruñerriko hainbat tokitan eragin ditzaketen arazoak ikertzeko. Balizko arazo horiek, hain zuzen, zenbait tokitan aztertu dira, hala nola San Kristobal kalearen amaierako Ipar ingurubideko biribilgunean eta mesetara igotzeko bi igoera alternatiboetan, Arrotxapea eta Txantrea auzoetatik igotzeko, hau da Beloso Aldapan eta Erreginaren Aldapan. 

Emaitzen arabera gomendagarria da amaierako tarte horretan edukiera mantentzea, baina Vergel zubian esku hartzea ahalbidetzen da, bidearen sekzioa murriztuz bidegorria jartzeko, eta Labrit aldapatik frontoiraino, egun igotzeko dauden bi erreietatik bat garraio publikoarentzat soilik bideratzeko eta zirkulazio pribatuarentzat errai motorizatu bakarra utzita.

Ikerketak agertoki bat aztertu du, non bidearen edukiera murrizten baita Amaia kaleraino garraio publiko eta pribatuak partekatutako igoera-errei motorizatu bakarra izateko, beste erreia bidegorri bilakatuta, eta ondorioztatu dute egunero Labritetik igotzen diren 10.000 ibilgailuetatik soilik 2.600ek utziko ziotela hortik igarotzeari bide alternatiboak bilatuz bide osoaren edukieraren murrizketarekin (Vergeleko bidegurutzetik Amaiako bidegurutzera). Gainontzekoak, 7.000 ibilgailu baino gehiagok, Labrit aldapa erabiltzen jarraituko lukete, nahiz eta 4 eta 6 minutu arteko atzerapenak izan, alternatibarik ez izateagatik edo bere helmuga Zabalgunetik edo Alde Zaharretik gertu izateagatik. Horrela, murrizketa hori ez litzateke trafikoa xurgatzeko nahikoa izanen, batez ere puntako orduetan, eta atzerapen handiak eta onartezinak eraginen lituzke garraio publikoan, batez ere ardatz jasangarri batean. 2.600 ibilgailu beste eremu batzuetan alternatibak bilatzeak, gainera, nabarmen eraginen luke Belosoko Aldapan eta Erreginaren Aldapan, zeinak dagoeneko gainezkatuta egotetik gertu baitaude. 

¿Te ha sido útil esta página?