Bost umore antzezlan euskaraz. Hori da IrriZiklo 2021eko eskaintza, antzerki-programazio finkatua, Iruñeko Udalaren eta Nafarroako Antzerki Eskolaren eskutik. Otsailaren 24tik martxoaren 24ra, Nafarroako Antzerki Eskolaren San Agustín kaleko instalazioetan asteazkenero formatu txikiko emanaldiak izanen dira: funtsezko zenbait gai jorratuko dira klabe kritikoan, hala nola amatasuna, sexua, familia, galtzaile sentitzen den heldu-gazteen belaunaldi baten etsipena eta ibilbide profesional baten gainbehera.
Gidoi originalak edo egokitzapenak dira, eta batez ere barrea eragin nahi dute, baina analisi latz batetik abiatuta. Emanaldi guztiak 19:00etan izanen dira, eta edukiera, segurtasun-tarte eta abarrei buruz indarrean diren neurriak beteko dira. Emanaldietan ikusleek maskara jantzi beharko dute. Sarrerak jada salgai daude Nafarroako Antzerki Eskolan (txarteldegian eta http://www.laescueladeteatro.com/ webgunean), 4 euroan emanaldi bakoitzeko. Ziklo osorako abonamendua erosteko aukera ere egonen da, 15 euroan.
Irriziklo otsailaren 24an, asteazkenarekin, abiatuko da Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen ‘Luze edo motz’ lanarekin. Ideia-truke batean “emakumeen” gaiak izanen dituzte hizpide, alegia, nola jorratzen dituen gizarteak bizitzaren zenbait une, hala nola hilekoa eta menopausia, edo ligatzeko teknikarik onenak eta okerrenak... eta jakina, sexuaz ere hitz eginen dute.
Martxoko lau asteazken
Gainerako lau emanaldiak martxoko asteazkenetan izanen dira. Martxoaren 3an, Tartean teatrok ‘Ez dok ero’ taularatuko du, bi komikoren historia, urte luzeko arrakastaren ondoren agertokiak uzteari aurre egin behar diotenak. Ez daude ados haien artean, baina azkenean antzerki-ibiltaria egitea erabaki dute, herriz herri, katramilaz beteriko istorioan. Patxo Telleria da obraren egilea, eta Jokin Oregi zuzendaria. Mikel Martínezek eta Patxo Telleriak antzezten dituzte Mikelote eta Pantxo pertsonaia protagonistak.
Martxoaren 10ean, asteazkenarekin, Pez Limbo konpainiak ‘Koxkak’ lana taularatuko du. Gidoi poliedrikoa du, hiru obra txikiz osatua, eta bakoitzean ezohikoak eta aldi berean komikoak diren hiru egoera jorratzen dira. ‘Tripaki salda. Umore traidore xerra bat’ lanean, Raúl Caminok eta Begoña Martín Treviñok harakin baten eta bezero baten arteko egoera zentzugabea antzeztuko dute. Programatutako bigarren obran, ‘Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia’ izenekoan, Josune Velez de Mendizabalek eta Aitor Pérezek tokiz kanpo dagoen mediku-kontsultategi batean kokatuko dituzte ikusleak, bertara baitoa semearekin gehiegizko lotura duen ama bat. Programa hirukoitza ixteko, ‘Boxers. Umore txakurra’ obra. Bi lagun (Raúl Camino eta Aitor Pérez) kontu klandestino baten erdian daude, eta horri esker dirua “erraz” irabaz dezakete, edo, aitzitik, makurtu.
Martxoko bigarren hamabostaldia Mexiko agertoki duen poesia-bakarrizketa batekin hasiko da. ‘35 huts’ martxoaren 17an, asteazkenarekin, antzeztuko da, Esti Curiel aktorearen eskutik. Asunek 35 urte bete behar ditu, baina bere familian bada madarikazio bat, eta bizi duen bidegurutzeari aurre egiteko rantxerak eta tekila baliatuko ditu. Bere sinesmenak ezbaian dituela, heriotzaz, amatasunaz eta familiaz hausnartu beharko du. Aitziber Garmendia, Miren Gojenola eta Esti Curiel bera dira testuaren egileak. Miren Gojenola arituko da zuzendari-lanetan.
Formatu txikiko euskarazko antzezlanen zikloari amaiera emateko, martxoaren 24an, Nafarroako Antzerki Eskolan ‘Losers – Galtzaileak’ egonen da ikusgai. Martin Agirrek itzuli du Marta Buchacaren gidoia, eta Begoña Bilbao izanen da zuzendaria. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak ia 40 urte dituzte eta oraindik ez dute lortu gizartearen arabera izan beharko luketen ezer: seme-alabak, etxe bat, dirua... zoritxarrekoak dira eta galtzaile sentitzen dira, oraindik egoera aldatzeko garaiz badaude ere. Txalo Produkzioak da obraren ekoizlea.
IRRIZIKLO 2021 (otsailak 24 – martxoak 24)
Tokia: Nafarroako Antzerki Eskolan
Ordua: 19:00
Prezioa: 4 euro emanaldi bakoitzeko. Abonamendu bat eskuratu daiteke, 15 euroan
Otsailak 24, asteazkena
- “Luze edo motz”. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai
Martxoak 3, asteazkena
- “Ez dok ero” Tartean Teatroa
Martxoak 10, asteazkena
- “Koxkak” Pez Limbo
Hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo: “Tripaki salda. Umore traidore xerra bat” (Raúl Camino eta Begoña Martín Treviño); “Oilo ama. Ernaldiko umore nahasia” (Josune Velez de Mendizabal eta Aitor Pérez), eta ‘Boxers. Umore txakurra’ (Raúl Camino eta Aitor Pérez)
Martxoak 17, asteazkena
- “35 huts” Esti Curiel
Martxoak 24, asteazkena
- “Losers – Galtzaileak” Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola.