Iruñeko Udalak gazteendako bilera ireki bat deitu du Gaztediaren Etxean abenduaren 11n, asteazkenarekin eta arratsaldeko 18:00etan. Topaketa horretan jakinaraziko da bi beketarako hautapen-prozesuan nola parte hartu behar den. Udalak eman ditu, hirugarren urtez jarraian, 2025eko Inti ibilbidean parte hartzeko bekak. XI. edizio honetan Peru da helmuga. Bidaia uztailaren 20tik abuztuaren 16ra eginen da herrialdean zehar, Cuscon hasi, hiriburutik igaro eta Amazonas oihaneko Iquitos hirira arte. Aurreikusitako topaketa eraikineko erakusketa-aretoan eginen da, eta zuzenean on line jarraitzen ahal izanen da meet bidez.
Inti Ibilbidea mundu osoko gazteendako gizarte- eta kultura-programa bat da, parte-hartzaileen arteko kultura-trukea sustatzera bideratua, eta espedizioaren ingurune eta testuinguru soziala aberasteko xedea duena. Iruñeko Udalak ibilbide horretan parte hartzeko bi plaza ordainduko ditu 2.600 euroan, hiriko bi gazteri parte hartzeko aukera emateko. Beka horiek eskuratzeko prozesua datorren asteazkenean, abenduak 11, eginen den saioaren ardatza izanen da, eta bertan hauek parte hartuko dute presentzialki: Manuel J. Lacasa kanpamentuaren eta Inti ibilbidearen proiektuaren burua, Mikel Armendariz Barnechea Gazteriako zinegotzi ordezkaria, eta joan den urteko edizioan parte hartu zuten eta haien esperientzia partekatuko duten bi neska, Esther Galán Gil eta Lydia Mangado González, hain zuzen ere.
Aurtengo edizioko deialdia 1999ko uztailaren 20aren eta 2007ko uztailaren 20aren artean jaiotako gazteendako da, eta gaztelaniaz hitz egiten jakin beharko dute, Iruñean erroldatuta egoteaz gain. Hautapen-prozesuan aurrez izena emateko epea abenduaren 12tik 18ra egonen da irekita Iruñean. Izena emateko interesdunek identifikazio-datuak eta lokalizazioa bidali beharko dituzte juventud@pamplona.es helbide elektronikora, parte hartzeko motibazioak hizpide dituen idazki batez gain. Izena eman duten eta beka jaso dezaketen pertsonek monografia bat eta Inti ibilbidearen webgunearen bidez bidalitako motibazio-gutun bat aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, otsailaren 9ra arte izanen dute epea, eta, ondoren, Inti ibilbidearen antolatzaileek banakako elkarrizketa bat eginen diete aurrez hautatutako pertsonei.