Datorren astean asfaltatze-lanak eginen dituzte Ostoki kalean eta kale horrek Marcelo Celayeta etorbidearekin bat egiten duen biribilgunean, Iruñearen eta Antsoaingo udal-mugartearen arteko mugan

Datorren astean asfaltatze-lanak eginen dituzte Ostoki kalean eta kale horrek Marcelo Celayeta etorbidearekin bat egiten duen biribilgunean, Iruñearen eta Antsoaingo udal-mugartearen arteko mugan
Hasiera batean, lanak lau egunetan eginen dituzte, astelehenetik hasita, eta zirkulazioan eta Iruñerriko hiri-garraioan eragina izanen dute
asfaltado

 

Uztailaren 21ean, astelehenarekin, asfaltatze-lanak hasiko dituzte Ostoki kalean eta kale horrek Marcelo Celayeta etorbidearekin eta Errotazarko kalearekin bat egiten duen biribilgunean, Iruñearen eta Antsoaingo udal-mugartearen arteko mugan. Lanak lau egunetan eginen dituzte: bi egun asfaltatze-lanak egiteko, eta beste bi margotu eta seinaleak jartzeko. Guztira 77.033,63 euroko aurrekontua dute lanek, eta ibilgailu eta villavesen zirkulazioan eragina izanen dute, trafikoa moztuko baita.

Lanei esker, Antsoaingo Ostoki kaleko bide-zorua konpondu eta erregularizatuko dute: Marcelo Celayeta etorbideko biribilgunearen eta Montejurra kalearen arteko tartean eginen dituzte lanak, osasun-zentroaren ondoan. Tarte hori kontserbatze aldera, zulo ugari bete eta petatxuak jarri behar izan dituzte maiz; izan ere, errodatze-geruza pixkanaka narriatzen joan da, eta bizitza erabilgarria bete du dagoeneko. Aglomeratu-geruza fresatu eta birjarriko dute lanen lehen bi egunetan, hau da, astelehen eta asteartean. Aurreikuspenen arabera, gunea asteazken arratsaldean irekiko dute zirkulaziorako, eta ordurako oinezkoendako pasabideak margotuta egotea espero da; biribilgunean eta Ostoki kalean seinale horizontalak jartzeko lanak ostegunean bukatzea aurreikusten da.

Iruñerriko hiri-garraioko villavesen ibilbideak uztailaren 21eko (astelehena) goizeko 06:00etatik aurrera desbideratuko dituzte, lanak egin ondoren gunea zirkulaziorako ireki arte. Ez da beharrezkoa izanen geraleku berriak sortzea, ezta hiri-garraiorako lekuak erreserbatzea ere. Uztailaren 21etik 22rako gauean galtzadako edukiontziak espaloira igoko dira, zaborra normaltasunez bildu ahal izateko. 

Iruñeko Udalak lanek izanen dituzten ondorioen berri eman die Arrotxapeko Cardenal Ilundain HLHIParen ondoko disuasio-aparkalekuko erabiltzaileei, garajeen erabiltzaileei, auzotarren komunitateei eta inguruko merkatariei. 

¿Te ha sido útil esta página?