Datorren astean abiatuko da “Bertsoaroa”, Iruñeko Udalaren bertsolaritza-zikloa, eta saioek otsailaren 24ra bitarte iraunen dute

Datorren astean abiatuko da “Bertsoaroa”, Iruñeko Udalaren bertsolaritza-zikloa, eta saioek otsailaren 24ra bitarte iraunen dute
Saioak Kondestable Civivoxean, Nafarroako Antzerki Eskolan, Katakraken eta Txantreako Gizarte Ekimenetarako Zentroan (Salestarrak) eginen dira
Irudia
Irudia

Otsailaren 10ean hasiko da “Bertsoaroa” zikloa, Nafarroako Bertsozale Elkartearekin lankidetzan duela 30 urte baino gehiago bertsolaritza-emanaldiak eskaintzen daramatzan Udalaren programazioa eta erreferente bihurtu dena Iruñeko Udalaren euskarazko programazioan bai eta bertsolaritzaren esparruan ere. Aurten, zikloa udazkenetik otsailera aldatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketarekin bat ez etortzeko.

Sei saio proposatu dira, hiru astetan zehar eginen direnak eta esparru hori ardatz izanen dutenak. Zikloa ikus-entzule talde ezberdinduei zuzenduta dago, hala helduei nola gazte eta haurrei, eta lau gune izanen ditu: Nafarroako Antzerki Eskola, Katakrak, Salestarren Gizarte Ekimenetarako Zentroa eta Kondestable Civivoxa. Saioetan sartzeko hainbat sistema egonen dira.  NAEn egiten diren jardueretarako bi aukera daude: bost euro ordaintzea saioko edo 12 euroko bonua eskuratzea hiru ikuskizunetarako, eta besteetarako, aldez-aurretik doan izena ematea eta sarrera librea.

Gaiaren ikuspuntutik, puntako bertsolarien eta bertsolari gazteen errezitaldiez eta amaierako bertso-jaialdi tradizionalaz gain, zikloa honako hauek osatuko dute: dramatizaziozko ikuskizun hibrido bat, jolasekin osatutako saio bat eta pianoa arte-modalitate honen egitura ardatz dituen bertso-kontzertu bat.

Helduendako

Ostegunean, otsailak 10, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolako agertokian Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal lehen mailako bertsolariak arituko dira. Haien artean ibilbide ezberdineko lau txapeldun daude, nafarrak zein beste eskualde batzuetakoak. Alaitz Rekondo izanen da gaiak jartzeaz arduratuko dena.

Otsailaren 15eko (asteartea) proposamena ikuskizun hibrido bat da, bertsolaritza, antzerkia, musika eta poesia uztartzen dituena, idatzizko eta dramatizatutako konposizioen oinarri baten inguruan, ‘eRRe’ izenburupean. Dramatizatutako bertsoak, Aner Euzkitzek, Haizea Aranak, Leire Vargasek eta Oihana Aranak, mundua eta pertsonak banatu eta sailkatzen dituzten etiketak eta dikotomiak aztertuko dituzte. Bi proposamenak helduei zuzenduta daude.

Bi emanaldiak Nafarroako Antzerki Eskolan eginen dira 5 euroan eserleku bakoitzeko; hala ere, txarteldegietan 12 euroko bonua eskuragarri dago, bi ikuskizun horiek eta zikloari itxiera emateko otsailaren 24rako aurreikusita dagoen jaialdia barne hartzen dituena. Halaber, bonuak eta sarrerak entitatearen webgunean eskuragarri daude.

Gazte eta haurrendako

Urteak dira jada Bertsoaroak bere programan bertsolari gazteendako ere tokia baduela. Aurten, otsailaren 17an, 19:00etan, Katakraken eginen den saioan bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna diren horiek jendaurrean praktikatu eta kantatzeko aukera izanen dute. Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Naia Arrizabalagak parte hartuko dute, eta Ainhoa Larretxeak aurkeztuko du. Sarrera librea izanen da.

8 eta 12 urte bitarteko haurrek hitzordu bat dute otsailaren 19an, larunbatarekin, 11:00etan Salestarren Gizarte Ekimenetarako Zentroan (Txantrea). Bertan Bittori Elizaldek eta Josu Sanjurjok ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ haurrendako bertso-lantegia eginen dute, eta saio horretan esaldiak, lexikoa, gaiak eta, oro har, komunikatzeko modua haurrendako egokituko dute. Jolas eta jardueren bidez haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, horrela bertsolariek emanaldia eratzeko. Kasu horretan, parte hartzeko otsailaren 17a baino lehen izena eman behar da nafarroa@bertsozale.eus helbide elektronikoaren bidez edo 948143747 telefonoan.

Bederatzikoa: bederatzi puntuko egitura

Otsailaren 22an, asteartearekin, 19:00etan, aurreko ekitaldien ez bezalako profila duen proposamena eginen da Kondestable Civivoxean. ‘Bederatzikoa’ izeneko ikuskizunean pianoa eta bertsoak uztartuko dira, Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaileak ‘bederatzikoa’, bederatzi puntuko egitura, aztertuko dute zeina bertsolaritzaren berezko neurria baita. Pernando Amezketarrak, Beethovenen garaikideak, bere konposizioetan jada erabiltzen zuen eta gaur egun arte heldu da. Egun, Txapelketa Nagusian, gailurrean, bertsolariek bertso bat bota behar dute neurri horretan.

Ikuskizunean, jende orori zuzendua eta sarrera librea duena, Beethovenen bizitza eta lanari errepasoa egiteaz gain, bederatzi puntuko egituran abestuta ospetsu egin diren bertso antologikoen errepasoa eginen da.

Amaiera: bertso-jaialdia

Berriz ere maila goreneko bertso-jaialdiak emanen dio amaiera Bertsoaroaren programari. Otsailaren 24an izanen da, ostegunarekin, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi askotariko ibilbide eta jatorriak dituzten lehen mailako bertsolariek, Maialen Belarrak jarritako gaiak konposatu eta abestuko dituzte. Haien artean Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken txapelduna eta txapeldunordea daude.

 

BERTSOAROAL 2022 OTSAILA

Otsailak 10, osteguna. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

Bertso-jaialdia

  • Bertsolariak: Alazne Untxalo, Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal. Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo.
  • Sarrerak 5 euroan salgai, NAE*ren webgunean.

Otsailak 15, asteartea. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

‘eRRe’.  Dramatizatutako bertsoak

  • Parte-hartzaileak: Aner Euzkitze, Haizea Arana, Leire Vargas eta Oihana Arana.
  • Sarrerak 5 euroan salgai, NAE*ren webgunean.

Otsailak 17, osteguna. 19:00. Katakrak

Gazteen bertso-errezitaldia

  • Bertsolariak: Beñat Astiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Gorka Pagonabarraga, Haira Aizpurua eta Naia Arrizabalaga
  • Sarrera librea, leku guztiak bete arte

Otsailak 19, larunbata 11:00. Txantreako Salestarren Zentroa

‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’. Haurrendako bertso-lantegia

  • 8 – 12 urte. Izena eman behar da nafarroa@bertsozale.eus helbide elektronikoan edo 948143747 telefonoan, otsailaren 17a baino lehen.
  • Bertsolariak: Bittori Elizalde eta Josu Sanjurjo

Otsailak 22, asteartea. 19:00. Kondestable Civivoxa

‘Bederatzikoa’. Pianoa eta bertsoak

  • Bertsolaria: Andoni Egaña / Piano-jotzailea: Xabier Lizaso
  • Sarrera librea, leku guztiak bete arte

Otsailak 24, osteguna. 19:00. 19:00. Nafarroako Antzerki Eskola

Bertso-jaialdia

  • Bertsolariak: Eneko Lazkoz, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Saioa Alkaiza, Sustrai Colina eta Xabat Illarregi.
  • Sarrerak 5 euroan salgai, NAE*ren webgunean.

 

*NAEko hiru ikuskizunetarako bonua: 12 euro