
Hiru ikuskizun izanen dira aste honetan urtarrilaren 8tik Iturramako Civivoxean egiten ari den DanZ dantza-espazioaren aurtengo edizioa amaitzeko. Asteazken honetan La Faktoria dantza-irakaskuntza profesionaleko zentroko ikasleak izanen dira berriz ere, beren prestakuntza akademikoaren barnean zer lantzen eta sortzen ari diren erakutsiko digutenak. Ostegunean Canan Yücel Pekiçten dantzari eta koreografo turkiarrak hartuko du txanda All about my heart muntaia aurkezteko, eta larunbatean, zikloari amaiera emateko, Dínamo Danza eta Carmen Larrazek euren Electrical body lana erakutsiko dute. Hiru emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 3 euroan daude salgai, Iturramako Civivoxean bertan eta www.pamplona.es edo www.pamplonaescultura.eswebguneetan.
Joan den astean DanZ zikloa ireki zenean bezalaxe, bihar, asteazkena, La Faktoría nazioarteko Choreographic Centre taldeak bere arte eta sormen lanak aurkeztuko ditu publikoaren aurrean, Prozesuan (B aldea) izenburupean. Saioa jendaurreko entsegu modura eginen da, non La Faktoriako taldeak aurkezpenera agertzen diren ikusleekin elkarreraginean jardungo diren, ikusleak sormen eta adierazpen prozesu horren partaide bilakatzeko ahaleginean. La Faktoria Noainen dagoen dantza garaikideko sormen eta irakaskuntza profesionaleko zentroa da.
Ostegunean ziklo honetako plater nagusietako bat izanen dugu: Canan Yücel Pekiçten dantzari eta koreografo turkiarrak bere All about my heart muntaia ekarriko digu. Ezohiko ikuskizun bat da, bertsio propio bat, opera ezagun ezberdinetako hiru pertsonaia femeninoen ingurukoa, haien bidez publikoaren bihotzak zabalduko dituena. Ikuskizunak protagonista diren hiru pertsonaien metamorfosia erakusten du, Erreginarena (El Enano operakoa), Cio-Cio-Sanena (Madame Butterfly operakoa) eta Pohjan Neitorena (Pohjan Neito operakoa), hiruak ere parametro sexistak oinarri hartuta asmatu eta sortuak, eta lan honen bidez dimentsio berri bat hartzen dutenak.
Canan Yücel Pekiçtenek bere esperientzian oinarrituz eta gizarte errealitatea eta kultur aniztasuna behatuz lantzen ditu bere proiektuak, memoria kolektibo eta pertsonala aintzat hartuta. Ikuskizun honetan gorputzaren errepresentazioan eta emakumeak arte garaikidean duen irudian jartzen du arreta. Cananek Istanbulgo Yıldız Technical Universityn eta Mimar Sinan Fine Arts Universityn zein Essengo Folkwang Universityn (Alemania) jaso du prestakuntza artistikoa. Turkian, Lituanian, Polonian, Alemanian, Estatu Batuetan, Suedian eta Italian taularatu ditu bere sorkuntzak.
Energia eta mugimendua Electrical body-n
Larunbatean eta DanZ zikloari amaiera emateko Electrical body (Working progress) taularatuko dute Dinamo Danzak eta Carmen Larrazek. Electrical body sorkuntza koreografikoko prozesu bat da, mugimenduaren bidez ikertzen duena izaki bizidun gisara elkarrekin lotuta mantentzen gaituzten energia-indarren edertasuna. Proiektuak Nikola Teslaren zenbait gogoeta ditu inspirazio-iturri, esaterako, gizakia argizko izaki gisa ikustea eta Lurrarekiko orekan jarduteko aukera, era horretan inguruarekiko harmonian legokeen makineria energetiko bat sortzeko.
Arte-sorkuntza prozesu honetan elektromagnetismoko kontzeptuekin lan egiten da, halako moduan non horiek lan koreografiko batera eramanez edertasun handiko konposizio koreografikoak sortzen diren, giza-harremanei buruzko irakurketa ezberdinak egiteko bidea ematen dutenak. Oraingoan lana biluz-biluzik taularatzen da, gehigarririk gabe, formatu xumean, eta gonbit egiten zaie ikusleei sorkuntza prozesua ezagutzera ikuslearen jakin-mina kontuan hartzen duen oinarrizko ikuspegitik, sortzaileekin elkarreraginean aritzeko aukera izan dezaten.
Dínamo Danza Carmen Larrazek 2013an sortutako konpainia da. Arte-diziplina zenbaiteko profesionalen bilatze, sorkuntza eta elkartruke- proiektu gisa jaio zen, gorputza mugimenduan jarriz poesia sortzeko xedez. Estatuko eta nazioarteko jaialdi ugaritan aurkeztu ditu bere lanak, hala nola Prisma Panamán, Universidad Javerianako Dantza Garaikideko Jaialdian ( Kolonbian), Mediterranean Dance Centren (Kroazian), Dance Week Festivalen (Jerusalemen) edota Vila Real en Danzan (Castellónen).
Danz: Dantza-espazioa Iturramako Civivoxa. Urtarrilaren 8tik 18ra
Urtarrilak 15, asteazkena. 20:00. Iturramako Civivoxa
- Prozesuan lanak (B aldea)
- La Faktoría nazioarteko Choreographic Centre
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).
Urtarrilak 16, osteguna. 20:00. Iturramako Civivoxa
- All about the heart
- Canan Yücel
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).
Urtarrilak 18, larunbata. 20:00. Iturramako Civivoxa
- Electrical body (Working progress)
- Dinamo danza. Carmen Larraz
Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).