
Bost ikuskizunek, horietako bat haurrei zuzenduta, osatzen dute DanZ zikloa, asteazkenean hasi eta urtarrilaren 18ra arte iraunen duena. Jada Civivox-sarearen programazioan tradizionala den hitzordu honetan dantza garaikideko zenbait sormen-lan izanen dugu ikusgai, hala nola La Faktoría, Cielo Raso konpainia, Maduixa, Canan Yücel Pekiçten koreografo eta Dinamo Danza eta Carmen Larrazenak. Saio guztiak Iturramako Civivoxean izanen dira, prezioak 3 euroan daude, eta sarrerak Civivoxean bertan edo on line eskuratu daitezke www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan.
Zikloa La Faktoría nazioarteko Choreographic Centre taldeak hasiko du, Noainen egoitza duen dantza garaikideko sormen eta irakaskuntza profesionaleko zentro batek, bihar, asteazkenean, zentroko ikasleek egindako lanen erakustaldi esperimental baten bidez, Lanak prozesuan (B aurpegia) izenburuaz. Emanaldia 20:00etan hasiko da. Lan artistiko hauek jendaurrean aurkeztea da ikuskizunaren xedea, ikusleekin elkarreragintasunez jardute aldera, sormen- eta adierazpen-prozesuan horiek engaiatuz.
Faktoria prestakuntza-zentroak jarduera-ildo jakin bat du, eta horrek oinari dauka, alde batetik, eskolak, lantegiak eta laborategiak, dantza garaikideari era askotako teknikaz eta begiradaz heltzeko aukera ematen duten eta nazioartean erreferentzialak diren koreografoek eta ikasleek emanak, eta, bestetik, sormen-proposamenak ikertu eta sortzeko gunea eta laguntza. Prestakuntza profesionala, arte-egoitzak eta ikerketa-laborategiak dira zentroaren jardute-zutabeak. Dantzan profesionalki eta koreografiaren esparruren batean jardun nahi duten18 urtetik gorako ikasleei zuzentzen zaie.
Harria: erresistentzia, konkista eta porrota
Ostegunean, 20:00etan, Cielo Raso euskal konpainiak Harria taularatuko du, hiru antzezlarirendako ikuskizun bat, erresistentzia, konkista eta porrota esploratzeko bidetzat hartua. Gorputzaren gogortasuna eta hausturaren unea, ustekabean gertatua. Harria adierazpidea da heriotza, galera, oinaze, poz eta bizitzarako, bi koloreren –beltzaren eta gorriaren– arteko borrokan islatuta. Erritualari ekiten dio, oinazearen bideko tentsioa askatzeko; liturgia gorantz hasten da, mugimendu koordinatuak errepikatuz, salmoak arrosario-bihietan bezala, eta horiek eten egiten dira loriako unera iristean, non antzokiren sabairaino altxatzen baita herrestan daramagun beltz kolorea.
Cielo Raso dantza garaikideko konpainia 2009. urtean sortu zen. Igor Calongeren zuzendaritzapean, formatu ezberdineko hamar bat dantza-ikuskizun egin ditu, identifikagarri zaien estiloaz eta berezko hizkuntza bilatzen duen benetako material fisikoaz baliaturik. Ikuskizunek orok sortzen dute giro erakargarria, zinematik hurbil den hizkuntza narratibo baten bidez. Konpainiak birak egin ditu Espainia, Frantzia, Brasil, Mexiko, Argentina eta Panaman. Bere lan hautatu batzuk erakutsi dituzte, jarraian erakutsi ere, zenbait erakusketa-sare, plataforma, azoka eta jaialditan, hala nola Danza a Escenan, Espainiako areto alternatiboen sare-zirkuituan, Platea katalogoan, dFERIA, Regards croisés izenekoan, Fira Tàrregan eta Cena Contemporânean (Brasil).
Gogoeta bat haurren lanari buruz
DanZek haurrei zuzentzen die bere ikuskizunetako bat. Urtarrilaren 11n izanen da, larunbatarekin, Maduixa konpainiak taularatuko duen Lu antzezlanaren eskutik, bi saiotan, 17:00etan eta 18:30ean. Izenburuak bidea esan nahi du txineraz, eta mundu plastikoaren magian eta poesian murgiltzen ditu ikusleak, puntuak, lerroak eta formak erabilita. Muntaiak dantza, grazia, ikus-entzunezkoa eta arte plastikoak uztartzen ditu, haurren lanari buruz ez ezik eguneroko bizitzaren latzari aurre egiten dion fantasiari buruz ere hitz egiteko. Pertsonaiak bi neskato dira, lan-baldintza gogorrenetan jardutera beharturik daudenak. Haiek, aitzitik, bizirik diraute egunez egun, agian bere barne-munduak, babes duten alegiazko unibertso horrek, bidea ematen dielako sufrimenduari eta bidegabekeriari aurre egiteko. Lanean aritzen dira, baina baita jolasean ere. Eta jolasetan ametsak eta desirak islatzen dituzte: etxe bat eta familia bat.
Suecan (Valentzia) 2004. urtean sortu zenetik, kaleko eta aretoko antzezlanak sortzen aritu da Maduixa, adin guztietakoentzat, asmoa hartuta antzerkia, dantza, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak bateratzea. Maduixaren apustuak, ekoizpen bakoitza ikerlan bihurtzekoak, mundu osoan ulergarri den berezko hizkuntzaz hornitzen du konpainia. Hamabost urtetik gorako ibilbide profesionalean, era askotako tokietan jardun izan dute, esaterako, Korea, Norvegia, Italia, Frantzia, Luxenburgo, Macau, Hong Kong, Guatemala eta El Salvadorren. Bere muntaia-lanek aintzatespen asko jaso dituzte, hala nola FETÉN sari batzuk, MAX sariak, Valentziako Arte Eszenikoen saria, Alcoiko Mostrakoa, Umore Azokakoa eta Deventer Award-koa.
DanZ zikloa heldu den astean amaituko da bi ikuskizun gehiagoren eskutik. Urtarrilaren 16an, ostegunarekin, Canan Yücel Pekiçten dantzari eta koreografo turkiarrak All about the heart aurkeztuko du, opera ezagunetako hiru pertsonaia femeninoren ikuspegi berezia eskaintzen duen lan bat. Civivox-sareko dantza-gune honi buru emateko, Dinamo Danzak eta Carmen Larrazek Electrical body (Working progress) helaraziko digute, urtarrilaren 18an, larunbatarekin, Nikola Tesla zientifikoaren gogoetak inspirazio hartutako proiektu bat, mugimenduaren bidez ikertzen duena izaki bizidun gisara elkarrekiko harremanetan eusten diguten energia-indarren edertasuna. Bi ikuskizunak 20:00etan hasiko dira, Iturramako Civivoxean, eta sarrerak euro 3 balio du.
Danz: Dantza-espazioa Iturramako Civivoxa. Urtarrilak 8 – 18
Urtarrilak 8, asteazkena. 20:00. Iturramako Civivoxa
- Lanak prozesuan (B aurpegia)
- La Faktoría nazioarteko Choreographic Centre
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).
Urtarrilak 9, osteguna. 20:00. Iturramako Civivoxa
- Harria
- Cielo Raso konpainia
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).
Urtarrilak 11, larunbata. 17:00 eta 18:30. Iturramako Civivoxa
- Lu
- Maduixa konpainia
- Sarrera: 3 euro. 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan). 4 urtetik gorako haurrei zuzendutako ikuskizuna
Urtarrilak 16, osteguna. 20:00. Iturramako Civivoxa
- All about the heart
- Canan Yücel
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).
Urtarrilak 18, larunbata. 20:00. Iturramako Civivoxa
- Electrical body (Working progress)
- Dinamo danza. Carmen Larraz
- Sarrera: 3 euro (Iturramako Civivoxean eta on line, www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan).