Dantza garaikideko lau ikuskizunek osatzen dute DanZ jaialdia, eta urtarrilaren 9tik 25era eginen da Iturramako Civivoxean

Dantza garaikideko lau ikuskizunek osatzen dute DanZ jaialdia, eta urtarrilaren 9tik 25era eginen da Iturramako Civivoxean
Jaialdia osatzeko, mugimendu- eta sorkuntza-lantegia eginen da, eta topaketa bat Myriam Pérez Cazabon artistarekin
danz

 

Iturramako Civivoxean DanZ jaialdiaren edizio berri bat eginen da urtarrilaren 9tik 25era. Jaialdi horrek dantza garaikidearen hurbileko lurraldeen aldeko apustua egin du, sentsibilizazio, inklusio, bitartekaritza, erakustaldi, topaketa eta hausnarketarako espazio bat sortzeko. Lau dantza-ikuskizunek osatzen dute programa, horietako bat lehen haurtzaroari zuzendua, mugimendu- eta sorkuntza-lantegi batek eta Myriam Pérez Cazabon artistarekin eginen den topaketak. Ikuskizunetarako sarrerak 3 euro balio du, eta lantegia eta topaketa doakoak dira. 

Sarreren erosketa eta aurretiko izen-ematea honako bide hauek erabiliz egin behar da: 010 telefonoa, Civivox sarea edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunea. ATALAK sareak eta Iruñeko Udalak antolatu dute jaialdia. Programazioa Marcat Dance dantza-konpainiaren (Mario Bermúdez eta Catherine Coury) Afines ikuskizunak irekiko du, ostegun honetan, urtarrilaren 9an, 19:30ean. Afines lanak zentzumenezko bidaia iradokitzaile bat egitera gonbidatu nahi du ikuslea, bi gorputz mugimenduaren bidezko barne solasaldi batean murgiltzen diren bitartean. Elkarlanean egindako bide luzeak inspiraturik, bi dantzariek gizakiaren dualtasuna dute aztergai, agerian utzirik loturaren edertasuna eta banakotasunaren konplexutasuna, non arriskua eta espazioaren azterketak funtsezko eginkizuna betetzen baitute ikuskizunaren narratiba emozionalean.

Astebete geroago, urtarrilaren 16an, ostegunarekin, 19:30ean, Lucía Montes eta Mado Dalleryren txanda izanen da In-side ikuskizunarekin. Elkar erakartzen duten bi gorputz dira, elkarrekin bizitzen, elkarri eragiten, bat egiten... giro etereo eta ukiezinetik giro lurtar eta kontzienteenera bidea eginez. Lorratz bat uzten doazen bi gorputz, hamaika sentsazio iradokitzen dituzten mugimenduen trazu bat; horra indarrez beteriko bi gorpuztasun, biak era magnetikoan eta sotilean loturik, haietaz jabetuko diren pertzepzioz eta aldaketaz beteriko materiazko bidean bidaide bi-biak.

Urtarrilaren 23an (osteguna), 19:30ean, Noaingo La Faktoria Choreographic Center sorkuntza eta dantza garaikideko ikasketa profesionalen nazioarteko zentroko ikasleek ‘prozesuan’ dituzten lanak erakusteko eta horien garapena egiaztatzeko aukera izanen dute. Formatu txikiko emanaldiak izanen dira, bakarkakoak eta binakakoak, haien sorkuntzak ireki eta bertaratutako pertsonekin elkarreraginean aritzeko bidea emanez, sortze- eta adierazte-prozesuan parte har dezaten.

Aurreikusitako azken ikuskizuna haurtxoei zuzendua dago, 2 eta 4 urte bitarteko haurrei, alegia. Urtarrilaren 25ean, larunbatarekin, 10:30ean eta 12:00etan, Panicmap arte-plataformak (Laura Valero eta Joan Ballester) Closka antzeztuko du, haurtxoak eta  helduak unibertsoko txoko honetan bizitzearen edertasunari eta ardurari buruzko hausnarketan murgiltzen dituen esperientzia eszenikoa. Bidaia emozional eta liluragarri baten bidez, Ka eta Clos pertsonaiek Closkaren istorioa kontatzen dute. Closka dortoka bat da, eta etxera itzultzeko bidea aurkitzeko misio arriskutsu eta ziurgabetasunez betean murgilduta dago. Ikuskizunaren prezioa 3 eurokoa da, eta helduek eta adingabeek, biek behar dute sarrera ikuskizunera sartzeko.

Lantegiak eta bestelako jarduerak
Ikuskizunez gain, lantegiak, topaketak eta bestelako jarduerak ere izanen dira DanZ jaialdian. Urtarrilaren 22an (asteazkena), 19:30ean, topaketa bat eginen da Myriam Pérez Cazabon artistarekin haren Entzuten nauzu? obra oinarri hartuta. Ekitaldia hibridoa izanen da, eta artistak dantza-erakustaldiak eginen ditu azalpen eta elkarrizketekin batera. Azalpen eta elkarrizketa horiei esker, artistaren sortze-prozesua ezagutu, haren kezkak aztertu eta haren unibertso artistikoan barneratu ahal izanen gara. Bertha Bermúdez izanen da saioaren moderatzailea. 

Jaialdiak irauten duen bitartean, mugimendua eta sorkuntza (transgenerazionala) lantzeko doako lantegi bat izanen da; lantegia  hiru saiotan eginen da, urtarrilaren 11, 18 eta 25ean, 11:00etatik 13:00etara, eta Laura G. Latasak, Myriam Pérez Cazabonek eta Ines Aubert koreografoek saio bana emanen dute, hurrenez hurren. Iruditeria posibleak izenburupean, artistek komunikazio- eta ahalduntze-tresna modura zuzentzen dute koreografia, dantzara hurbildu nahi duten pertsona guztiendako, baina batez ere, beste gaitasun batzuk edo dibertsitate funtzionala dutenei begira. Lantegi horretan, gorputza espazio infinitua da, irudimenari irekia, eta denborak, espazioak eta mugimenduak aukerez beteko dute, gorputza adierazpen-tresna gisa ere ulertzeko.

Programaren azken jarduera gisa, urtarrilaren 25ean, larunbatarekin, 13:00etatik 13:30era, ATALAK Iruditeria posibleak lantegiaren irekiera eginen da. Jarduera publikoarekin elkartzeko eta parte hartu dutenek hiru saioetan izan dituzten esperientziak erakusteko gune gisa ulertzen da, partekatzea eta gorputzetik adierazten jarraitzea helburu hartuta.


DANZ JAIALDIA. DANTZA GARAIKIDEAREN HURBILEKO LURRALDEAK

IKUSKIZUNAK

  • Urtarrilak 9, osteguna. 19:30. Iturramako Civivoxa

    • Afines, Marcat Dance dantza-konpainiaren eskutik (Mario Bermúdez eta Catherine Coury). 18 urtetik gorakoendako

    • Sarrera: 3 euro, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean 

  • Urtarrilak 16, osteguna. 19:30 Iturramako Civivoxa

    • In-side, Lucía Montes eta Mado Dallery-ren eskutik. 16 urtetik gorakoendako.

    • Sarrera: 3 euro, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean

  • Urtarrilak 23, osteguna. 19:30. Iturramako Civivoxa

    • La Faktoriako sormen-prozesuen erakustaldia. Dantza garaikideko erakustaldi esperimentala. La Faktoria Choreographic Center zentroko ikasleak. 16 urtetik gorakoendako

    • Sarrera: 3 euro, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean

  • Urtarrilak 25, larunbata. 10:30eta 12:00. Iturramako Civivoxa

    • Closka, Panicmap arte-plataforma (Laura Valero eta Joan Ballester). 2 eta 4 urte bitarteko haurrak heldu batek lagunduta

    • Sarrera: 3 euro, 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean

 

Lantegiak eta bestelako jarduerak

  • Urtarrilak 11, 18 eta 25. 11:00 – 13:00. Iturramako Civivoxa

    • Mugimendu- eta sorkuntza-lantegia (transgenerazionala). Izan litezkeen iruditeriak. Inés Auberten eskutik. 14 urtetik gorakoendako

    • Sarrera: doan, aurrez izena emanda 010ean, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean.

  • Urtarrilak 22, asteazkena. 19:30. Iturramako Civivoxa

    • ATALAK topaketa, Myriam Pérez Cazabonekin. Moderatzailea: Bertha Bermúdez. 14 urtetik gorakoendako 

    • Sarrera: doan, aurrez izena emanda 010ean, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean.

  • Urtarrilak 25, larunbata. 13:00 – 13:30. Iturramako Civivoxa

    • ATALAK, Iruditeria posibleak lantegiaren irekiera

    • Sarrera: doan, aurrez izena emanda 010ean, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es/eu webgunean.

¿Te ha sido útil esta página?