Dantza garaikideak Cardenal Ilundain HLHIPko ikasgelak astinduko ditu, ikasleek aukera izan dezaten gorputzaren eta mugimenduen bidez beren burua adierazteko

Dantza garaikideak Cardenal Ilundain HLHIPko ikasgelak astinduko ditu, ikasleek aukera izan dezaten gorputzaren eta mugimenduen bidez beren burua adierazteko
Bigarren hiruhilekoan, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek astero ordu eta erdiko dantza-ikastaroak eginen dituzte ikastorduetan

Arrotxapeko Cardenal Ilundain HLHIPko berrogeita hamar bat haur beren sormena adierazten ikasten ari dira, dantzaren bidez. Ikastetxe horretako 6. mailako ikasleak dira, eta urtarriletik martxora bitarte Ni dantzari programan parte hartuko dute, dantza garaikidean prestakuntza jasotzeko; La Faktoria Choreographic Center zentroak bultzatu du programa, Iruñeko Udalarekin elkarlanean. Ekimenaren helburua da txiki-txikitatik adierazpen-modu berriak piztea ikasleengan. 

Ordu eta erdiz arituko dira dantzan, astean behin, Gorputz Hezkuntzari dagokion ikastorduan. Helena Lizari Malo irakasle eta dantzariak irakasten die dantzatzen, eta programari esker, dantza, gorputz-adierazpena eta mugimendua lantzen dituzte, banaka, bikoteka eta taldeka. Dantzan murgiltzeko esperientzia pilotu bat da, hamar aste iraunen du, eta aste horietan sortutako koreografia batekin emanen zaio amaiera. Programa dantzak irakastetik haratago doa: gizarte-sentsibilizazioari mesede egin nahi dio, eta praktika artistikoak ikasleen artean zabaldu nahi ditu, baina baita irakasle eta familien artean ere.  

Jarduera psikomotorren bidez, norberaren autonomia sustatu, eta nortasuna garatzen da; halaber, komunikatu ahal izateko beste modu batzuk ikasten dituzte, eta horri esker, mesede egiten zaie norberaren sormenari, eta garapen kognitibo eta motorrei.     Hainbat ikerketak azpimarratzen duten moduan, honako hauek sustatzen ditu dantzak: adierazpena, norberaren gorputza ezagutzea, erritmo zehatzak hobeto barneratzea, eta espazio-denborazko orientazioa. Gainera, sormena, inprobisazioa eta jolasak sustatzen ditu eta, horri esker, gizarteratzea errazten du.  

Batetik, ikastaro horiek egiteari esker, irakasleek beste testuinguru batean ikusten dituzte ikasleak, ikasgela arruntetik kanpo; bestetik, informazioa eta estrategiak eskuratzen dituzte, ikasleak motibatu, guztien autoestimua hobetu, eta arreta jartzeko gaitasuna hobetzeko. 
La Faktoria Choreographic Center dantza garaikidea sortu, ikertu eta irakasteko zentro bat da, eta jarduera hori sustatu du, ikasleen identitate pertsonala eta soziala eraikitze aldera.     Zentroa 2019an inauguratu zuten, eta Iruñeko Udalarekin hainbat ekintzatan elkarlanean ari da hainbat ekintzatan: besteak beste, Civivox sarearen Danz jaialdiarekin. Oraingoan, ikastetxeei zuzendutako proposamen bat da, eta egin ahal izateko, 10.164 euro jarri ditu Udalak.    
 

¿Te ha sido útil esta página?