Damaris Pan euskal artistaren Qu’est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée? (Zer galdetu nahi didazu galdera hain zail horrekin?) erakusketa irailaren 20ra arte egonen da ikusgai Ziudadelako Labean. Aurkeztutako artelanetako batek ematen dio izena erakusketari. Pieza artistikoak sormenezko une desberdinetan sortu ziren, eta jatorri oso desberdinak dituzten materialekin izan dira eraikiak.
Besteak beste, gresez egindako “Baguette” ogien multzo batek osatzen du erakusketa, eta ogi-barra horietatik begi-nini beltz distiratsuak dituzten arrosez esmaltatutako begiak sortzen dira. Ogi-pieza horiek askotariko interpretazioak iradokitzen dituzte, eta erakusketaren ernamuina dira; erakusketak, hain zuzen ere, esanahi berezia du, XVI. mende amaierako ogi-labe batean baitago kokatuta. Sorkuntzek materialen, formen eta espazioaren arteko hartu-emana proposatzen dute.
Damaris Pan artistak Kometak proiektuan parte hartzen du, eta horren barruan kokatzen da Qu’est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée? erakusketa: Etxepare Euskal Institutuak, Uharteko Arte Garaikideko Zentroak eta Zébra3 espazioak sustatzen dute proiektua, egonaldi artistikoak trukatzearen eta kultur proposamen garaikideak hedatzearen bidez mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko xedez.
Bordelen egindako egonaldi artistikoak ikertzeko, esperimentatzeko eta elkarlanean aritzeko gune bat eskaintzen du, eta Damaris Panen (Mallabia, 1983) jardunbidearen parte da. Lanzaroten, Txinan, Estatu Batuetan eta Alemanian egindako egonaldietan ere parte hartu du Damarisek. Artista Bilbon bizi da, eta bertan sorkuntza artistikoa Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Pintura Saileko irakasle izatearekin uztartzen du.
Berriki egin dituen banakako erakusketei dagokienez, hauek dira nabarmentzekoak: Oalddilal V (Valladolid, 2024-2025), Male Male (Palma, 2023), Un martillo en la cabeza eta Veri Pery (Bartzelona, 2022), Cuernos a la Vista (BilbaoArte, 2020) eta Qué morena estás (Bilbo, 2018); horrez gain, erakusketa kolektibo hauetan ere parte hartu du: El árbol de lo que aún no sabes (Bartzelona 2023-2024), Turno de réplica (Valladolid, 2021) eta Bi Dos Two (Bilbo, 2018).
Halaber, artistaren sormen-lanak sari hauek jaso ditu: Nazioarteko Pinturaren BMW Saria (2024), ibilbide artistikoa aitortzeko Gure Artea saria (2021), Arte plastikoak ekoizteko beka (2022), Eremuak programaren Praktika Artistikorako Laguntza (2021) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren ikusmen-arteak sortzeko beka (2015).
QU’EST-CE QUE VOUS VOULEZ ME DEMANDER AVEC CETTE QUESTION SI COMPLIQUÉE?
• Damaris Pan artistaren erakusketa Ziudadelako Labean
o Datak: irailaren 20ra arte
o Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.