
Abuztuaren 17ra bitarte, honako hauek eska dezakete, datorren ikasturterako, Udalaren kirol instalazioen erabilera: kirol-elkarteak edo klubak, IGEak, federazioak, elkarteak, ikastetxeak eta eskola-kontseiluak, enpresak, Nafarroako Gobernua, Udalaren prebentzio-ekintza komunitarioko zerbitzuak eta beste udal-zerbitzu batzuk, baita txapelketa arautuetan parte hartzen duten taldeak ere.
Udal-kiroldegiak; Sanduzelaiko, Lezkairuko eta Arrotxapeko futbol-zelaiak, eta Arantzadi nahiz Sanduzelaiko kirolguneetako instalazioak; horiexek dira eska daitezkeen azpiegiturak. Zehazki, deialdi honetan laga ahal diren guneak honako hauek dira: futbol-zelaiak, kirol anitzeko pistak, kirol-aretoak (gimnasioak, bilera-aretoak eta / edo bulegoak izan ezik), Mendillorriko trinketa, Arantzadi KHaren padel-pistak eta kirol-instalazioetako igerileku estalien kaleak, bai Arantzadin bai Sanduzelain.
Deialdi honetako helburua guneak erreserbatzea da, horietan eskola, ikastaro, entrenamendu, txapelketa zein han egitekoak diren bestelako jarduera batzuk antolatzeko. Eskaera tramitatzeko deialdiaren inprimakia bete behar da, eta Iruñeko Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.pamplona.es), Udalaren webgunean (www.pamplona.es/temas/deporte) edo 010 eta 948 420 100 Herritarrendako Arreta telefonoetara deituta eskuratu daiteke. Udalaren futbol-zelaien erabilera eskatzen duten entitateen kasuan, entitate interesdun guztiek egin beharko dute eskaera, zelai horietako erreferente diren kirol-klubak barne. Era berean, Boscos trofeoan parte hartzen duten taldeek “Boscos trofeoa” Kirola Sustatzeko Entitatearen bidez egin beharko dute eskaera, eta inolaz ere banaka.
Deialdi osoa –ebazteko epea, eman daitezkeen erabilera-banaketak edo beste edozein alderdi barne– COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz unean-unean behar diren segurtasun-neurriak aplikatzeko indarrean den araudiaren menpe egonen da.