Cybèle Varela artista brasildarrak erakusketa bat eginen du Iruñean lehen aldiz: hain berea duen mintzaira bisualari buruzko atzerabegirako bat da, eta pop estetika, surrealismoa eta kritika soziala nahasten ditu

Cybèle Varela artista brasildarrak erakusketa bat eginen du Iruñean lehen aldiz: hain berea duen mintzaira bisualari buruzko atzerabegirako bat da, eta pop estetika, surrealismoa eta kritika soziala nahasten ditu
Gaur egungo artean erreferenteetako bat da Varela, bai Brasilen eta bai nazioartean, eta Mistoen Eraikin irisgarri berrian egonen da ikusgai haren lana



Pop estetika, surrealismoa eta kritika soziala uztartzen ditu Varelak bere lanetan, eta hala, artearen muga konbentzionalak gainditzen dituzten obrak sortzen ditu. Mintzaira bisuala du bereizgarri, eta horri esker, erreferente bihurtu da gaur egungo artean, bai Brasilen eta bai nazioartean. Varelaren atzerabegirako bat jarriko dute Ziudadelan: lehen aldiz eginen du erakusketa bat Iruñean. Mistoen Eraikinean izanen da erakusketa, duela gutxi zabaldu baitute berriz eraikina: bost hilabetez itxita egon da, irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dituzte eta.  

Cybèle Varela: bazen behin du izena erakusketak, eta 1990eko hamarkadatik 2010era bitartean sortutako lanak biltzen ditu. Elkarren artean lotura handia dute gainera lan guztiek. 1997ko Once upon a time (Bazen behin) proiektuaren parte da erakusketa, izen berekoa, eta beste hiru multzok osatzen dute: Why not? (Zergatik ez?, 1998), Surroundings (Ingurumariak 2000-2001) eta Travel (Bidaia, 2009-2010).  Hainbat baliabide erabiltzen ditu Varelak lan horietan –argazkiak, margolanak, bideoak eta objektu bat–, eta horien bidez, haren praktika artistikoaren bilakaera azaleratzen da, eta nola aztertu nahi izan duen etengabe errealitatearen eta irudimenaren arteko harremana. Modu kritikoan heltzen dio generoaren gaiari, eta feminitatearen, identitatearen eta gizartearen itxaropenen irudikapenak aztertzen ditu, aldi berean pertsonala eta unibertsala den ikuspegia oinarri hartuta. 

Konposizio bereziak sortzen ditu: iruditeria poetikoa da nagusi, eta oso fin erabiltzen ditu koloreak. Horrek agerian uzten du artistak konpromiso irmoa duela memoriarekin, pertzepzioarekin eta denboraren joanarekin. Sustrai brasildarrei eztiki errotua da Varelaren artea, eta Europako kulturarekin txirikordatzen da gainera: historia eta diskurtso garaikidea uztartzen dituzten narratibak sortzen ditu, eta hausnarketa bat proposatzen du identitatearen eta ikusmen-pertzepzioaren muga aldakorren inguruan. Cybèle Varela ezin da diziplina finko batean sailkatu, eta, zer belaunalditakoa den aintzat hartuta, ezaugarri hori liluragarria da, jarrera erabat askea erakusten baitu. Diziplina guztiak baliatu eta bata bestearen atzetik kateatzen ditu, eta horren ondorioz, prozesuaren emaitza inoiz ez da izaten amaierako irudi bat: bidean ontzen du kontakizuna, helmugan baino gehiago.

Gaur goizean aurkeztu dute erakusketa, eta hor izan dira Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zuzendaria, Cybèle Varela bera eta alaba, Ariane Varela Braga, erakusketaren komisarioa. Mistoen Eraikinean ikusten ahal da erakusketa, maiatzaren 4ra arte. Ziudadelako gainerako erakusketa-aretoak bezalaxe, Mistoen Eraikina ere 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era egoten da zabalik asteartetik larunbatera, eta goizetan bakarrik igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Gaur arratsaldean Cybèle Varelarekin egoteko aukera izanen da, 19:00etan, Mistoen Eraikinean bertan, erakusketaren inaugurazio modura.

Europan egin du ibilbidea, baina sustrai brasildarrak mantenduz
Cybèle Varela Petropolisen (Rio de Janeiro) jaio zen, Brasilen, 1943an, eta Madrilen bizi da gaur egun. Nerabe zela hasi zuen ibilbide artistikoa, eta 16 urterekin lortu zuen lehen saria: Rio de Janeiroko Arte Ederren museoak eman zion. 1960an sartu zen Brasilgo arte-eszenan, indartsu sartu ere: obra figuratiboak egiten zituen, eta Pop Art Nord amerikarraren inguruko estiloekin eta eztabaidekin lotutako objektuak sortzen zituen. Hala, Brasilgo Figurazio Berriaren funtsezko artista bilakatu zen.  Garai hartan egin zituen obretan Brasilgo herri-kultura autodidakta sartu zuen, hala nola Amor/O Beijo lanean (1965, Reina Sofia Museo Nazionala, Madril): hiri-kulturaren eta masa-komunikabideen elementuak biltzen zituen, Brasilgo gizarteari, egoera politikoari eta genero-rolei buruzko gogoeta egiten zuen ikuspegi kritiko eta askotan ironikoa abiapuntu hartuta.

1967an, São Pauloko Arte Garaikidearen Museoko (MAC-USP) Arte Gazte Garaikidearen Saria eskuratu zuen, eta São Pauloko biurtekoan parte hartu zuen lehen aldiz. Biurteko horretan, kutxa itxurako O Presente (Oparia, 1967) objektua ezaguna egin zen; izan ere, Brasilgo Ordena Politiko eta Sozialeko Departamentuak, diktaduran zentsuraren ardura zuen organoak, kendu egin zuen. Horrek aukera berriak esploratzera bultzatu zuen Varela. Frantziako Gobernuaren beka bati esker, 1968an Brasil utzi eta Parisera joan zen, eta han bere praktika artistikoa zabaldu zuen bideoartea eta argazkigintza gehituta. 

Figurazio Narratiboaren mugimenduan engaiaturik zegoenez, natura bere buruaz hausnartzen irudikatu zuen Irudiak (Pompidou Zentroa, Paris) izeneko pintura, argazki eta bideo multzo batean: lan horren bidez zalantzan jarri zuen errealitatearen irudikapen anbiguoa. 1975ean, Trente créateurs (Hogeita hamar sortzaile) erakusketa ibiltariko emakume bakarra izan zen, eta garai hartan Frantzian ziharduten beste hainbat artista handik erakutsi zituzten beren lanak, hala nola Hans Hartungek eta Pierre Soulagesek.

Europan eman ditu bizitzako urte gehienak: Parisen, Genevan eta Erroman, eta orain Madrilen bizi da. Nolanahi ere, Brasilgo kulturarekin duen konpromisoa ez da inoiz ahuldu, eta bere jatorrizko herrialdeko kolorearen eta jendearen oroitzapenak erdigunean jartzen ditu bere lanetan, eta memoria, identitatea, generoa eta lekualdatze kulturala jorratzen ditu. Horiek horrela, ahots kritikoa da hala Latinoamerikako nola munduko diskurtso artistikoan. 
 

¿Te ha sido útil esta página?