CSICek hiriko hainbat balkoitan jarritako lorontzi batzuen laginak aztertuko ditu Iruñeko kutsadura maila egiaztatzeko

CSICek hiriko hainbat balkoitan jarritako lorontzi batzuen laginak aztertuko ditu Iruñeko kutsadura maila egiaztatzeko
Iruñeko Udalak bultzatutako esperientzia da, eta herritarrak engaiatu ditu etxebizitzetatik kutsadura neurtzeko
Medición contaminación plantas

 

Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldea Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiarekin (CSIC) elkarlanean hiriko hainbat bizilagun engaiatu dituen esperientzia bat egiten ari da, balkoietatik beren inguruko edo auzoko kutsadura-maila neurtu ahal izan dezaten. Jasotako laginak laborategian aztertuko dira, eta hurrengo asteetan emaitzak aurkeztuko dira Ingurumen Hezkuntzako Museoan eginen den lantegi batean. Proiektuaren azken txanpa bat dator Ingurumenaren Nazioarteko Egunarekin (igandean), eta Udalak sinbolikoki bat eginen du Udaletxeko fatxada berdez argiztatuz.

Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako lantaldearen proposamena herritarren zientziako programa erraz batean oinarrituta dago, zeinetan edozein pertsona, familia edo entitate zientzialari bilakatu baitaiteke eremu bakoitzeko airearen kutsadura-mailari buruzko pautak eman ditzaketen datuak jasota. Balio handiko datu horiek jasotzeko tresna belarra duen lorontzi bat da. Balkoian edo kanpoko leiho batean jarri behar da, eta lehenengo lantegian eman ziren jarraibideekin bat ureztatu. Lantegian, halaber, hainbat jarraibide erraz eman eta laginak jasotzeko gomendatutako epeak azaldu ziren.

Behin laginak jasota eta CSICeko laborategian aztertuta, teknikariek emaitzak aurkeztu eta azalduko dituzte Ingurumen Hezkuntzako Museoan datozen asteetan eginen den jardunaldi batean. Hala, metal astunen edo beste elementu mineral batzuen presentzia dagoen ikusiko da. Emaitzak azaltzearekin batera, herritarrek lortutako emaitzen interpretazioan parte hartzea bilatuko da. Horrela, airearen kalitatean inplikatutako faktoreei buruzko espiritu kritikoa garatu ahal izanen dute, eta hori ideia-jasa batean islatuko da, non hiriko airearen kalitatea hobetzeko herritarren eskura egon daitezkeen neurri zuzentzaileak proposatuko baitira.

Datozen asteetan eginen den azken saio horretan parte-hartzea doan da, aldez aurretik izena emanda 010 herritarrendako informazio telefonoaren bidez (edo 948.420.100, gailu mugikor batetik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).

Herritarrak kontzientziatzea kutsadura murrizteko beharraz, ‘Go Green Iruña’ estrategiaren helburuetako bat

Proiektu horrek Iruñeko herritarrak kontzientziatu nahi ditu egunero hiri-ingurunean egiten diren jardueren –batez ere mugikortasunarekin lotutakoak– eta bizi diren lekuaren ingurumen-kalitatearen artean dagoen loturaz. Ingurumen Hezkuntzako Museoak gogora ekarri du garrantzitsua dela harreman hori ulertzea eta gogoratzea trantsizio ekologikoaz jabetzeko; izan ere, hiri-inguruneko airean agertzen diren metal astun eta partikula gehienak trafikotik datoz.

Lantegi hori martxan jartzea ‘Go Green Iruña’ udal-estrategiaren jardueren parte da, zeinak hirian ingurumen-jasangarritasunaren inguruan eta klima-aldaketaren aurka egiten diren jarduketa guztiak bildu, eta datozen urteetarako jarduera-ildoak zehazten baititu, besteak beste, garraioaren deskarbonizazioa, zeinak berotegi efektuko gasen isurketen % 57ren arduraduna baita.

Jarduera horrek izan duen harrera onaren ondoren Iruñeko Udalak datorren ikasturtean berriz ere egitea erabaki du. Datak oraindik zehazteke dauden arren, informazioa eskatu daiteke Ingurumen Hezkuntzako Museoan (Errotazar k. zenbakirik gabe, Arrotxapea) edo  948.149.804 telefonoan.

¿Te ha sido útil esta página?