Iruñeko Udalaren COworkids haur eta nerabeendako programa berriak Aste Santurako hiria hobetzeko ideiak bilduko dituen haur eta nerabeentzako lehen hiri-kanpaldia antolatu du. ‘Iruña 2030. Zer hiri imajinatzen duzu etorkizunean?’ izenburupean, Arantzadiko parkeko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Interpretazio zentroan (Arantzadiko Ingurunea, 8) eginen da, apirilaren 6tik 9ra. Hala azaldu dute prentsaurrekoan María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo programaren koordinatzaileak.
Aurkezpenean urtarrilean abiatu zen COworkidsen jardueretan izan diren partaide kopuruari buruzko datuak ere eman dira. Une honetan 516 pertsonak 785 izen-emate egin dituzte, eta lehen hiruhilekorako aurreikusitako leku guztiak bete dira, pilota jarduerakoak salbu. Lehenengo hilabetean, 229 lagunek 334 izen-emate egin zituzten. Gizarte-, hezkuntza-, sormen- eta kirol-jardueren bidez, COworkidsek, egunez egun, haurren prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzen ditu haien eskubideez bezainbatean, hartara konpetentzia globala sustatuta.
Azkenik, jakinarazi dute martxoaren 23etik aurrera epea irekiko dela jarduera berrietan –hauek ere doakoak eta unibertsalak– izena emateko , eta beste batzuk gehituko zaizkiola egungo programazioari, hala nola magia eta Garapen Jasangarriko Helburuei buruzko bideojokoak. Programaren webgunean kontsultatzen ahalko dira, non informazio guztia biltzeaz gain, hilabetero eguneratzen den blog bat ere baitago. coworkids@pamplona.es helbidean informazio gehiago jaso daiteke.
Jolasak, kirolak eta gizarte-, hezkuntza- eta sormen-jarduerak
Hiri-kanpaldian jolasak, kirolak eta gizarte-, hezkuntza- eta sormen-jarduerak eginen dira, non haurren partaidetza landuko baita. Esaterako, hiriaren maketak eginen dira Lego piezak erabilita, eta horma-irudiak, birziklatutako materialekin. Sarrera-ordua 08:30etik 09:00etara izanen da, eta azken ordu horretatik aurrera hasiko dira jarduerak. 12:30ean hamaiketako osasungarria izanen da, eta irteera-ordua, 14:30etik 15:00etara.
Garapen Jasangarriko Helburuak kontuan hartuta, hiria hobetzeko taldeek egindako proposamenak jasoko dira, eta kanpoko epaimahai aditu batek baloratuko ditu, horietako bi gauzatzeko COworkids programaren barruan, Nafarroako Rural Kutxaren babesarekin. Halaber, azken egunean, bilera bat eginen dute Iruñeko alkatearekin, haien ideiak helarazteko. Hala, Aste Santuko COworkids hiri-kanpaldiak eztabaida sustatuko du, bai eta haurren partaidetzak benetako eragina izatea ere.
4 egunetarako izen-ematearen prezioa 10 eurokoa da, eta deskontuak izateko aukera
Udalaren hiri-kanpaldien kokapen berria aukeratu da kontuan hartuta hiri- eta landa-eremuak lotzen dituen gunea dela eta bertan, haurrek eta nerabeek naturarekin harremanetan egoteko aukera izanen dutela aire zabalean.
Kanpaldi osorako izen-ematearen prezioa 10 euro da, % 20ko deskontuarekin bi seme-alaba badoaz. Kasu horietan kuota 8 eurokoa litzateke. Hiru badira seme-alabak, deskontua % 30ekoa da (7 euro haur bakoitzeko). Guztira 130 leku daude, bi taldetan banatuta: 6-12 urtekoak eta 13-17 urtekoak. Programa gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera dago.
Eskaerak martxoaren 16tik aurrera egin daitezke, 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetan. Kanpaldia antolatzeko aintzat hartu dira COVID-19aren ondorioz beharrezkoak diren osasun-neurri guztiak. Behin matrikula ordainduta, zenbatekoa ez da inola ere itzuliko, medikuaren txostenaren bidez justifikatutako arrazoi medikoagatik izan ezik. Kanpaldiaren prezioa berdin mantenduko da, egunen batean joan ez arren.
Benetako partaidetza sustatzea eta haurren eskubideak ezagutaraztea
COworkids haurren eskubideak oinarri dituen programazioa lantzen ari da auzo bakoitzeko eguneroko jardueretan. Iruñeko haur eta nerabeekin egindako jarduera horien guztien azken helburua da tresnak ematea haien partaidetzak hirian benetako eragina izan dezan.
Lehen asteetan taldeak sendotzea eta kide bakoitza eta ingurunea ezagutzea bultzatu da. Behin taldeak osatuta, Pedagogiako Alorrak, lantalde teknikoarekin elkarlanean, programazioa diseinatu du. Halaber, programaren prebentziorako esparruaren barruan, teknikariek egunero partaide bakoitzaren jarraipena egin dute. Jarraipen horretatik abiatuta, Pedagogiako Alorrak, astero aktibatzen ditu protokoloak, hala badagokio.
Eskola-laguntza, sormen-jarduerak, joko anitzak, kirola, lantegiak, eztabaida-asteak...
Eskola-laguntzan, adibidez, etxeko lanak egiteaz gain, irakurmena lantzen ari dira nesken hezkuntza-eskubideen defendatzaile den Malalaren ipuinekin; idazmena, komikien bidez, haurren eskubideen defentsako erreferente diren pertsonaiekin, eta ahozko komunikazioa, kamishibairen bidez. Sormen-laborategian eta joko anitzetan, auzo bakoitza horma-irudi parte-hartzaile bana egiten ari da, non islatzen baitute munduko neska eta mutil guztiek eskubide berberak dituztela. Talde bakoitza bere Haurren Eskubideen Hitzarmena egiten ari da.
Martxoaren 8tik aurrera, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin lotutako edukiak jorratuko dira ginkanen bidez, esaterako. Prestakuntza hori osatzeko kirol-jarduerak daude –xakea, saskibaloia eta pilota–, baita Gaztediaren Etxeak auzoetan bultzatutakoak ere, hala nola koloniak esentzia naturalez egiteko lantegia, buztin-lantegia edo Street Dance eta K-POP lantegiak.
Horrez gain, haurren partaidetzari buruzko programazioa inplementatzen hasiko dira talde bakoitzean erabakiak hartzeko batzarrak eginez, bozkatzeko hautetsontziak diseinatu eta sortuz, eta haurren partaidetzari dagokionez funtsezkoak diren pertsonaiak, Iqbal Masih kasu, rol jolasen bidez interpretatuz. Hiruhileko bakoitza amaitzean, Eztabaida-asteak eginen dira, eta berekin ekarriko dute Haurrentzako Partaidetza Kontseilua sendotzea, 14 ordezkarirekin: neska edo mutil banarekin auzo bakoitzeko. Hala, Iruñeak Haurtzaroaren Hiri Adiskide gisara duen egitekoa beteko du.
Prestakuntza-lanak familiekin, boluntarioekin eta praktiketako ikasleekin
Adingabeekin lan egiteaz gain, COworkids funtsezko beste eragile batzuekin aritzen da helburu horiek lortzeko, adibidez familiekin. Gurasoen prestakuntza-beharren diagnostikoa gauzatzen ari dira. Lehen hiruhileko honetan talde-bileretarako deialdiak egin dira; haietan ehun familiak baino gehiagok parte hartu dute, eta hitzordua eman zaie programaren Psikologia-arloarekin banakako elkarrizketak egiteko.
Funtsezko beste eragileetako bat boluntarioak eta haur eta nerabeekin lan egin nahi duten praktiketako ikasleak dira. COworkidsek, egun, 80 pertsona baino gehiago ditu jardueretan laguntzen. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin (Gizarte Laneko gradua) eta Nafarroako Unibertsitatearekin (Psikologia gradua) elkarlanean egiten ari den programak 14 ikasle hartzen ditu, eta inplikatzen ari dira, besteak beste, programaren jarraipen-adierazleak genero-ikuspegiarekin diseinatzen eta hiriko haurren sareei buruzko diagnostiko bat egiten. Martxoaren 10ean, Nafarroako Eskola Politeknikoko Gizarteratzeko 7 ikasle sartuko dira, talde eta auzo bakoitzerako programazio egokiak diseinatzen eta jarraipena eta ebaluazioa egiten laguntzeko.
Prentsaurrekoan nabarmendu da COworkids inplementatzeko prozesuan oinarrizkoa izaten ari dela sare-lana. Bilerak egin izan dira, hilabetero, honako hauekin: UNICEFen Nafarroako Batzordea, auzo-unitateak, ikastetxeak, haurren sareak, CERMIN, Nafarroako Ikasketa eta Zerbitzu Sarea, Nafarroako xake, saskibaloi eta pilota federazioak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Eskola Politeknikoa eta aisialdi eta denbora libreko eskolak.
Hurrengo hiruhilekoa: ostiraletan bideojokoak, magia, piraguismoa, saskibaloia
Urteko bigarren hiruhilekorako, egungo programazioari, berritasunak gehituko zaizkio. Adibidez, ostiraletan bideojokoak izanen dira, Paz y Solidaridad GKErekin elkarlanean. ‘Cooperaland: 2030 agendari buruzko Minecraft-a’ ardatz hartuko dute, Gaztediaren Etxeko ziber-ikasgelan eginen da, 10 eta 14 urte bitartekoei zuzenduta eta bi taldetan banatuta: 17:00etatik 18:00etara, bata, eta 18:00etatik 19:00etara, bestea.
Halaber, 8 urtetik aurrerako haurrentzako magia egonen da jarduera berri gisa, hainbat auzotan, larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara;eguraldi ona iristearekin batera, piraguismoa praktikatzeko aukerak larunbat guztietara zabalduko dira, 12:00etan, 8 urtetik gorakoentzat, eta auzoen arteko saskibaloiko partidak aurreikusita daude.
Izen-emateak Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren 010 edo 948 420 100 telefonoetara deituta eginen dira, martxoaren 23tik aurrera.