COworkidsek haur eta nerabeen eskubideak lantzen jarraituko du, eta izena doan emateko epea zabalduko du 14 auzotan proposamen berriak eskainiz, hala nola, dantza, antzerkia eta 3D diseinua

COworkidsek haur eta nerabeen eskubideak lantzen jarraituko du, eta izena doan emateko epea zabalduko du 14 auzotan proposamen berriak eskainiz, hala nola, dantza, antzerkia eta 3D diseinua
Eskola-laguntzako, sormeneko, jolasetako, xakeko eta saskibaloiko programazioari auzo bakoitzak parte-hartzaileek proposatutako ideiak batzen dizkio

 

 

Iruñeko Udalak bultzatzen duen haur eta nerabeendako COworkids programak, giza eskubideak eta haur naiz nerabeen parte-hartze aktiboa jorratzen dituenak, ikasturte berrirako izena emateko epea zabalduko du. Jarduerak doakoak dira eta hiriko 14 auzoetan eginen dira. Programazio osoa www.coworkidspamplona.es webgunean kontsultatu daiteke.

Izen-emateak coworkids@pamplona.es helbide elektronikoaren bitartez edo auzo bakoitzeko berariazko telefono zenbaki batera deituta egin daitezke, irailaren 13tik 23ra bitarte, 'Larunbatean, dantza' jardueran izan ezik. Kasu horretan, irailaren 6tik aurrera eman behar da izena 948420584 telefonoan.

Guztira 3.000 toki baino gehiago eskaintzen dira 6 eta 18 urte bitartekoendako. Honela banatuta: 2.200, eskola-laguntza, sormen-laborategia eta joko-anitzetarako; 400, xake eta saskibaloirako; 210etik gora, zumba, 3D diseinua, futbola, pilota eta antzerkirako, besteak beste, eta 200 inguru ‘COworkids larunbatetarako’.

Programazio irisgarria hiri osoko haur eta gazteendako

Programazioa egituratuta dago auzo guztietarako komunak diren jarduera batzuk eta eremu bakoitzean parte-hartzaileek aurreko ikasturtean egindako eskaeraren araberako proposamen ezberdinak oinarri hartuta, María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo programaren koordinatzaileak aurkezpen-prentsaurrekoan azaldu duten bezala.

Komunak izanen dira eskola-laguntza, sormen jarduerak, joko-anitzak, xakea eta saskibaloia, besteak beste, eta horiei auzo bakoitzean proposamen berriak gehituko zaizkie, hala nola, hainbat dantza modalitate, beste kirol batzuk, antzerkia eta 3D diseinua. Hala, Iruñeko Udalak programaren bigarren edizioan jarraipena emanen die gizarte-hezkuntza, kultura, arte, kirol, aisialdi eta denbora libreko doako ekintzei, zeinak hiri osora helduko baitira haur eta gazteen irisgarrritasun unibertsala ahalbideratuz.

Eskaintza berrirako kontuan hartu diren inkestak eta jarraipen-adierazleak

COworkidsen programazio berria antolatzeko orduan kontuan hartu dira web webgunean argitaratuta dauden etengabeko jarraipen-adierazleak. Horiekin bat, ekainean zenbait jardueratako erabiltzaileei inkestak egin zitzaizkien. Erantzunen arabera, haur eta nerabeen % 98k baieztatu zuten beren eskubideak azaltzeko gai izanen zirela; beste hainbestek aitortu zuten beren familiek COworkidsen egiten zutena ezagutzen zutela, eta % 90ek adierazi zuten asko gustatu zitzaiela jarduerak egin ziren ingurunea. Halaber, % 70en iritziz arratsalderoko fruta-askaria ona zen.

Inkestetan ere, ikasturte berrirako iradokizunak jaso ziren. Adibidez, Arrotxapean futbola eskatu zuten, Azpilagañan antzerki musikala eta Donibanen 3D diseinua, besteak beste. Hori kontuan hartuta, antzerki eta antzerki musikaleko lau talde ireki dira Azpilagañan, Mendillorrin, Zabalgunean eta Txantrean; futbol taldeak Arrotxapean eta Milagrosan, jada Lezkairun eta Etxabakoitzen daudenei gehitzen zaizkienak, eta Alde Zaharrerako pilota talde berri bat Labrit pilotalekuan, Iturramako López pilotalekukoaz gain.

Dantza eskaintza larunbatetan Gaztediaren Etxearekin elkarlanean

Badira beste berritasun batzuk, hala nola, zumba euskaraz eta gaztelaniaz Sanduzelain eta Buztintxurin, eta 3D diseinua Donibanen eta Ermitagañan (bi talde). Ikasturtean gehien egiten zen eskarietako bati erantzuna emateko COworkids Larunbatak diseinatu dira, dantzaren inguruan, Gaztediaren Etxearen laguntzarekin. Larunbatero auzo batean, haur eta nerabeek estilo ezberdinak praktikatzeko aukera izanen dute, afrodance-a, street dance-a edo popping-a, besteak beste.

14 auzoetako eskaintza komunak honako hauek barne hartzen ditu, astelehenetik ostegunera: eskola-laguntza, 16:30etik 17:45era; askari osasungarria ondoren, eta sormen-laborategia eta joko-anitzak 18:00etatik 19:00etara. Gainera, astean behin, saskibaloia eta xakea, 18:00etatik 19:30era.

Ikasturtean zehar, aurrekoan bezala, programazio guztia Garapen Jasangarrirako Helburuen eta haurren eskubideen barruan sartuko da, ingurumena zaintzean arreta berezia jarrita. Halaber, familien parte-hartzea giltzarri izanen da, eta datozen asteetan hasiko den Gurasotasun Positiboko programan aintzat hartuko dira.

Nola eman izena

COworkidsen 'Larunbatean, dantza' jardueretan izena emateko epea irailaren 6an hasiko da, eta zabalik egonen da ikasturte osoan zehar, familia bakoitzak nahi duen larunbatean izena eman ahal izateko. Bertaratu nahi dutenek coworkids@pamplona.es helbidera idatzi edo 948420584 deitu dezakete. Arreta-ordutegia 09:00etatik 14:00etara da.

Auzo bakoitzeko jardueretan izena emateko epea irailaren 13tik 23ra egonen da zabalik, 09:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Auzo bakoitzerako berariazko telefono baten bidez eginen dira, erreferentzia gisa eremuko Gizarteratzeko teknikaria izanda. Telefono zenbakiak auzoko programazioan kontsulta daitezke, www.coworkidspamplona.es webgunean jarduerak atalean.

Jardueren memoria www.coworkidspamplona.es webgunean

Ikasturte berriko proposamenak udan 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartu duten hiri kanpaldietako 800 leku bete ostean datoz. Eskaintzaren artean, lehenengoz, 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzendutako kanpaldi bat eta nerabeendako beste bat egin dira, eta 6 eta 12 urte bitartekoek 510 lekutako eskaintza izan dute hiru ikastetxetan. Halaber, hipikako eta zaldiaren zaintzako kanpamentuak antolatu ziren Zizurreko Zaldi-zentroan, eta igeriketakoak Arantzadiko instalazioetan. Udal-programazio horri guztiari, hiri-kanpaldi bat gehitu zitzaion ekainaren azken astean Etxabakoitzen.

Jardueren memoria, bai eta urteko lehen seihilekoena, www.coworkidspamplona.es webgunean eskuragarri dago eta parte hartzen duten familia guztiei zein entitate laguntzaileei bidaliko zaie formatu digitalean. Bertan bilduta dago Iruñeko 14 auzoetako bakoitzean egindako hezkuntza-proiektuen bilduma bat. Zenbakitan, 905 haur eta nerabek parte hartu dute eskola-laguntzako 14 talde baino gehiagotan, sormeneko talde kopuru berean, saskibaloiko 17 taldetan, xakeko 16tan, auzoetan bertan sortutako 2 futbol-taldetan, eta piraguismo, pilota, Street Dance, magia edo buztin talde egonkorretan. 100 lagun baino gehiago aritu dira COworkidsekin elkarlanean boluntariotza eta ikasketa-praktiken bidez. Zeharkako onuradunak (aitak, amak eta bestelako senideak) 1.800 lagun baino gehiago dira.

Jarduerak entitateekin eta boluntarioekin elkarlanean

‘Hiria eginez’ eta ‘Kolaborazioak’ ataletan jasota dago zein entitaterekin egin diren jarduerak: Nafarroako Xake, Saskibaloi eta Pilota federazioak, Iruñeko Piraguismo Kluba eta Gaztediaren Etxea. Horiei praktikak eta boluntariotza egiteko entitateak gehitu behar zaizkie, hala nola, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Eskola Politeknikoa, aisialdi eta denbora libreko eskolak eta Navarra + Voluntaria boluntarioen plataforma.

La Caixaren laguntzari esker, egunero doako askari osasungarri bat eskaini zaio parte hartzaile bakoitzari. Memorian ‘Hiri-kanpamenduak eta haurren parte hartzea’ atala ere jasota dago,  eta bereziki azpimarratzen da  Nafarroako Rural Kutxarekin egindako elkarlana, haurrek eta nerabeek Aste Santuko kanpamenduetan sortutako 13 proposamenetatik 2 garatu ahal izateko.

Memoriak, halaber, aitortzen du ikastetxeekin, auzo-unitateekin eta, jakina, familiekin egindako sare-lanaren garrantzia. Diziplina anitzeko lantaldeak koordinatu du, Pedagogia eta Psikologia alorrekin batera, Gizarteratze Teknikarien lantaldeak erabiltzaile bakoitzari egindako eguneroko jarraipen pertsonalizatuari esker.

Azkenik, Haurtzaroko I. Mahaiari buruzko atala dago, zeina maiatzaren 27an ospatu baitzen Iruñean lehen aldiz, eta bertan parte hartu zuten haurren ordezkariek, ordezkari politikoek, UNICEFek, Nafarroako Eskola Kontseiluak eta Ikasketa eta Zerbitzuko Nafarroako Sareak.

¿Te ha sido útil esta página?