Iruñeko Udalak 760 toki proposatzen ditu udarako eta COworkids programaren bitartez, 3 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzendutako hiri-kanpaldietan. Uztailaren 5etik abuztuaren 20ra bitarte eginen dira, eta lehen aldiz, 3 eta 5 urte bitarteko haur txikiendako kanpaldiak eskainiko dira. Ikastetxeetako ohiko hiri-kanpaldiez gain, hainbat kanpaldi tematiko antolatu dira, hipikakoak Zizurreko Zaldi-zentroan, igeriketakoak Aranzadiko instalazioetan eta planetaren zainketakoak San Bartolome gotorlekuan.
María Caballero Gizarte Zerbitzuetako, Komunitate Ekintzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak eta Celia Pinedo COworkids programaren koordinatzaileak, gaur goizean aurkeztu dute hainbat modalitate eta adin-tarte barne hartzen dituen udako hiri-kanpaldien programazioa, non ordaindu beharreko eta doaneko jarduerak uztartzen baitira, haur eta gazte gehiagorengana heltzeko. Ikastetxeetako hiri-kanpaldietan izena emateko epea ekainaren 14an hasiko da, 010 – 948 420 100 telefono zenbakietara deituta eta 23ra arte egonen da zabalik. Kanpaldi tematikoetan izena emateko egun batzuk itxoin beharko da eta telefonoz edo whatsapp bidez ere eginen da.
COworkids udako lehen kanpaldi hauek, bere sormen-irudian, aldirietako tren baten ibilbide gisa xedatzen dira, adin-tarte bakoitzeko geldialdiekin eta Iruñeko Udalak uztailerako eta abuzturako familia eta lana bateragarri egiteko eta 3 eta 18 urte bitarteko haurren eta nerabeen garapenerako eskaintzen dituen alternatibekin. Informazio guztia webgune honetan ere kontsulta daiteke: www.coworkidspamplona.es.
Hiri-kanpaldiak ikastetxeetan
Lehen geldialdiak haur txikiendako kanpaldiak barne hartzen ditu, eta guztira 90 toki izanen ditu. Asteko txandetan eginen dira, uztailaren 19tik abuztuaren 9ra, astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 15:30era. Mendillorriko Haur Eskolan izanen dira eta haurrendako jolasak eta aisialdi jarduerak eginen dira, 3 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzenduak.
Bigarren geldialdiak 6 eta 12 urte bitarteko haurrendako kanpaldiak barne hartzen ditu eta 510 toki eskaintzen dira. Ermitagaña IP, Azpilagaña IP eta Cardenal Ilundain IP hiru ikastetxe publikotan eginen dira, asteko txandetan, uztailaren 19tik abuztuaren 20ra bitarte, astelehenetik ostiralera baita ere, 8:00etatik 15:30era. Aurreikusita dagoenaren arabera, jolasak, kirola, eskulanak eta Garapen Jasangarrirako Helburuei zein haurren parte-hartzeari buruzko lantegiak eginen dira.
Bi kanpaldien aste bateko prezioa, bazkaririk gabe, 55 eurokoa da, eta bazkaria barne, 85 eurokoa. Bi seme-alabaren izen-emateagatik % 20ko deskontua eginen da, eta hirurengatik % 30ekoa. Aste baterako edo gehiagotarako eman daiteke izena. Bi kanpaldietan gaztelaniazko eta euskarazko taldeak eginen dira, eskariaren arabera.
Kanpaldi tematikoak
Hipikako kanpaldia da bidai honetako hirugarren geldialdia eta sorta horretako lehenengoa; uztailaren 5etik 17ra eginen da, 8 eta 14 urte bitarteko adingabeei zuzenduta. 40 toki eskaini dira, astelehenetik larunbatera 09:00etatik 15:30era Zizurreko Zaldi-zentroan eginen diren jardueretarako. Izen-ematea ekainaren 21etik 25era egin daitezke, 608 431 221 telefonora deituta, 09:00etatik 14:00etara Kanpaldiaren prezioak ikastetxeetako hiri kanpaldien berberak dira, 55 euro astean bazkaririk gabe eta 85 euro bazkaria barne, anai-arrebei dagozkien deskontuekin. Kanpaldia hipikaren eta zaldien zaintzaren hastapen gisa ulertzen da, eta ingurune naturalean jolasak eginen dira.
Laugarren geldialdiak Arantzadiko igerilekuetako jarduerak barne hartzen ditu. Jolasak eta gozamena igerileku barruan eta kanpoan, 9 eta 12 urte bitarteko haurrendako, asteko txandetan, uztailaren 19tik 30era. Doaneko jarduerak dira, betiere aldez aurretik izena emanez ekainaren 28tik uztailaren 2ra, 608 431 221 telefonora deituta, 09:00etatik 14:30era. ‘COworkids igerilekuak’ jarduerarako, programak 40 toki eskaintzen ditu.
Bosgarren geldialdia 13 eta 18 urte bitarteko nerabeei zuzenduta dago eta planetaren zainketa du ardatz. Abuztuaren 9tik 20ra eginen da, asteko txandetan, San Bartolome gotorlekuan. Arratsaldeko kanpaldi bat izanen da, astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara. Izen-ematea doan da eta uztailaren 5etik abuztuaren 2ra egiten ahalko da, whatsapp bidez, 696 256 369 telefonoan 80 toki eskaini dira. Zenbait jarduera aurreikusi dira, hala nola, Rawanen eta Dúo Dídymaren musika emanaldiak, DJ saioak, land art eta magia lantegiak, antzerki-jokoak, piraguismoa, ginkanak eta ihes-jokoak.
COworkidsen programazio hori Gaztediaren Etxeak ‘Txankletak’ eta ‘Hamaika plan!’ programen bitartez udarako proposatzen dituen jarduerekin osatzen da, zeinak laster aurkeztuko baitira. 12 edo 14 urtetik gorako gazteei zuzendutako jarduerak izanen dira, eta uztailaren 16tik abuztuaren 31ra bitarte eginen dira, arratsaldeko ordutegian, 16:30etik 20:00etara.
900 adingabek baino gehiagok hartu zuten parte bigarren hiruhileko jardueretan
Udarako proposamen honek jarraipena ematen die COworkidsek urte hasieran abiatutako ibilbideari eta orain arte haur eta nerabeentzat antolatutako hiruhileko programazioei. Urteko bigarren hiruhilekoan 905 adingabek parte hartu dute hainbat auzotan antolatutako doaneko jardueretan. COworkidseko lantaldea, halaber, adingabe horien familiekin zuzenean ari da lanean aurrez aurreko bileren eta telefono bidezko arreta jarraituaren bitartez. Beraz, programaren zeharkako onuradunak 1.810 pertsona inguru direla kalkulatzen da.
Haurren eskubideak, Garapen Jasangarrirako Helburuak, ingurumena eta haurren partaidetza izan dira auzo bakoitzeko eguneroko jardueretan jorratutako programazioaren oinarriak. Gizarte-, hezkuntza- eta sormen-jardueren bidez, jolasen, irakurketaren eta ahozko adierazpenaren bidez, COworkidsek, haurren prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzen ditu haien eskubideez bezainbatean eta tresnak ematen dizkie Iruñeko haur eta nerabeei, haien partaidetzak hirian benetako eragina izan dezan.
Arratsaldero, jardueretan zehar, parte hartu duten adingabeei askari osasungarria eskaini zaie, lehen hiruhilekoan bidezko merkataritzako produktuekin eta bigarrenean sasoiko frutarekin, La Caixarekin egindako hitzarmen bati esker. Eskola-laguntzako, sormeneko eta joko anitzeko eguneroko jarduerak honako hauekin osatzen da: Nafarroako Xake Federazioarekin, Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin eta Nafarroako Pilota Federazioarekin lankidetzan egindako kirol eskaintza, Gaztediaren Etxean egindako disziplina anitzeko hainbat lantegi (magia, K-Pop, lurrin, buztin, street dance lantegiak) eta Iruñeko Piraguismo Klubak larunbatetan antolatutako jarduerak.