COworkidsek 3 eta 12 urteko haurrendako hiri-kanpaldiak antolatuko ditu udan eta Gabonetan, asteko 120 tokirekin, Iturrama IPn eta Cardenal Ilundain IPn

COworkidsek 3 eta 12 urteko haurrendako hiri-kanpaldiak antolatuko ditu udan eta Gabonetan, asteko 120 tokirekin, Iturrama IPn eta Cardenal Ilundain IPn
Gobernu Batzarrak onetsi du kanpaldien kudeaketarako eta janarien hornikuntzarako bi sortatako kontratu baten lizitazioa
campamentos coworkids

 

Iruñeko Udalak, COworkids programaren bitartez, hiri kanpaldiak antolatuko ditu aurten, 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako udako eta Gabonetako oporraldietan. Tokiko Gobernu Batzarrak 2022ko hiri-kanpaldiak antolatu eta garatzeko kontratuaren lizitazioa onetsi du, 95.860,38 euroko aurrekontuarekin. 6 aste-kanpaldi ezarri dira, bakoitza 120 plazarekin, Iturrama eta Cardenal Ilundain ikastetxe publikoetan.

Kontratua bi sortatan lizitatuko da. Lehenengoak kanpaldien kudeaketa, antolaketa eta programazioa barne hartzen ditu eta 75.474,30 euroko aurrekontua du. Bigarren lotea janari-hornidura eta -banaketari dagokio, kanpaldiek jantoki-zerbitzua eskaintzen baitute. COworkidsek 3 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako gizarte eta hezkuntza baliabide hau eskaintzen du, udako eta Gabonetako oporraldietan, goizez, haurrak artatu ezin dituzten gurasoen lana eta familia bateragarri egite aldera.

Guztira, kontratuak 27 kanpaldi-egun ezarri ditu sei astetan, uztailaren 18tik abuztuaren 19ra eta abenduaren 27tik 30era. Izen-emateak bi txandatan eginen dira, udarako eta Gabonetarako, eta interesdunak astekako txanda batean baino gehiagotan izena ematen ahalko dute. Aurreikusitako ordutegia 08:00etatik 15:30era izanen da.

Hiri-kanpaldien programazioaren diseinua

1. sortak antolakuntza eta langileen kudeaketa eta hiri-kanpaldien kudeaketa barne hartzen ditu. Helburua da jolas eta hezkuntzako espazioak eta jarduerak eskaintzea, haien garapen pertsonala bultzatzeko, sare sozialak zabaltzeko, aisialdi alternatibo eta osasungarria aurkitzeko, Garapen Jasangarriko Helburuen, Haurren Eskubideen eta herritartasun aktiboaren inguruan sentsibilizatzeko eta bateragarritasuna errazteko. Jarduerek sormena, ekimena eta autoestimua sustatu beharko dute, irudimenaren, parte hartzearen, jolasaren eta erronken bidez, ingurunean hobeto moldatzea ekarriko duten gaitasun sozial eta pertsonalak garatze aldera.

Enpresa adjudikaziodunak kanpaldien programazioa diseinatuko du, parte hartzaileen adinekin bat datozen jarduerekin. Jarduerak, funtsean, hezkuntzakoak izanen dira, emozio- eta harreman-garapena lantzeko, ikaskuntza partekatuaren eta bizikidetzaren bidez. Askotariko jarduerak eginen dira, hezikidetzakoak eta inklusiboak, hala nola, ingurumena zaintzea eta tratu onak, lantegiak (antzerkia, gorputz-adierazpena, ahozko eta idatzizko adierazpena...), jolas-jarduerak (jolasak), kirol-jarduerak (dantza, futbola, saskibaloia...), eskola -aguntza eta kultur irteerak inguruan barna.

2. sorta hiri-kanpaldietan parte hartzen dutenendako janari-hornidurari eta -banaketari dagokio. Menu osoak eta orekatuak eskainiko dira, eta kanpaldiak egiten diren ikastetxeetan kontsumituko dira. Menuak lehen eta bigarren platerez, postreaz eta ogiaz osatuta egonen dira, eta astero, gutxienez, barazki, pasta, haragi, lekale eta arrain anoa bat izanen dute. Sasoiko produktuen eta ahalik eta elikagai aniztasun handienaren alde egin beharko da, batez ere nutrizio-balio handikoak.

Esleitzeko irizpideak

Eskaerak eta eskaintzak aurkezteko epea lizitazio-iragarkia Nafarroako Kontratazio atarian argitaratu eta gero hasiko da. 1. sortan honako alderdi hauek baloratuko dira, besteak beste: kontratua gauzatzeko proiektua (lan-metodologia edo jardueren aniztasuna eta berrikuntza), gorabehera edo istripuen aurrean aurreikusitako jarduerak, zerbitzuaren jarraipena eta ebaluazioa, langileen balorazioa eta eskaintza ekonomikoa. 2. sortan, besteak beste, honako irizpide hauek kontuan hartuko dira: lan-programa (janarien banaketa eta antolamendua, aniztasuna...), eskaintza ekonomikoa eta jasangarritasun irizpideak.

Hiri-kanpaldi horiek COworkidsek zuzenean Udaleko langileekin batera oporraldietan zehar garatzen duen gainontzeko programazioa osatuko dute, hala nola, Aste Santuko kanpaldia, igerilekuetako kanpaldiak udan zehar eta Gabonetako puzgarri-karpak eta eskulanak.

¿Te ha sido útil esta página?