COVID-19ren krisialdian “irudimentsu, solidario eta altruista” izan diren lau gazte dira protagonista Udalak Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egin duen bideoan

COVID-19ren krisialdian “irudimentsu, solidario eta altruista” izan diren lau gazte dira protagonista Udalak Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatzeko egin duen bideoan
Udalak gazteriak gizarteari egindako ekarpena aitortu eta eskertu du, ziurgabetasuna eta berragertzeak kolektibo horren estigmatizazioa nagusi diren garaietan
Miniatura

Iruñeko Udalak Gazteriaren Nazioarteko Eguna ospatuko du asteazkenean, abuztuak 12, bideo bat argitaratuz, zeinean islatzen baitu COVID-19ren krisialdi sanitarioaren garaietan gazteek gizarteari egin dioten ekarpen handi eta beharrezkoa. Gaur egun kolektibo estigmatizatua da eta berragertzeen jopuntuan daude, baina erakutsi dute nolako egokitzeko gaitasuna eta prestakuntza duten konfinamenduak iraun bitartean pertsona zaurgarriei laguntza emateko.

Amaia Vizmanos, Valentina Holguín, Laida Laso eta Pablo Aragón 17 eta 24 urte bitarteko lau gazte dira, gazteria irudimentsu, altruista eta beharrezko baten ordezkari, krisialdi sanitarioaren eta pandemiaren garaian konpromiso soziala erakutsi dutenak. Lau gazte lanaren, boluntariotzaren eta sormenaren bidez behar dutenei laguntza ematen lortu dutenak; horren ordainetan, lagundu eta entzun dituzten pertsonen esker ona jaso dute.

Udalak editatutako bideoak minutu bateko iraupena du, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak ditu eta Youtubeko kanalean (https://www.youtube.com/ayuntamientodepamplonairunekoudala) eta www.pamplona.es webgunean ikus daiteke. Horretaz gain, Udalaren sare sozialetan ere argitaratuko da, jendeak partekatzeko aukera izan dezan eta gazteriaren beste irudi erreal hau ere zabal dadin, hau da, inguruarekin eta krisialdi sanitarioaren egoerarekin engaiatuta dagoen gazteriarena.

Profil solidarioak

Laida Lasok 17 urte ditu eta DYAko boluntarioa da. Urtarrilean hasi zen eta konfinamendua hasi zenean praktiketan ari zen oraindik. Hala ere, ia egunero joaten zen. Haren eginkizun nagusia zen lantaldearekin zaharren edo behar zutenen etxeetara joatea, eta horiei erosketak egin, edo elikagai-bankuen elikagaiak eramatea behar zutenei.

Amaia Vizmanos 18 urtekoak ‘yoteayudoconlasele’ mugimendua sortu zuen. Instagrameko kontu baten bidez, eta ondoren webgune bat baliatuta, unibertsitate-ikasleen sare bat ehundu zuen USEa prestatzen ari zirenei laguntzeko. Guztira 724 boluntariok egin zuten bat, eta zenbait komunitate autonomotako 6.000 ikaslerengana iritsi ziren.

Valentina Holguínek 23 urte ditu eta saltzaile gisa lanera bueltatu zen Eroskira, bertatik deitu baitzuten Alarma egoerak iraun bitartean. Lanaldi osoan NBE ekipamenduarekin aritzen zen (pantaila, eskularruak, maskara…), oraindik derrigorrezkoa ez bazen ere, herritar guztientzat, maskara erabiltzea. Jendearekin harremanetan egotearen arriskuak eta arropa desinfektatzeko lanak izan ziren bere egunerokotasunaren kezkak.

Pablo Aragónek 24 urte ditu eta Gaztediaren Etxeko Ziber-ikasgelaren arduraduna da, bai eta babes-maskaren fabrikazioa sustatu zuten maker-etako bat ere. Maker-en Telegrameko talde batean sortu zen, beste erkidego batean, ekimen hori, eta ikusi zuten Nafarroan ere egin zitekeela, hemen laguntza emateko. Nafarroako 300 maker inguru dira, 18.000 babes-maskara inguru egin zituzten, eta egin, desinfektatu eta banatu zituzten polizia-kidego ezberdinekin eta SAR Nafarroa GKEarekin elkarlanean.

Gaztediaren Nazioarteko Eguna

1999ko abenduaren 17an Nazio Batuen Batzar Orokorrak Gaztediaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen abuztuaren 12a, Gaztediaren Ministroen Mundu Batzarraren aholkuei jarraituz, zeina aurreko urtean egin baitzen Lisboan (Portugal). Gaztediaren Nazioarteko Egunak balio du kolektibo hori ospatu eta hari ahotsa emateko, haren ekintza eta ekimenei, bereziki nabarmenduta gazteen engaiamendua bizitzan eta prozedura politiko, ekonomiko eta sozialetan.

2020. urte honetan honako lelo hau du egunak: “Gaztediaren konpromisoa munduko ekintzaren alde". Hartara, egunak helburua du gazteek toki, nazio zein mundu mailan hartzen duten konpromiso-moduak nabarmentzea, eta horiek prozesu eta instituzio nazional eta multilateralak zein modutan aberastu ditzaketen. Halaber, xede du identifikatzea nola hobetu daitekeen, erruz, gazteen ordezkaritza eta parte-hartzea erakunde politiko ofizialetan