Claret-Larraona Ikastetxea elikagaiak alferrik galtzearen aurka lanean ari da. Ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 319 adingabeak, haien irakasleek lagunduta, Ikaskuntza eta Zerbitzuko proiektu batean sartu dira, datu bati aurre egiten laguntzeko: urtero, munduan ekoizten den janari guztiaren herena (1.300 milioi tona) zaborrontzietan usteltzen da, eta bitartean, gizateriaren % 8,9k gosea pasatzen du.
Udal-lehiaketako lehen sariaren irabazleak, haien Cocina de reciclaje-comida con fundamento proiektuak ikasleen hurbileneko ingurunean alferrik xahutzen den janariari buruzko datu errealak aztertzea du helburu: ikastetxean, beren etxeetan, eta, are gehiago, ez dute baztertzen haien ekimena auzoko (Iturrama) ostalaritza-establezimenduetara eta elikagai-saltokietara ere zabaltzeko aukera. Alferrik galtzen diren elikagaien azterketa Proclade-Yanapay GKE klaretarraren laguntzarekin egiten ari dira. Erakunde horrek, besteak beste, agroekologian, bidezko merkataritzan, kontsumo arduratsuan eta ekonomia solidarioan lan egiten du. Baina arazoari zifrak jartzen saiatzeaz gain, ikastetxearen proposamena haratago doa, konponbideak bilatu nahi baititu.
Zerbitzua eta Ikaskuntza metodologia pedagogiko bat da; metodologia horrek, ikasleen mailaren arabera, irakasgaien berezko curriculumaren edukien ikaskuntza eta ingurunearen benetako premien azterketa uztartzen ditu, eta gizarteari/komunitateari hura hobetzeko benetako zerbitzu bat emateko proposamenak egiten ditu. Proiektu horietan oso garrantzitsua da ikasleek arazoa aztertzeko eta konponbideak bilatzeko protagonismoa hartzea.
Informazioaren kudeaketa tradizionala eta berritzailea
Birziklatzea eta berrerabiltzea elikadurari aplikatzen ahal zaizkion kontzeptuak direlako ideia oinarri hartuta, ikasleek nagusien informazioa izan nahi dute, hau da, aitona-amonen ezagutzak, figura horiek elikagaiak ahalik eta gehien aprobetxatzeko tradizioarekin (soberakinen sukaldaritzarekin) identifikatzen baitituzte. Horrela, haien aholkuekin, ikasgeletara hurbilduko diren jatetxeetako adituen eskutik, eta beste kultura batzuetako elikadura-jardunbide egokiak ahaztu gabe (informazio tradizional multikulturala), ikasturtean zehar aprobetxamendurako errezeten liburu bat idatzi eta nahi duen ororen eskura jarriko dute. Uda aurretik aurkeztuko dute liburu hori. Aurkezpen-ekitaldian, birziklapenezko sukaldaritza-proposamenen dastatze bat egitea ere aurreikusi da, ahogozoak ere badirela erakusteko.
Baina, mundu digital honetan, ekintza-eremua ere zabaldu nahi dute, informatikako profesionalen laguntzarekin. Esku artean dituzten garapen posibleen artean dago elikagai-saltokien, ostalaritzaren eta bizilagunen artean informazioa partekatzeko aukera emanen duen ‘auzoko’ app bat diseinatzea, horrela, salmenta edo kontsumo faltagatik zabor-edukiontzietara doan janari kopurua gutxitzen saiatzeko eta elikagaien kudeaketa optimizatzeko.
Alderdi horiekin guztiekin, gainera, ikasleek sukaldaritzari, nazioarteko gastronomiari, nutrizioari eta dietetikari, ekologiari eta nekazaritza-ekoizpenari buruzko ezagutzak bereganatuko dituzte. Proposamenaren alderdi soziala desberdintasunari eta pobreziari buruz hausnartzea ere bada. Adibidez, ikasleek gizarte-jantokiak bezalako errealitateak ezagutzea aurreikusi da.
Globalki pentsatu, tokian-tokian jardun
Zeharkako proposamen hori 6tik 12 urtera bitarteko maila guztietako ikasleendako da, eta ikastetxea arazo global bat ulertzen eta ikusarazten ahaleginduko da eta tokian tokiko eremura eramaten, konponbide bideragarriak eta errepikagarriak eman eta hezkuntza-komunitatea ez ezik, haren ingurune hurbilena ere inplikatzeko.
Claret Larraona ikastetxeko proiektua goseari, hazkunde ekonomiko inklusibo eta iraunkorrari, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari eta klimaren aldeko ekintzari buruzko GJHen (Garapen Jasangarrirako Helburuak) barruan kokatzen da. Horrez gain, hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bermatzen du, eta bizitza osoan ikasteko aukerak sustatzen ditu guztiontzat, bai eta generoen arteko berdintasuna eta emakume eta neska guztiak ahalduntzea lortzea ere.
Udal lehiaketaren VII. edizioan saritu den eskola proposamen honen babesa ‘Iruñea Hiri hezitzailea’ lanaren barruan kokatzen da, 30 herrialdetako 486 hirik parte hartzen duten Hiri Hezitzaileen Kartaren erakunde sustatzailea den aldetik. Dokumentu honen oinarrizko kontzeptua da hiriek badituztela bertako biztanleen prestakuntza integrala lortzeko ezaugarriak eta elementuak, eta kideek konpromisoa hartzen dutela hezkuntza- eta gizarte-faktoreak indartzeko gai izanen den hezkuntza-eragile iraunkor eta pluralak izateko.