Civivoxetako ekitaldietarako gonbidapenak aurrez aurre jasotzeko sistema kendu eta orain izena online eman beharko da zentro guztietan, www.pamplonaescultura.es webgunean

Civivoxetako ekitaldietarako gonbidapenak aurrez aurre jasotzeko sistema kendu eta orain izena online eman beharko da zentro guztietan, www.pamplonaescultura.es webgunean
Segurtasun neurri hori COVID-19ari aurre egiteko ezarritako beste batzuei gehitu zaie, eta abian da dagoeneko, herritarrei sarbidea errazteko

 

Iruñeko Udalak Civivox sareko zentroak prestatu ditu aisialdirako eta ikaskuntzarako erreferentziazko eta gertuko gune gisa mantendu daitezen, hiriko auzoetan. COVID-19a hedatzearen kontra ezarritako osasun-segurtasuneko neurriei beste bat gehitu zaie urrian, Udalak izen-emateak online egiteko aukera zabaldu baitu sareak antolatutako jarduera guztietara –orain arte ikastaroetan bakarrik egin zitekeen–.
 

Lehen eguneko ekitaldietarako herritarrek bertaratu behar izaten zuten, jarduera hasi baino 60 minutu lehenagotik, gonbidapenak hartzeko. Hilabete honetatik aurrera hori posiblea izanen da oraindik, baina jada ez da ezinbestekoa izanen. Izan ere, interesdunek www.pamplonaescultura webgunean alta har dezakete, jarduera hasi baino 24 ordu lehenagora arte, eta gero zuzenean ekitaldira joan, betiere kontuan hartuta aretoetara modu mailakatuan sartu eta atera behar dutela.
 

Sistema berri honek beste neurri batzuk indartzen ditu, hala nola eraikinetara sartu aurretik nahitaez eskuak garbitzea eta jarduerak iraun bitartean maskara erabiltzea; aretoetako edukiera murriztea, eta erabil daitezkeen aulkiak berariaz seinalatzea, aurrez desinfektatzen baitira ekitaldi-aretoetan.
 

Une honetan eskuragarri dago jada urrirako Civivoxetako programazioa. Ohi bezala, jarduera ugari biltzen ditu: familiarteko saioak hainbat formatutan, zinema (emakumeei buruzkoa, irisgarritasun unibertsalekoak, zuzendari handien filmak zein zinema fantastikoa), eta musika igandeetako saioetan zein Pablo Sarasateri lotutakoetan. Hilabete honetan ere psikologiari, ekonomia zirkularrari eta kontsumoari buruzko hitzaldiak egonen dira, eta antzerkia (“Mikrostable 2020”), eta ikasgela irekietako programazioak jarraituko du: 3D inpresioko Maker gunea, ikus-entzunezko lanak eta musika Mendillorrin, Milagrosan eta Juslarrochan, hurrenez hurren.
 

Bilatu eta erreserba egin, telematikoki
 

Online erregistratzeko sistema berriari esker, herritarrak ez dute aurrez bertaratu behar nahi duten doako saioko gonbidapena hartzeko, orain ez dutelako fisikoki jaso beharrik. Horrek, gainera, berekin dakar jende gutxiago pilatuko dela eraikinen inguruetan jardueren aurretik.
 

Prozedura berriak sisteman izena ematea eskatzen du, url/esteka baten bidez, non hilabeteko jarduera eta ikastaro guztien zerrenda jasotzen baita. Pantaila horretan bertan, eta “erregistratu” sakatuta, erabiltzaileak datu pertsonalak eta harremanetarakoak bete behar ditu. Argibideak jarraitu ondoren, sistemak mezu elektroniko bat bidaliko dio izena eman duenari, bere erabiltzaile-izena eta pasahitzarekin, era pertsonalizatuan sisteman sartu ahal izateko.
 

Erabiltzaile-izenarekin eta pasahitzarekin sartuta, aplikazio berria pantaila-bilatzaile batera sartuko da, non herritarrak nahi duen jarduera aukeratu dezake, bilatzeko hainbat parametro erabilita: data, jarduera-mota, hizkuntza, nori zuzendua dagoen, etab. Bilaketa egiten duenak interes jakin bat badu eta aurkitu nahi duen jarduera ezagutzen badu, “bilaketa azkarra” dioen barra erabil dezake (pantailaren goiko aldean), saioaren izenburu zehatza edo ziklo osoaren izena idatzita.
 

Kasu guztietan bilaketaren emaitza jarduerari buruzko fitxa bat edo fitxa multzo bat da, non hainbat informazio agertzen baita: ordutegia, agertokia, gomendatuko adina, prezioa eta zenbat toki geratzen diren libre, denbora errealean. Erreserbatzeko prozedura bera da hala ordaindu beharreko saioetarako nola bakarrik gonbidapena eskatzen duten horietarako. “Info gehiago” botoia sakatuta, aplikazioak beste pantaila batera eramanen zaitu, non “eskaera bidali” dezakezun. Behin botoia sakatuta, programak QR kode bat inprimatzeko aukera ematen du, eta hori ere bidaltzen da erabiltzailearen harremanetarako helbide elektronikora.
 

Civivoxean jarduerara sartzeko, kodea inprimatuta edo telefono mugikorrean erakutsi beharko da, besterik ez. Halakorik egin ezin dutenentzako, zentroetako langileek eskuragarri izanen dute ekitaldi bakoitzean izena eman dutenen zerrenda.

¿Te ha sido útil esta página?