Milagrosak irekiko du aste honetan ‘Civivox zurekin’ udako zikloa. Bertan ingurunea hainbat ikuspegitatik ezagutzeko jarduera-sorta proposatzen dira, hala nola argazkilaritza, esperimentazioa eta naturarekin harremana. Horrez gain, ahozko narrazio bat eta euskarazko antzerki-emanaldi bat izanen dira, kalean. Jarduera horiek udan zehar Arrotxapean eta Sanduzelain ere izanen dira. Mendillorrin egitekoak zirenak eten egin dira auzorako prebentzio-neurrien Foru Agindua indarrean dagoen bitartean.
Auzoari argazkiak egitea beste ikuspegi batzuetatik ezagutzeko. Hori da programa honen proposamenetako bat, asteazkenean gauzatuko da, 19:00etatik aurrera, eta gutxi gorabehera bi ordu iraunen du. Argazkien bidez inguruneko hainbat puntutara gerturatzea proposatzen da, ondoren konposizioa eta lerroen eta arkitekturaren arteko konbinazioa aztertzeko. Lantegia doan da eta aurrez kamara erabiltzen dakiten helduei zuzenduta dago. Aldez aurretik izena eman behar da eta aurrez aurre egin daiteke Civivox sareko edozein zentrotan edo, telematikoki, iruñakulturada.es webgunean.
Programa honek Milagrosa ezagutzeko proposatzen duen beste ikuspegietako bat esperimentazioarena da. Ostegunean, 17:30etik aurrera eta 90 minutuz, gutxi gorabehera, lantegi bat egonen da non bi esperimentu eginen baitira, lehenbizi hasierako kolore batzuetatik kolore berriak nola sortzen diren egiaztatzeko, pote batetik bestera egindako bidaiaren bidez, eta, ondoren, ostadar bat osatzeko. Jarduera euskaraz izanen da eta 3 eta 6 urtera bitarteko haurrei zuzenduta dago, heldu batez lagunduak. Familia bakoitzak estera bat eraman beharko du. Doan da, baina aurrez izena eman behar da Civivox sarearen bidez edo iruñakulturada.es-en, jardueraren aurreko egunera bitarte.
Pandemia hedatzea ekiditeko martxan jarri diren segurtasun-neurriak direla-eta, programatutako jarduera guztien kasuan, horiek eginen diren tokira hasiera-ordua baino ordu erdi lehenago joatea gomendatzen da. 6 urtetik gorako guztiek maskara erabili beharko dute nahitaez.
Ezagutu auzoa naturaren bidez
‘Naturarako garaia da, zure auzoak harrituko zaitu!’ izenburupean eta Iruñeko Udaleko Ingurumen Hezkuntzako Museoaren laguntzarekin, ordu eta erdiko lantegi batek proposamena eginen die familiei hurbilen dituzten espazio naturalak ezagutzeko, horiekin kontaktatuz zentzumenen bidez. Kasu honetan, esperientzia 11:00etan abiatuko da, Milagrosako Civivoxeko patiotik, eta bertaratutakoak Nafarroako Unibertsitate Publikoko campuseko lorategian barna gidatuko ditu.
Lantegiak sei urtetik gorako haurrei zuzentzen zaizkie, eta heldu batek lagunduta joan beharko dute. Doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da iruñakulturada.es webgunean edo aurrez aurre, edozein Civivoxetan. Edurne Gerendiain eta Amaia Esparza teknikariek zuzenduko dute dinamika, eta parte-hartzaile bakoitzak zapi bat edo aurpegi-mozorroa eraman beharko du.
Artea kalean auzoa dinamizatzeko
3 eta 7 urte bitarteko neska-mutilek ere ipuin-kontalari batez disfrutatu ahal izanen dute astelehenean, 19:00etan, Milagrosako Civivoxeko patioan. ‘Historias de la saxofonista’-k bi lagunen arteko harremana kontatzen du, eta haien arteko komunikabide bihurtzen den musika-tresna batena. Jarduera doan da eta ordubete inguru iraunen du.
Asteazkenean, eszenatoki horretan bertan, euskarazko antzerkiaren txanda izanen da. ‘Zinemaz blai’-k zinemaren munduan murgiltzen hasten diren hiru artista dibertigarriren istorioa kontatzen du. Jarduera doan da, 3 urtetik gorakoentzat, 19:00etan hasiko da eta, gutxi gorabehera, ordubete iraunen du. Zirika Cirkus taldeak eszenaratuko du lana.
Milagrosa, udarako auzoetan programatu diren jardueren lehen geltokia
‘Civivox zurekin’ programak udarako jarduerak antolatu ditu, aste bakoitzean hiriburuko auzoetako bat ardatz hartuta. Hori horrela, Milagrosan egon ondoren, programa Arrotxapera joanen da, abuztuaren 10eko astean, eta Sanduzelaira, irailaren 7ko astean. Mendillorriko jarduerak egungo egoeraren bilakaeraren arabera eginen dira.
Auzo bakoitzean jarduerek erreferentzia gisa hartuko dituzte inguruneko zenbait puntu esanguratsu, hala nola Mendillorriko aintzira eta Arga ibaiko ingurunea, jarduerak Arrotxapean direnean.