Civivoxek 180 ikastaro eta lantegi eskainiko ditu urritik urtarrilera, aurrez aurrekoak eta onlinekoak uztartuta, eta behin-behineko izen-ematea egiteko epea irailaren 22an hasiko da

Civivoxek 180 ikastaro eta lantegi eskainiko ditu urritik urtarrilera, aurrez aurrekoak eta onlinekoak uztartuta, eta behin-behineko izen-ematea egiteko epea irailaren 22an hasiko da
Guztira 1.906 ikaspostu eskainiko dira, aurrekoetan baino gutxiago, osasun-segurtasuneko neurriak direla-eta



Civivox sareak 2020ko urritik 2021eko urtarrilera doan lauhilekorako 180 ikastaro eta lantegi programatu ditu. Urrian hasiko da Civivoxetako ikastaro eta lantegietako lauhilekoa. Proposamen guztietara behin-behinean izena emateko epea irailaren 22tik 27ra bitarte egonen da zabalik, eta www.pamplonaescultura.es webgunean, 010 herritarrendako informazio-telefonoan edo aurrez aurre, edozein Civivoxetan egin daiteke. Lauhileko honetan, berritasun gisa, aurrez aurrekoez gain, online ikastaroak eskainiko dira, baita modalitate dualean ere: aurrez aurreko eskolak eta birtualak uztartuta.
 

Proposamen guztiek zorrozki jarraituko dituzte COVID-19ari aurre egiteko une oro indarrean diren osasun-segurtasun neurriak, hala espazioen edukieraz zein garbiketaz eta desinfekzioaz bezainbatean nola partaideek bete behar dituzten babes-pertsonaleko neurriei dagokienez (maskarak erabiltzea, gel hidroalkoholikoak, etab.). Ikastaro, lantegi eta bisitetako partaide kopurua beti mugatua izan da, baina oraingoan murriztu egin dira, halako moduan non 5 eta 15 lagun bitarte egoten ahal diren, jardueraren arabera, eta guztira 1.906 toki eskaintzen dira.
 

Tokiak zozketa bidez esleituko dira behin-behinean izena eman dutenen artean irailaren 28an. Posta elektroniko bidez emaitzaren jakinarazpena jaso ondoren, edo Civivox sarean aurrez aurre zein 010ean galdetuta jakin ondoren, matrikula egin beharko dute, irailaren 29tik aurrera, gehienez ere 72 ordutako epean.
 

Kategoriaka antolatuta, herritarren epigrafearen barruan mantentzen dira ‘Errebeldeak eta arriskutsuak zinema eta telesailetan’, ‘Emakumeen ahalduntzea sormena baliatuta’ eta ‘Barazkien hazkuntza ekologikoa’. 9 ikastaro daude ezagutzaren arloan, honakoak nabarmentzen direlarik: zinemaren historia, arte zein musika garaikidera hurbiltzea, Iruñeko artea eta ondarea, emakume idazleak, historia garaikidea eta ibilbide birtualak Iruñeko historian barna. Udalak teknologia berriei buruzko 20 ikastaro eskainiko ditu, arrakala digitala gainditzeko xedez, hala aurrez aurrekoak nola birtualak, baita maker esparruko ikastaroak eta diseinukoak ere, Photoshop erabilita, adibidez.
 

Haur zein familiendako programazioaren barruan aldiz, honakoak nabamentzen dira: robotika ikastaroak, arte plastikoak familiartean, bideojokoen programazioa, zientzia familiartean, musika eta hezkuntza emozionala, animaziorako sarrera, ipuinen sorkuntza eta adierazpen plastikoko ikastaroak jaioberriekin. Sormenaren atalarekin jarraituz, 55 jarduera eginen dira Sarean: argazkigintza ikastaroak, hainbat mailatakoak; musika eta antzerki ikastaroak (gitarra, kaxoi flamenkoa, klown komedia…); chalk Paint, kaligrafia ingelesa, olio-pintura, akuarela, grabatua eta komikien sorkuntza; literatura ikastaroak ere egonen dira eleberri zein poesiari buruz; hainbat diziplinatako dantza ikastaroak; baita Sarearen aurreko programazioetan ohikoak izan diren beste ikastaro batzuk ere (altzariak zaharberritzea, zur-lanak, barrualdeen diseinua, estilismoa eta tendentziak…).
 

Garapen pertsonaleko 78 ikastaro eskaintzen dira sorta osatzeko: sasoian egoteko ikastaroak (yoga, pilates, yogilates, sasoian egoteko zirkuitua, teknika hipopresiboak, bizkar osasuntsua…), sukaldaritza (formatu birtualean), eta norberaren osasuna eta ongizatea lantzekoak (emozioen kudeaketa, erlaxatzeko teknikak eta ariketak, adimen emozionala, gorputz-jarrera zuzentzea…).