Civivox sareko lau erakusketetan ikus daitezke ikasturte honetan antolatutako askotariko arte-lantegietara joan diren 130 pertsonak baino gehiagok egindako lanak

Civivox sareko lau erakusketetan ikus daitezke ikasturte honetan antolatutako askotariko arte-lantegietara joan diren 130 pertsonak baino gehiagok egindako lanak
Adin guztietako ikasleen sormena erakusten duten argazkien, collageen, arte plastikoen eta eskulanen erakusketak dira, besteak beste
Irudia
Irudia
Irudia

3.400 lagunek baino gehiagok parte hartu dute ikasturte honetan Civivox Sarean egin diren arte plastikoetako, artisautzako edo argazkigintzako 45 ikastaroetakoren batean. Eskaintza jende orori zuzendua izan ohi da, eta maiatzean ikasturte-bukaerako erakusketak egiten dira, modu horretan, ikasitakoa eta egindako ahalegina erakutsi ahal izateko. 130 pertsonak baino gehiagok ekarri dituzte beren sorkuntzak Iturramako, Zabalguneko, Sanduzelaiko, Juslarrocha eta Mendillorriko Civivoxetan prestatu diren lau erakusketetara. 

Argazkigintzakoak dira lanik ugarienak, izan ere, 70 parte hartzailek baino gehiagok jarri baitituzte irudiak ikusgai. Zabalguneko eta Sanduzelaiko Civivoxetako erakusketa-guneetan, eta Kondestableko, Zabalguneko, Iturramako, Juslarrochako, Mendillorriko, Milagrosako eta Sanduzelaiko zentroetan, urritik maiatzera eman diren  lantegietan egindako argazkien hautaketa bana dago ikusgai. Paisaiak, erretratuak, konposizioak, Iruñeko txokoak eta beste hainbat argazki ikusteko aukera ematen dute, eta ekainaren 20ra bitarte egonen dira ikusgai. 

Collagea da Civivox sareak sorkuntza artistikoa sustatzeko eskaintzen duen beste proposamenetako bat. Iturramako Civivoxean maiatzaren 20ra arte egonen dira ikusgai Carmen Salgado artistak eta Arte Ederretan lizentziadunak eman duen ikastaroan egindako hainbat sormen-ariketa erakustera ausartu diren zortzi lagunen lanak. Ekainaren 15ean amaituko da Mendillorriko Civivoxak beste arte-lantegi bateko lanekin (sormen-koadernoa) osatutako erakusketa. Azken hilabeteotan 24 ikaslek Idoia Iribertegui diseinatzaile grafiko eta ilustratzailearen laguntzarekin egin dituzten lanak dira.

40 lagun inguruk parte hartu dute maiatzaren 31ra arte Juslarrocha Civivoxean bisitatzen ahal den Gure Lan Berri elkarteak koordinatu eta kudeatutako erakusketan. Ikasturte honetan egindako marrazketa-, pintura-, artisautza-, joskintza- eta zur-lanak biltzen ditu.  Marrazketa- eta pintura-lanei dagokienez, akuarelaz, pastelez, olioz eta arkatzez egindako obrak ikus daitezke, eskoletan lantzen den aberastasun teknikoa eta gaien aniztasuna ikusarazte aldera; joskintza-lanetan joera anitzetako eta adin desberdinendako jantziak jarri dira ikusgai.

Civivox sareak ematen dituen ikastaroekin lotutako erakusketa horiez gain, Iturramako eta Milagrosako zentro zibikoetan elkarteek eta taldeek civivoxetan egiten duten lanarekin lotutako erakusketak prestatu dituzte. Maiatzaren 24ra arte, Iturramako Civivoxean, 2022-2023ko ikasturtean Grisalla Iruña elkarteak, Sofonisba Marrazketa eta Pinturako elkarteak eta Pintana Nafarroako Pinturaren Zaleen elkarteak kudeatutako jardueretan egindako arte plastikoetako lanen erakusketa ikusten ahalko da. Milagrosako Civivoxean maiatzaren 30era arte Santa María la Realeko Emakumeen kolektiboaren multzoko erakusketa eginen da. Bertan, zentro horretan ikasturtean zehar egiten duten lantegian landutako hainbat pintura-estilo egonen dira ikusgai. 
 

¿Te ha sido útil esta página?