
Alde Zaharra, Nafarroako Museoa, Iruñeko Katedrala edo harresi-barrutia dira bere milurteko historiaz harro dagoen hiriaren elementu bereizgarriak. Jakin nahi dutenek zer sekretu gordetzen dituen Iruñeak, eta zein diren haren kale, monumentu eta pertsonaiak, erromatarren garaitik eta aitzinagotik hasi eta XIX. eta XX. mendera arte, izena ematen ahal dute Civivox sareak irailerako proposatu dituen bisita gidatuetan. Izen-ematea bihar, asteartearekin, irekiko da, 2 euroren truke, 010 telefonoan, Civivox zentroetan eta www.pamplonaescultura.es/eu webgunean. Bisitak Aitziber Imizcozek gidatuko ditu.
Lehen bi bisita gidatuak, hots, irailaren 3koa eta 5ekoa, euskaraz izanen dira. Irailaren 3an, asteartearekin, 11:00etan Udaletxe plazatik abiatuta, Iruñearen jatorriei buruz hitz eginen da: baskoien herritik hasi eta erdi aroko burguen sorrera arte. Hirigintzaz eta hiriko gizarte- eta ekonomia-instituzioez ikasiko da, Alde Zaharreko kaleetan barnako ibilbidean. Irailaren 5ean, ostegunarekin, ibilbidea toki beretik abiatuko da, 17:00etan, ordea. Iruñeko jauregietan barna ibiliko da etxe nagusi handiak (jauregiak), hiriaren berriztapena eta XVIII. mendean hirira ura nola iritsi zen ikusteko.
Iruñeko katedralaren ingurua izanen da hurrengo bisita gidatuetako bi proposamenen abiapuntua izateko. Irailaren 10ean, asteartearekin, Iruñeko historiaren 20 mende baino gehiagoko historia jasoko du ibilbideak. Hiriaren jatorriaren berri emanen da, hiria Iruñea zenetik hasi eta Pompaeloren kanpamenduaren kokaleku izan zen garaia arte, baita erdi aroko hiru burgu izatera iritsi zeneko bilakaera eta Iruñeko Erreinuaren jatorria ere. Irailaren 12an, ostegunarekin, helmuga Iruñeko katedrala bera izanen da, bere arkitekturaren eta arte-ondare aberatsaren bidez isilpeko ugari deskubritzeko, mendeetan barna nola eraiki eta garatu zen zuzenean ezagutuz.
Nafarroako Museoa irailaren 17an, asteartearekin, bisitatuko da 11:00etan. Bisita horretan Nafarroako historian barnako ibilbidea eginen da museoko aretoetan, obra hautatu batzuk bisitatuta, baita garai bakoitzari buruzko jakingarriak ere, Erromatartze garaitik hasi eta XX. mendean amaituta. Bi egun geroago, irailaren 19an, asteartearekin, Iruñeko harresien txanda izanen da. 17:00etatik aurrera eta Labriteko bastioitik abiatuta, hiriko barruti gotortuan ibiliko dira bisitariak. Harresi horiek XVI. mendeko Berpizkunde garai betean eraikitzen hasi ziren eta 5 kilometro inguruk irauten dute zutik.
Azken bisita irailaren 26an, ostegunarekin, izanen da eta modernismoak hirian utzi duen aztarna izanen du ardatz. 17:00etatik aurrera eta Udaletxe plazatik abiatuta, Alde Zaharreko zein lehen Zabalguneko eraikuntza esanguratsuenak ezagutuko dira. Izan ere, XIX. mendeak burgesia hasiberria ekarri zuen Iruñera, eta horrekin batera hiria berritu zen, Lehen Zabalgunea sortu baitzen modernismoa bete-betean zabaltzen ari zen garaian.