Civivox sareak herritar ororendako 308 lantegi eta askotariko jarduera proposatu ditu lauhileko honetarako, 4.000 leku baino gehiago eskainita

Civivox sareak herritar ororendako 308 lantegi eta askotariko jarduera proposatu ditu lauhileko honetarako, 4.000 leku baino gehiago eskainita
Irailaren 6tik 11ra irekiko da behin-behinean izena emateko epea, eta, zentroetan aurrez aurre, www.pamplonaescultura.es/eu webgunean, edo 010 telefonoan egin ahal izanen da
civivox


Guztira 308 ikastaro eta lantegi, eta 4.254 leku. Hori da Civivox sareak datorren lauhilekorako, 2023ko urritik 2024ko urtarrilera arte, egin duen eskaintza. Ikastaro eta lantegi horietarako behin-behinean izena emateko epea irailaren 6an (asteazkena) hasiko da, eta irailaren 11 arte (astelehena) iraunen du. Ohikoa denez, behin-behineko izen-emate horiek aurrez aurre egiten ahalko dira civivox zentroetan, 010 – 948 420 100 telefonoan, edo telematikoki www.pamplonaescultura.es/eu webgunean 

Eskainitako ikastaro guztiak aurrez-aurrekoak dira. 308 ikastaro horietatik 64 lauhilekoak dira, hots, urrian hasi eta urtarrilean amaituko dira; beste 244 urte osokoak dira, hau da, lauhileko honetan lekua eskuratzen dutenek, otsailetik maiatzera ere ikastaroan jarraitzeko aukera izanen dute. Lekuak zozketa bidez esleituko dira, irailaren 12an, izena eman dutenen artean, eta egun horretatik aurrera formalizatu beharko dute matrikula, 72 orduko epean gehienez ere. Zozketaren emaitzak posta elektroniko bidez jakinaraziko dira eta aurrez aurre kontsultatzen ahalko dira Civivox zentroetan, edo telefonoz, 010era deituta. 

Civivox sareak eskaintzen dituen lantegi eta ikastaroak mota eta adin guztietako pertsonendako dira. 86 ikastarotan jarduera fisikoa da protagonista, 35etan arte plastikoak, 28 Iturramako bainuetxean eginen dira, 20 dantza-ikastaroak izanen dira, 19 artisautza eta informatikakoak eta beste 17 dastaketa eta sukaldaritzarekin lotuak. Baina horiez gain, arte plastikoetako, ongizate eta osasuneko, zinemako, diseinuko, argazkigintza- eta hizkuntza-ezagutzei buruzkoak eta abar ere izanen dira. Zentroei dagokienez, Iturramako civivoxean 82 ikastaro emanen dira, 47 Kondestablen, 39 Juslarrochan eta Sanduzelain, 36 Zabalguneko Civivoxean, 34 Mendillorrin, 30 Milagrosan eta bat atari zabalean.

Lauhileko honetako berritasunak
Ezagutza berritzaileak ekarri nahirik, Civivox sareak 50 bat ikastaro berri eskainiko ditu, hainbat teknika, arte edo jardueratan sakontzeko. Hybrid training, naad yoga, cardio-tonofit edo xake hezitzaile eta terapeutikoaren moduko proposamenak egin dira jarduera fisikoaren eta ongizatearen arloan. Arte plastikoetan, mandalak eta puntillismoa edo gazteendako sormenezko ilustrazioaren alde apustu egin dute; arte eszenikoetan antzerki-dantzako laborategi bat sortuko da; eta artisautzaren esparruan, besteak beste honako ikastaroak programatu dira: kaligrafia italikoa pintzelakin  eta crochet granny squares.

Sukaldaritzan, besteak beste,honako hauek eginen dira: errezeta berriak atunarekin, hanburgesak, gozogintzako produktuak eta penintsulako plater tradizionalak. Musika gitarra flamenkoaren eta txalapartaren arloan murgilduko da; hizkuntzetan frantsesa eta ingelesa irakasteko eta ikasteko modu berriak izanen dituzte; eta fusio dantzak eta herri-dantzek folklorean eta tokiko eta munduko kulturetan sakonduko dute. Haurrendako nobedaderik ere ez da faltako: sormenezko mugimenduko ikastaroak, collagea edo esperientzia artistiko eta sentsorialak; informatikako eta itzultzaile automatikoekin moldatzeko edo bideoa eta irudiak editatzeko aplikazioei buruzko ikastaroak; eta operaren, zinemako musikaren edo Nafarroako industria-ondarearen historian sakontzeko ikastaroak. 

Arkitektura eta robotika eskolak haurrendako
Datorren ikasturteko beste berritasunetako bat bi ‘eskola’ berri sortzearekin lotuta dago, haurtzaroaren garapena bi eremu oso zehatzetan bultzatzeko: arkitekturan eta robotikan. Arkitektura Eskola Iturramako Civivoxean antolatuko da. Maketak nola sortu landuko da, haurren ikuspegitik aztertuko da hiriko hirigintza eta horren inguruko proposamenak eginen dira. Espazioa, musika eta matematika bezalako gaiak landuko dira, eta sormen-, irudimen- eta garapen-espazio bat sortzeko uztartuko dira.

Robotika Eskola Mendillorriko Civivoxean eginen da, baina ikastaro ‘sateliteak’ izanen ditu beste zentro batzuetan. Saio horien helburua da haurrek teknologia berriak ezagutzea eta haien erabileran trebatzea, robotikan bereziki, horretarako azken belaunaldiko elementuak baliatuz. Horrela, haurrei hain urrun ez dagoen etorkizunerako tresnak emanen dizkiegu, nola funtzionatzen duten ezagutu dezaten eta haien gaitasunak garatzeko aukera izan dezaten. Ikastaro mota horretan irudimena, matematika edo eraikuntza sustatzen dira.
 

¿Te ha sido útil esta página?