Juslarrocha Civivoxak ‘Arrotxapean Kalez kale 2022’ programa proposatu du heldu den asterako. Astelehenetik ostiralera, belaunaldiarteko lantegiak, kalejirak, dantza-masterclassa eta ehoziri- eta patchwork-lanak eginen dira; jarduera guztiak auzoko elkarte eta kolektiboen laguntzarekin antolatuko dira. Jarduera guztiak doan izanen dira, eta aire zabalean eginen dira.
Zikloari hasiera emateko, astelehenean belaunaldiarteko lantegi bat eginen da: lau gazte adineko pertsonen esanetara egonen dira tableten edo telefono mugikorren gisako gailuak erabiltzean izan ohi dituzten arazoak gainditzen laguntzeko. Izen-ematea 010 telefonoan, Civivox sarean edo www.pamplonaescultura.es webgunean egiten ahalko da Arratsaldean berriz eginen da lantegia, 17:00etatik 19:00etara. Berriztu elkartearen laguntzaz eginen dira bi saioak.
Astelehenetik asteazkenera patchwork-teknikak, bainikak edo ehoziri-lanek hartuko dute tokia Juslarrocha Civivoxean; bertan, zenbait lan erakusgai egonen dira eta zuzenean ere eginen dira eskulanak. Jarduera horren helburua da pertsona gehiago animatzea artisau-teknika horiek ezagutzera. Saioak 17:30etik 19:30era eginen dira hiru egunetan, adin guztietarako izanen dira eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte.
Dantza, bideo laburrak eta folklorea
Ostegunerako dantza latindarren eta boogie rock-eko masterclass bat prestatu da Anelier pasealekuan. 18:00etan, Itziar Etxartek eta Alfredo Arozenak hainbat erritmoren pausuak irakatsiko dituzte, besteak beste, saltsa, bachata, merengue, boogie rock eta txa-txa-txarenak. Aire zabalean egiteko adin guztietarako dantzak auzoan arratsalde dibertigarri bat pasatzeko asmoz.
Ostegunean bertan, 19:30ean, ‘Arrotxapeari begira’ bideo laburren lehiaketaren sariak banatuko dira Juslarrocha Civivoxean. Lehiaketarako argitaratu gabeko bideoak eskatu ziren, auzoan eta edozein motatako gailuz grabatuak eta gehienez ere 30 segundokoak. Lehiaketak hiru sari ditu: lehena, 100 eurokoa arte- eta kultura-arloarekin zerikusia duten auzoko dendetarako erosketa-txarteletan eta 50 euroko beste bi, horiek ere erosketa-txarteletan.
Ostiral arratsaldean kalejira multikultural bat eginen da zikloari amaiera emateko. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Juslarrocha Civivoxean elkartzen eta entseatzen duten zenbait talde folkloriko kalera aterako dira auzoan barna musika jotzera era dantzatzera kaleak eta plazak alaitzeko asmoz. Lau tokitan eginen dituzte geldialdiak: Juslarrocha Civivoxean, Nafarroako Margarita plazan, Maiteminduen parkean eta Anelier pasealekuan, haien musikaren, dantzen eta folklorearen erakustaldia egiteko.