Civivox sareak artea eta kultura hurbiltzen ditu Iruñeko auzoetara, doan, zentro bakoitzean eginen diren aldizkako erakusketen bidez

Civivox sareak artea eta kultura hurbiltzen ditu Iruñeko auzoetara, doan, zentro bakoitzean eginen diren aldizkako erakusketen bidez
Hilabete honetan zortzi erakusketa daude programatuta, besteak beste, LKN hiri-artistarena edo ‘Argako Erreginaren’ bizitzaren errepasoa

 

 

Iruñeko Udaleko Civivox zentroetako helburuetako bat da artea eta kultura herritarrengana hurbiltzea, horiek hiriko erdiguneko leku zehatzetan bakarrik kokatuta egon ez daitezen. Horregatik, zentro bakoitzak aldian-aldian programatzen ditu argazki-, pintura- eta marrazketa-erakusketak, eta doan bisitatu daitezke irekiera-ordutegietan. Apirilean zortzi proposamen egonen dira, horien artean Remigia Echarren Iruñeko funanbulista ospetsuaren bizitzan eta lanean egindako ibilbidea, bere heriotzaren mendeurrenean; LKN hiri-artistaren lanik berriena, eta Civivox sarean bertan emandako ikastaro baten ikasleek egindako akuarela-bilduma.

Kondestable Civivoxeko areto gotikoan, datorren apirilaren 16ra arte, ‘Remigia Echarren: Argako Erregina’ erakusketa egonen da, eta Iruñeko funanbulistaren bizitza izan zitekeen horretan zehar egindako ibilbidea erakutsiko du, Carmen kalean haurtzaroa bizi zuenetik Nafarroako hiriburuan hil zen arte. Erakusketa collagea eta fotomuntaketa tekniken bidez izan zitekeena islatzen duten argazkiek eta objektu eta instalazio artistikoek osatzen dute. Hori guztia erakusketa bisitatzen duen orok Remigia Echarren ezagutu dezan, ‘Argako erreginaren’ inguruan bere ideia propioa egin eta haren mitoa bizirik manten dezan, Arga ibaia hamar metroko altueran, unama baten gainean begiak itxita, oinez gurutzatu zuen emakumearen istorioa kontatuz. Halaber, honako hauek izanen dira ikusgai: Madamoiselle Agustini gisa egindako emanaldien kartelak; Remigiak idatzitako gutunak, bere jaioterrian aritzea eskatuz; XIX eta XX. mendeetako Iruñeko argazkiak; hiriaren bilakaera agerian uzten duten planoak, eta garaiko emakumeen eta festetan hiria bisitatzen zuten arte-konpainien jarduera gogora ekartzen duten objektuak.

Ohar historiko horren kontrapuntua zentro berean LKN hiri-artistak jartzen du, zeina Kondestablera iritsi baita bere sormen-ekintzak bide publikoan hasi eta bi urtera bakarrik. Bere lanak arau-urraketa eta polemika bilatzen ditu, eta horrek, aldi berean, bere lana hedatzen laguntzen dio. Oraingoan eskaintzen duen erakusketa bere satirak bide publikoan iraunarazteko modua da, itxuraz iragankorrak izateagatik bereiziko liratekeen lanak. Hala ere, artistak bere lana dokumentatzen du eta horrela, nolabait, finkatzen du. ‘LKN’ erakusketak jatorrizko lanen luma-kartoiez egindako 22 erreprodukzio ditu. Halaber, lan horiek testuinguruan txertatuta agertzen ditu erakusketak; izan ere, erreprodukzio bakoitzaren ondoan lanak instalatu zireneko unearen eta jatorrian txertatu ziren euskarriaren argazkiak erakusten baitira, hala nola paretak eta publizitate-hesiak. Erreprodukzio gehienak bere tamaina orijinalean inprimatu dira, hesiak salbu, zeinak murriztu eta 2,5 x 6 metroko euskarrietan aurkezten baitira.

Civivoxean akuarela-ikastaro bat egitetik, zentroan bere lana erakustera

Esther Regaladok Fermín Alvirak Mendillorriko Civivoxean emandako akuarela-ikastaroan izena eman zuenean, ez zuen irudikatzen urte batzuk geroago bere lana zentro bereko hormetan erakutsiko zuenik. Iruñeko artistak ‘Zeruko eta lurreko ameskeriak’ erakusketan bildu ditu 2018 eta 2020 bitarte egindako akuarelak, eta apirilaren 29ra arte doan ikusten ahalko dituzte haraino joaten direnek, edo, artistak duela urte batzuk egiten zuen moduan, ikastaro edo jardueraren bat egitera doazenek. Irekiera-ordutegia hau da: 09:00etatik 22:00etara astelehenetik ostiralera, eta 09:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan.

‘Munduaksortzen’, haurrendako eta gazteendako arte-sorkuntza hainbat formatutan, Juslarrocha Civivoxean

Juslarrocha Civivoxek ‘Munduaksortzen’ erakusketa kolektiboa proposatzen du, Nuevo Futuro Nafarroako Elkartearen eskutik, apirilaren 20ra arte. Hamarkada batean haurrekin eta nerabeekin egindako lantegien eta sormen artistikoko proiektuen sintesia da. Erakusketa horren bidez, konplexutasunez betetako asalduzko garai hauetan, hausnarketa bat proposatzen dute, sormen artistikoaren, hezkuntzaren eta herritarren arteko harremanen inguruan. Sormen artistikoa euskarri ona da eta bide bat hezkuntza- eta gizarte-espazioetan, ikaskuntza modu eraginkorrean azkartzeko. Era berean, kultur sustapenaren bidez beste pertsonekin konektatu daiteke, modu kooperatiboan pentsatu eta mundua hobe interpretatu. Eta horrela eraldatzeko nahian eta bizitza kolektiboa hobetzeko gogoan heztea.

Erakusketa askotariko formatuetan aurkezten da, besteak beste, kartelak, bideoak, testuak, audioak, horma-irudiak eta eskulturak, eta horien bidez ikusleari gizarteari eta hezkuntzari buruzko hausnarketa helarazi nahi zaio. Ekimen hori Nafarroako Gobernuko ‘EPD Munduaksortzen’ eta Poctefa-INterreg EEGF funtsen ‘MindTheGap’ proiektuen barruan kokatzen da.

Erakusketak estreinatzeko astea Iturramako, Milagrosako eta Zabalguneko Civivoxetan

Iturramako Civivoxak ostegunean inauguratuko du ‘Arkitekturaren hezurduren edertasuna’ erakusketa. Nafarroako Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko Diseinu Graduko arkitekto, irakasle eta ikertzaile den Fernando Molinaren proposamena da, eta espazioaren irudikapena eta interakzioaren bidez ikusleak arkitektura iragankorraren inguruan hausnartzea nahi du. Erakusketa bisitatzen ahalko da maiatzaren 10era bitarte, 09:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 22.00:00etara.

Aste honetan ere Milagrosako eta Zabalguneko zentroek beren instalazioetan bi erakusketa ibiltari jasoko dituzte. Horietako lehenengoan ‘Nafarroa koloretan. Omenaldia Nafarroari’ egonen da, Foru Komunitatearen inguruko erakusketa, Arte eta Desgaitasuneko Atena Fundazioko Musika eta Dantza Eskolako ikasleek egindakoa. Bestalde, Zabalguneko Civivoxak Sare Elkarteak eta Nafarroako Hiesaren Aurkako Nafarroako Batzorde Herritarrak HIESaren aurkako Mundu Eguna dela-eta antolatutako argazki lehiaketaren laugarren ediziora aurkeztutako argazki bilduma jasoko du, 'Gaur inoiz baino gehiago, GIBari oso uztarturik' izenburupean. Bi zentroen irekiera-ordutegia honako hau da: 09:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 22:00etara

¿Te ha sido útil esta página?