Bihar, urtarrilak 8 (asteazkena), hasiko da epea Civivox sareak otsailetik maiatzera bitarteko lauhilekorako eskaintzen dituen 266 ikastaro eta bisita gidatuetan izena emateko. Osotara 4.660 leku jarriko dira herritarren eskura, hartzaile mota guztiei zuzendurik eta askotariko gaien inguruan. Izena aurrez aurre eman daiteke zazpi Civivoxetako edozeinetan (Kondestable, Juslarrotxa, Iturrama, Mendillorri, Zabalgunea, Milagrosa eta Sanduzelai), eta, baita ere, 010 – 948 420 100 telefonoan eta Udalaren www.pamplona.es zein www.pamplonaescultura.es webguneetan.
Ikastaro eta bisiten eskaintza gaikako sei ataletan sailkatu da. Norbanakoaren garapenarena da atalik zabalena, hartzaile ezberdinendako 114 ikastaro dituelarik. Sukaldaritza eta nutrizioko ikastaroak programatu dira (dastatze espezializatuak, sasoiko sukaldaritza merkea, sukaldaritza mexikarra, tailandiarra, beganoa, glutenik gabea, pintxo-sukaldaritza eta abar), norberaren osasuna eta ongizatea lantzekoak, (mindfulnessa, emozioen kudeaketa, hazkunde pertsonala, coachinga, adimen emozionala...), hizkuntzak praktikatzekoak (frantsesa, ingelesa) eta sasoian mantentzekoak (gorputz-jarrera zuzentzea, yoga, total balance-a, zumba gold-a, teknika hipopresiboak...). Sormena izanen da beste 76 ikastaro bilduko dituen atalaren ardatza, hauekin: oihal gaineko serigrafia-jarduerak, urban sketching-a, argazkigintza, Zinemaren 12 hamarkada 12 filmen bidez, dekorazio-diseinuak mugikorrerako eta tableterako aplikazioez, eleberriaren artea eta ohiko prestakuntza ikastaroak, dantzakoak, artisautzakoak, arte plastikoenak, antzerkikoak, musikakoak eta literaturakoak.
Haurrentzat propio 39 ikastaro eskaintzen dira, robotikaren zenbait alderdi jorratu ditzaten, arte plastikoak ingelesez lantzeko, Inventor eta Bitbloq app-etan trebatzeko, zientzian familiartean aritzeko, eta jaioberriekin adierazpen plastikoko ikastaroak, estudio digitaleko lantegia edo haurrendako yoga egiteko. Bestetik, Civivox sareak teknologia berriei buruzko 24 ikastaro eskaintzen ditu, bost bloketan bereizirik (oinarrizko informatika, diseinu grafikoa, ikus-entzunezkoei buruzko maker-ikastaroak, elektronikako eta 3Dkoak eta musika-ekoizpenekoak). Ezagutza-atalari dagokionez 7 ikastaro daude, eta hor azpimarratzeko modukoak dira Donejakue Bideari buruz programatutakoa, munduko zinemaren historiari buruzkoa eta arte garaikidera zein musikara hurbiltzeko ikastaroak. Azkenik, seigarren atala herritarrei dago zuzenduta, Errebeldeak eta arriskutsuak ikastaroaz, Iruñerriko labore-egutegiari zein lurzorua ongarritu eta hobetzeari buruzkoaz eta baratze ekologikoari buruzkoaz.
Laburbilduz, ikastaro eta bisiten ia erdiak –hots, 266tik 124– 18 urtetik gorakoei zuzenduta daude; % 38,7 (hau da, 103) gazteei zuzendurik daude (edo helduei eta gazteei, maker-guneak kasu), eta 39 ikastaro (% 14,6) haurrendako edo familiendako bereziki gomendatutakoak dira.