
‘Civivox zurekin’ datorren astean abiatuko da familiarteko lantegiekin, antzerki-emanaldiekin eta Milagrosako inguru hurbila ezagutzeko jarduerekin. Udan zehar Arrotxapera joanen da baita ere, abuztuaren 10eko astean, eta Sanduzelaira, irailaren 7koan. Eskaintza beste auzo batzuetako jarduerekin eta abuztuan zehar eginen diren atari zabaleko zinema-emanaldiekin osatuko da. Mendillorri ere aurreikusita zegoen programazio honen leku izateko, baina gaur egungo egoera sanitarioak etenda utzi ditu auzo horretarako jarduerak Mendillorrirako prebentzio-neurriak ezartzen dituen Foru Agindua indarrean egon bitartean.
Aste bakoitzean auzo bat izanen da ‘Civivox zurekin’ programazioaren protagonista uda honetan, haur zein familiei zuzendutako askotariko jarduera-proposamenekin. Hori horrela, toki bakoitzean ahozko narrazio bat eta musika zein arte eszenikoekin lotutako proposamen pare bat izanen dira, eta haurrendako lantegiak, gurasoez zein beste heldu batzuez lagunduta.
Auzo bakoitza zenbait ikuspegitatik ezagutzeko proposamenak
‘Civivox zurekin’ programako jardueretako batek ‘auzoarekin esperimentatzeko’ proposamena eginen die auzo bakoitzeko auzotarrei. Lau saio horietako bakoitzak elementu bat edo batzuk izanen ditu ardatz, eta horien bidez ingurunearekiko lotura bilatuko da. Lehen saioa uztailaren 30ean izanen da, ostegunarekin, 17:30ean, Milagrosako Civivoxeko patioan, eta bertan kolorearekin esperimentatuko da; Arrotxapean dentsitatearekiko konexioak aztertuko dira, eta amaitzeko, azken lantegiak, Sanduzelaikoak, figura geometrikoak izanen ditu abiapuntu.
Jarduera-programa honek beste bide bat ere proposatzen du auzoa sakon ezagutarazteko: argazkilaritza. Udako proposamen hauek gauzatuko diren lekuetan helduendako lantegi bat ere antolatuko da, inguruko zenbait punturen argazkiak egiteko. Adolfo Lacunza eta José Luis Pujol argazkilari profesionalak arduratuko dira proposamen honetaz.
Programa honen helburuetako bat ere bada auzo bakoitzeko biztanleengan harridura eragitea, hiri-egituraren barnean dauden espazio naturalei buruzko proposamen baten bidez. Iruñeko Udalaren Ingurumen Hezkuntzako Museoarekin elkarlanean, berdeguneekin lotura bat ezartzea proposatzen da, zentzumenen bidez. Lantegia familiei zuzenduta dago, asteartean hasiko da, 11:00etan, Milagrosan, eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, aurrez aurre, edozein Civivoxetan.
Abuztuan, zinema atari zabalean
Eskaintza honen barruan ere ‘Zinema-gauak’ dago, uda honetan berriz ere filmen proiekzioak eramanen dituena, doan, auzoetako plaza eta toki esanguratsuenetara. Oraingo honetan, kokapenak aukeratzeko orduan zonalde bakoitzeko ezaugarriak aintzat hartu dira, bertaratuek elkarren arteko distantzia errespetatu ahal izateko. Emanaldi guztiak gaueko hamarretan izanen dira, eta eskaintzaren barruan euskarazko zenbait izenburu daude.
‘Civivox zurekin’, 2020ko uda
- Auzokale Milagrosan
Uztailaren 27ko astea
- Auzokale Arrotxapean
Abuztuaren 10eko astea
- Auzokale Sanduzelain
Irailaren 7ko astea
- Zinema-gauak
Abuztuaren 4tik aurrera