César Barriok erakusketa bat aurkeztuko du Ziudadelako Mistoen eraikinean, azala eta haragiaren eta mihisearen artean dagoen paralelismoari buruzko hausnarketa batekin

César Barriok erakusketa bat aurkeztuko du Ziudadelako Mistoen eraikinean, azala eta haragiaren eta mihisearen artean dagoen paralelismoari buruzko hausnarketa batekin
‘Bakarrik ate guztietatik pasatzen den hori’ erakusketa, bereziki pentsatua espazio horretarako, azaroaren 9ra bitarte bisitatu daiteke
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

‘Bakarrik ate guztietatik pasatzen den hori’ da César Barriok Ziudadelako Mistoen eraikinean aurkeztu duen erakusketaren izenburua. Erakusketan ikusgai egonen da artistak azken urtean bereziki gune horretarako egindako obra guztia, eta duela bost urte sortutako sormen-ibilbidearen amaiera da. Autoreak egindako erakusketetan zabalena da, formatu handiko 30 bat piezarekin. Askotariko teknikak erabili ditu, material ezberdinak nahastuz collage ‘eskultopiktoriko’ handiak sortzeko.

Cesar Barriok azaldu bezala “margolaritzaren materialtasunaren inguruko hausnarketa bat da, azala eta haragiaren eta mihisearen artean dagoen paralelismoari buruzkoa. Pintatzeko ekintzaren helburua azal horren barnealdea eta kanpoaldea nahastea da, eta, aldi berean, pinturan mikrokosmosa eta makrokosmosa ere nahastea. Lortzen diren irudiak mikroskopio batekoen antzekoak zein satelite batek bidaltzen dituenen antzekoak izan daitezke”.

Erakusketak dauden bi aretoak baliatzen ditu ispilu-joko bat sortzeko. Lehenengoan, zuri-beltzean, azal horren materialtasuna agertzen da; bigarrenean, berriz, formatu handiko koloredun collage batzuek azalaren atzealdea erakusten dute, koadroaren barnealdeko haragia, pinturaren ifrentzu ezkutua bere sakontasun osoan.

Erakusketarekin batera, honako jarduera hauek barne hartuko dituen kultur programa bat eginen da: egilearen bisita gidatuak, hitzaldiak eta margolaritza, musika eta poesia uztartuko dituen emanaldi bat. Bisita-ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan goizez besterik ez da irekita egonen.

Prestakuntzaz arkitektoa eta bere azken lanak

César Barrio (Oviedo, 1971) Madril eta Lisboa artean bizi eta lan egiten du. Arkitekturan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean, Iruñean bizi izan zen hamalau urtez. Ikastaroak eta hitzaldiak eman ditu irakasle gonbidatu gisa, besteak beste, Iruñeko, Zaragozako eta Toledoko Arkitektura eskoletan, bai eta Arte Ederretako eskoletan ere. 1989an bere lehen erakusketa egin zuenetik bere lanak leku askotan egon dira ikusgai, banakako zein taldekako erakusketetan.

Bere azken proiektuen artean honako hauek daude: "Quatro paredes de agua" (2019) instalazioa, Espainiako Kultur Ekintzarekin eta Lisboako Udalarekin lankidetzan, eta "Rituales del imaginario", Arantzazu Gaur Fundazioarekin Las catedrales de Arantzazu espazioan 2017an egindako egonaldiaren emaitza.

Gainera, aurten Archivos Vola argitaletxean ‘Lo que no se ve’ arteari buruzko saiakera argitaratu du. Iruñeko 2019ko zezen-feriaren kartelaren egilea da. Bere obra hainbat herrialdetako bilduma pribatuetan dago, hala nola, Espainia, Portugal, Italia, Austria, Brasil, Mexiko eta Perún.