Catalina de Oscariz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolako ikasleen lanak hilabete bukaerara arte egonen dira ikusgai Iturramako Civivoxean

Catalina de Oscariz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolako ikasleen lanak hilabete bukaerara arte egonen dira ikusgai Iturramako Civivoxean
Hogei bat ikaslek beren proiektu pertsonalak jarri dituzte ikusgai, teknika librekoak, eta askotariko gaiak jorratu dituzte
Irudia
Irudia
Irudia

Ekainaren 30era arte egonen da ikusgai Iturramako Civivoxean Catalina de Oscariz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolako ikasleen lanen erakusketa. 70 lan inguru ikusteko aukera izanen da, gai ugari eta teknika ezberdinak erabiliz eginak. Proiektu pertsonalak eta marrazketa- eta pintura-trebakuntza lantegian ikasleek lanen formari eta muinari buruz esperimentatzeko aukera izan dute, eta erakusketak ikasleek ikasturte osoan egin duten lana biltzen du.

Hain zuzen ere, ikusgai jarritako lan guztiak aurten lantegian aritu diren 18 ikasleen proiektu pertsonalak dira. Horregatik, erakusketa heterogeneo eta askotarikoa da gaiei eta teknika artistikoei dagokienez. Hala, Iruñeko paisaiak ikus daitezke, baina baita txoriak ere. Beste gai batzuek ideia edo esaldi bat lantzen dute, hala nola “Erregina bat naiz”. Ikasle bakoitzak ikasturtean zehar landutako kezkak islatu ditu mihisean, eta horretarako, helarazi nahi zuten mezura hobekien egokitzen den teknika baliatu dute. Horregatik, ez da harritzekoa askotariko teknikez egindako margolanak izatea erakusketan, besteak beste, akuarela, olio-pintura eta teknika mistoak, baita tekniken arteko nahasketak ere, hala nola akrilikoak eta látexa edo linoleuma eta punta lehorra uztartzen dituztenak.

Ikasturte osoan zehar ikasgelan trebatzen eta lan egiten aritu ondoren, ikasle bakoitzak gustukoen dituen edo haien ahalegina eta bilakaera hobekien irudikatzen dituzten lanak hautatu ditu erakusketarako. Parte-hartzaile bakoitzak egindako lanak seriean antolatzea da helburua, baina obra handia edo konplexua den kasuetan, lan bakarra jarri da ikusgai. 

Proiektu pertsonalak eta marrazketa- eta pintura-trebakuntza urte osoko lantegia ostiralero egin da 17:00etatik 21:00etara, Catalina de Oscariz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolaren eskola-eskaintzaren barruan. Urteak dira prestakuntza-proposamen hori eskaintzen dela, zentroak eskaintzen dituen beste ikastaro eta lantegi batzuen osagarri gisa. Eskolara sartzeko 16 urte baino gehiago behar dira; hala ere, proiektu pertsonalen urte osoko lantegiko ikasle gehienak erretiratuak dira: pinturarekiko jakin-mina dute, eta irakasleen gidaritzapean teknika eta estiloetan sakontzea dute helburu. 

Udal-eskolak 300 toki eskainiko ditu datorren ikasturteko lantegi eta ikastaroetan parte hartzeko. Proiektu pertsonalen urteko lantegian 20 toki eskainiko dira. Gainerakoak, ikastaro monografiko eta hiruhileko eta urteko lantegietan banatuta. Zehatz-mehatz, hauxe da eskolaren eskaintza: urte osoko zortzi ikastaro monografiko, marrazketakoak eta pinturakoak, eta maila bakoitzean –lehen eta bigarren maila– bi ordutegi; horiez gain, hiruhileko sei lantegi eta urte osoko hiru lantegi eskainiko dira. Hiruhileko lantegien artean honako hauek daude: Alla prima olio-pinturaren hastapenak pintura-lantegia eta Grabatu- eta estanpazio-teknikak marrazketa-lantegia, biak ala biak lehen hiruhilekoan. Beste bi lantegi, marrazketa- eta pintura-trebakuntzakoak, urte osokoak dira. Horri guztiari proiektu pertsonalen lantegia gehitu behar zaio.

¿Te ha sido útil esta página?