Gaur arratsaldean berreskuratze eskolak amaitu ondoren, Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak bihar ikasturte berria abiatuko du marrazketa eta pinturako lehenengo eta bigarren mailekin eta hiruhilekoko bi lantegirekin: “Giza irudia”, marrazketakoa; eta “Pastel teknikarako hastapenak”, pinturakoa. Aurten eskolak jarduketari berriro ekin dio birusaren hedapena ekiditeko neurriak abian jarrita.
Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbide Eskolako 2020-2021eko ikasturtea bihartik, urriaren 1etik, ekainaren 22ra arte luzatuko da. Ikastaro bakoitzak astean hamar irakastordu izanen ditu, egunean bi ordu, arratsaldez, astelehenetik ostiralera, honela: marrazketa eta pinturako lehenengo maila, 17:00etatik 19:00ak arte, eta bi modalitateetako bigarren maila, 19:00etatik 21:00ak arte.
Hiruhileko honetan, bestalde, bi hiruhileko lantegi emanen dira eta abenduan amaituko dira, Gabonak hastearekin batera. ‘Giza irudia’ marrazketa lantegia astearte eta ostegunetan emanen da, bi taldetan (17:00etatik 19:00ak arte eta 19:00etatik 21:00ak arte) eta ‘Pastel teknikarako hastapenak’ pintura lantegia astelehen eta asteazkenetan izanen da ordutegi berean.
COVIDari aurre egiteko neurriak espazio seguruak eskaintzeko
Arte eta Lanbideetako Udal Eskolak irail honetan berriz ere eskolak emanen ditu ikasgeletan, izan ere, joan den ikasturtean aurrez aurreko eskolak bertan behera utzi behar izan zituen konfinamendua eta deseskalatzearen faseen ondorengo murrizketak zirela eta. Maskara derrigorrean erabili beharraz gain, betiere zentroan bazaude, gune guztietako higiene- eta aireztatze-neurriak zorroztu dira eta gel hidroalkoholikoko banagailuak instalazioetan banatu dira. Ikasgelak astoen arteko beharrezko tartea zaintzeko berrantolatu dira, eta bertan produktu desinfektatzaileak eskura egonen dira lagun ezberdinek erabili behar dituzten materialak garbitu ahal izateko. Amaitzeko, ikasleei jakinaraziko zaie eskoletara sartzeko eta ateratzeko ordutegiak errespeta ditzatela, gune komunetan talde desberdinak aldi berean elkar ez daitezen.
Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskola XIX. mendeko zentroa da, eta irakaskuntza ez arautuak eskaintzen ditu. Gaur egun, urtean zehar marrazkigintzan eta pinturan trebatzen hasteko eskolak eskaintzen ditu, 16 urtetik gorakoentzat. Egun, ikasgelak Taxoare kalean daude, José Vila ikastetxea izandakoaren instalazioetan.