Catalina de Oscáriz Arte Eskolako akuarela eta erretratu marraztuari buruzko hiru hileko bi lantegietan izena emateko epea abenduaren 13ra arte zabalik egonen da

Catalina de Oscáriz Arte Eskolako akuarela eta erretratu marraztuari buruzko hiru hileko bi lantegietan izena emateko epea abenduaren 13ra arte zabalik egonen da
Izena emateko 010 – 948 420 100 zenbakietara deitu behar da, eta berrikuntza gisa, ikaspostuak zozketa bidez esleituko dira

Asteazken honetan, abenduaren 1ean, Catalina de Oscáriz Arte Eskolak ikasturteko bigarren hiruhilekorako antolatu dituen bi lantegietarako izen-emateak ireki ditu, urtarrila eta martxoa bitarte eginen direnak. Akuarela eta erretratu marraztuari buruzko lantegiak dira, eta interesa duen orok izena eman dezake 010 edo 948 948420100 telefonoetara deituta. Epea abenduaren 13an amaituko da, eta berrikuntza gisa, ikaspostuak zozketa bidez adjudikatuko dira.

‘Akuarelarako hastapenak’ pintura-lantegia urtarriletik martxora bitarte garatuko da, bi taldetan, astelehen eta asteazkenetan, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara. Akuarelaren erabilerari buruzko oinarrizko ezagutzak eta teknikak irakatsiko dira, honako hauei buruzko prestakuntza eta praktikekin: tinta lauak, histuak, itzaltzeak, hezea hezearen gainean, hezea lehorraren gainean...

Astearte eta ostegunetan, arratsaldeko ordutegi berean eta bi taldetan banatuta, 17:00etatik 19:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, ‘Erretratu marraztua’ izeneko marrazketa-lantegia eskainiko da. Besteak beste, giza aurpegiaren proportzioa, neurriak eta irudikapena landuko dira, erretratu unibertsalak, eskaiola-ereduak, eta naturaletik hartutako modeloak aztertuz eta kopiatuz. Grafitoa, ikatz-ziria edo sanginak bezalako materialak erabiliko dira, besteak beste.

Behin izena emateko epea amaitutakoan, abenduaren 15ean izena eman dutenen zerrendak berrikusiko dira, eta ikaspostuen zozketa egin eta matrikulazioari buruzko informazioa duten SMSak bidaliko dira. Abenduaren 16tik 22ra, adjudikaziodunek ikaspostuak berretsi eta matrikula ordaindu beharko dute lantegietan izena emateko.

 

¿Te ha sido útil esta página?