Catalina de Oscáriz Arte Eskolak ikasturte honetako aurrez aurreko eskolak behin betiko eten ditu, eta onlineko prestakuntzarekin jarraituko du ekainaren 19ra arte

Catalina de Oscáriz Arte Eskolak ikasturte honetako aurrez aurreko eskolak behin betiko eten ditu, eta onlineko prestakuntzarekin jarraituko du ekainaren 19ra arte
Ikasleek geletan duten materiala hartzen ahalko dute, ikasmailen arabera, aurrez ezarritako egun eta ordutegi jakin batzuetan

escuela de arte

Catalina de Oscáriz Arte Eskolako ikasleak ez dira ikasgeletara itzuliko ikasturte honetan.  Iruñeko Udalak eta ikastetxeak amaitutzat eman dituzte 2019-2020ko aurrez aurreko eskolak. Aurrez-aurreko eskolak amaituta ere, onlineko prestakuntzak ekainaren 19ra arte jarraituko du eskolaren Facebook-en eta www.pamplona.es udal-webgunean.
 

Ikastetxeak ordutegi jakin batzuk ezarri ditu ikasleak klaseak eten zirenean geletan utzi zuten materiala jasotzera hurbil daitezen. Ikasmailen arabera erabaki da zein egun eta ordutan sartu ahal izanen diren eskolan: Marrazketako 1. eta 2. mailako ikasleak maiatzaren 20an eta 27an, asteazkenarekin; Pinturako 1. eta 2. mailako ikasleak maiatzaren 21 eta 28an, ostegunarekin; eta lantegietako ikasleak maiatzaren 22 eta 29an, ostiralarekin. Ordutegia honako hau izanen da egun guztietan: 11:00etatik 13:00etara goizean, eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldean. Eskolak iragarri du 2020-21eko ikasturteko programazioa lantzen hasi direla dagoeneko, haien asmoa artearen ezagutza eta prestakuntza artistikoa ematen jarraitzea baita.
 

Joan den apirilaz geroztik, Arte Eskolako ikasleek ikasketak telematikoki jarraitzeko aukera dute. Ikastetxeko irakasleek tutorial sorta bat prestatu dute zenbait edukiri buruz eta aldian-aldian igotzen dituzte eskolaren Facebook-eko (www.facebook.com/escuelacatalinadeoscariz/ webgunera, onlineko gela gisara baliatzeko. Tutorial horiek aurrerago ere ikus daitezke eskolaren www.pamplona.es/escueladearte webgunean, ikasleek eginiko lanen erakusketa birtualarekin batera.
 

Irakaskuntza-proposamenak formatu bat baino gehiagotan aurkezten dira, dela iruditan (PDF edo JPG) dela bideo moduan. Azken horiek 3 minututik 20ra bitarteko iraupena izan ohi dute, bakoitzean jorratzen den gaiaren arabera, eta eduki teorikoa nola praktikoa izaten dute. Horiez gain, astekako erronkak ere prestatu dira, interesa dutenek artearen historia ikertu eta araka dezaten eta artearen historiara gehiago hurbil daitezen.

¿Te ha sido útil esta página?