Carmen Baroja Nessi kaleko oinezkoen pasabideak badu bere berdegunea Rochapea eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako ikasleek landatu ostean

Carmen Baroja Nessi kaleko oinezkoen pasabideak badu bere berdegunea Rochapea eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako ikasleek landatu ostean
Hirigintzako kideek tokian bertan ezagutu dute iragazkortasuna handitzea eta drainatze jasangarria uztartzen dituen esku-hartzea
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak oinezkoen pasabideen inguruak eremu seguruago bilakatzeko ekimen bat abiatu zuen oinezkoendako guneak eta berdeguneak sortuz eta hirigintza eta ingurumen baldintzak hobetuz. Gaur goizean Hirigintza Batzordeko eta Gerentziako kideek Carmen Baroja Nessi kaleko oinezkoen pasabidea bisitatu dute, zeina diseinu berri horrekin berritu baita, Rochapea HLHIP eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako ikasleek egin duten landare-elementuen landaketarekin bat eginez.

Oinezkoen pasabideen diseinu berriekin espazioa Mugikortasuneko Ordenantzara egokitu da, zeinak ezartzen baitu oinezkoen pasabideen aurreko bost metroetan dauden aparkalekuak eta gainontzeko elementuak kendu behar direla, oinezkoen bidegurutzeetan segurtasuna bermatze aldera. Horregatik kentzen ari dira, adibidez, ibilgailuak aparkatzeko plazak, hondakinen edukiontziak eta autobus- edo taxi-geralekuak, eta horien ordez libre gelditzen den espazio publiko hori hobetzen duten esku-hartzeak egiten dira.

Baroja Nessi kalean oinezkoendako pasabide iragazkor bat eraiki da. Kontzeptu horrek barne hartzen du, alde batetik, oinezkoen baldintzak hobetzea, eta bestalde, drainatze-sistema jasangarri bat ezartzea eta uharte berde txikiak sortzea.

Oinezkoen baldintzak hobetu, ibilgailuen pasabidea estutu eta oinezkoen pasabidea goratu da

Baroja Nessi kaleko pasabide jakin horretan, pasabideko ibiak aurreratu dira, eta oinezkoek eta ibilgailuek partekatu behar duten espazioaren luzera nabarmen murriztu da. Gainera, pasabide goratu bat sortu da, zeinaren bidez kotxeek malda bat gainditu behar baitute, eta horri esker gidariek oinez doazen pertsonei dagokien gune batean sartzen diren sentsazioa dute, eta kotxeen abiadura murrizteko osagai bat ere bada, beraz, 30 km/h-ko abiadura-muga betetzea eragiten du.

Pasabidearen bi aldeetan ibilgailuak aparkatzera bideratutako guneak kendu dira, eta drainatze-jasangarriko sistema bat eratzen duten zintarriek zedarritutako lorategi batzuk sortu dira. Lorategi horiek oinezkoen segurtasuna handitzen dute, pasabidearen aurretik ibilgailuak aparkatzea ekiditen dutelako, eta horrek gidari-oinezkoen ikusgaitasuna hobetzen duelako. Gainera, auzi hori Mugikortasuneko Ordenantzan jasota dago.

Drainatze jasangarria eta berdeguneak sortzea

Drainatze-jasangarriko sistema horrek oinarrizko hiru helburu hauek ditu: alde batetik, euri-urak jatorrian tratatzea, eta horrela ur horiek eramaten dituzten substantzia kutsatzaileak ez dira ur-ibilguetara heltzen; beste aldetik, euri-urak lur-eremu naturalean infiltratzea ahalbidetzea, akuiferoak betez eta hiri-espazioetako iragazgaiztearen ondorioak ahalik eta gehien gutxituz, tenperatura igotzearen ondorioz giroa berotzen laguntzen baitute; eta, azkenik, ekiditea euri-jasa bortitzetan ura azaletik joatea, hustubideetan hustu gabe, eta saihestea uholdeak baino lehenagoko isurketa orokortzea.

Baroja Nessi kaleko drainatze-jasangarriko sistema, kasu honetan, iragazpen-biltegiak dira, honela osatuak: lurzoruan bertan 1,5 metro baino gehiagoko sakonera duen ontzi bat zulatu da, haren alboetako hormak iragazgaiztu dira, eta sakonago dagoen metroa geotestilez babestutako kareharri-legarrez bete da, eta goialdea, landare-lurraz. Euri-urak zintarrietako erretenetik doaz, drainatze-sisteman sartuz, eta ur hori legarren ontzian biltzen da euria ari duenean eta lur-eremu naturalera iragazten da.

Era berean, mota horretako sistemek atmosferaren kutsadura gutxitzea ahalbidetzen dute eta galtzadako gune bat birnaturalizatzen dute, itzala hobetzen eta bero-uharteak murrizten lagunduz, eta hiriko hegaztiei aterpea eta janaria emanez.

Ikasleek landareak aukeratu dituzte jasangarritasunari buruz ikasten zuten bitartean

Landaketaren aurretik Rochapea eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako zortzi taldek udal-teknikariek emandako hiri-jasangarritasunaren, espazio publikoaren eraldaketaren eta klima-aldaketaren inguruko lantegietan parte hartu dute. Lorezaintzako Lantegi Eskolak egin ditu landaketaren aurretik lurra prestatzeko lanak.

Zehazki Rochapea ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako 3 talde eta La Compasión-Escolapios ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 4. mailako 5 talde izan dira. Ikasleek lorategien diseinuan eta 221 landareen hautaketan parte artu dute, teknikari adituen iritzia kontuan hartuta. Landareak bertako mintegi batean ekoiztu dira, eta horrek proiektuaren karbono-aztarna txikiagoa izatea dakar. Aldi berean, gaur egun zolatuta dauden guneak ‘birnaturalizatzeak’ duen garrantzia ikasi dute, bioaniztasunari, bero-irlaren efektuaren murrizketari eta drainatze jasangarriari lotutako abantailekin. Lorategi horietan landatuko diren landare-espezieek Iruñeko eguraldiarekiko egokitasun-maila altua izanen dute.

Arrotxapeko puntu horretako esku-hartzea egiteko aurrekontua 31.000 eurokoa izan da, eta horietatik 25.000 euro Nafarroko Gobernuak finantzatu ditu hirigintza berritzaileko esku -hartzeei zuzendutako dirulaguntza baten bidez. Isurpen gabeko joan-etorri aktiboak sustatzera eta hiri-ingurunea klima-aldaketara egokitzera bideratutako ekintza guztiak ‘Go Green Iruña’ energia trantsizio eta klima aldaketarako estrategiaren baitan daude, baita Iruñeko Hiri Agenda – 2030ean ere, zeinaren lehenengo xede estrategikoa “Iruña berdea eta klimarekin engaiatua” baita, “mugikortasun jasangarri, osasungarri eta inklusiboa” izanik lehentasunezko ildo estrategikoa.

¿Te ha sido útil esta página?