‘365 egun’ da gaur hasi eta apirilaren 7ra arte Ziudadelako Bolborategian zabalik egonen den erakusketaren izena. Carmelo Astrain Ulibarrena marrazkilariak erronka pertsonal bat planteatu zuen 2023an: egunero marrazki bat egitea. Sormena eguneroko ekoizpenaren esanetara jartzeko ahalegin kontzientea, pertsona baten urte osoko errealitatea islatzeko. Gaur goizean, egileak erakusketa aurkeztu du, Iñigo Gomez Eguíluz Iruñeko Udaleko Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariarekin batera.
Erakutsitako marrazkiak xehetasun eta intentsitate handiagoko edo txikiagoko laminak dira, zirriborroak betiere, nahiz eta ezaugarri horrek ez dituen beste ezer prestatzeko proiektu bihurtzen. Marrazkiak monokromoak dira, eta horietan egileak bere pentsamenduak gauzatzea lortzen du, sorrarazi zuen ideiaren sakontasuna edozein dela ere, ukiezina den zerbaiten irudikapen grafikoa lortuz. Astrainek horri bere lorategi metaforikoetan murgiltzea deitzen dio, artelan txikiak abiarazi eta laster behatzera gelditzen denarekin partekatzeko.
Marrazki bakoitzak egilearen eguneroko esperientziaren kontakizun bisual bat irudikatzen du, edertasunaren eta edertasuna adierazteko teknika berrien etengabeko bilaketa batean. Bolborategian ikusgai dauden laminek artearen eta eguneroko bizitzaren arteko harreman sakonaren berri ematen dute, eta oraintsuko historia irudikatzen dute, batez ere azken urtekoa, ikuspuntu kritiko batetik. Egilearen ustez, gaur egungo garaiak zorabiatu eta gogoeta zapuzten duten irudi, ideia eta lekukotasunen etengabeko bonbardaketa bizi dugu.
‘365 egun’ erakusketa nahieran ikusten ahal da asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.